Partida baten aurretik, zer eta nola gerta daitekeen aztertu behar izaten da. Besteak beste, taldeen ezaugarriak hartu behar kontuan horretarako; baita bakoitzaren ibilbidea ere; ezin ahaztu, jakina, jokalariak. Ipuruan gaur eguerdian jokatuko dute Eibarrek eta Rayok, eta, zer eta nola gerta daitekeen pentsatzen hasita, beste pare bat aldagai ere kontuan hartu beharko dira.
Eguraldiak egun hauetan daukan traza da bat. Hego haize zakarra dabil bazterretan, eta edozeini edozer aldarazteko arriskua dauka. Eguerdia izanik, bero antzekoa izan daiteke tenperatura, eta ez da lagun ona izaten futbolean jokatzeko. Are gutxiago, zakar jotzen badu haizeak. Beste aldagai arriskutsua Rayo bera da. Futboleko hego haizea. Edozein astora dezake bere jokoarekin.
Gauza bat du ona, baina, Paco Jemezen taldeak: beti berdin jokatzen saiatzen da. Baloia izatea gustatzen zaio, atzetik aurrera zelaiaren gainean pase motzen bidez baloia mugitzea du oinarrian. Zer egingo duen aldez aurretik jakitea ona da aurkarientzat. Ondo esan zuen Jose Luis Mendilibarrek ostiralean: «Ez badiegu uzten jokoa sortzen, ondo estutzen badugu, gaizki ibiliko dira».
Eibar honen ezaugarri onenetako bat presio egitearena izanik, partida bere aldera eramateko aukera handitu egingo zaio ondo egiten badu lan hori. Bestela, kontrakoa pasatuko zaio. «Gainditzen badute gure presioa, arazoak sortuko dizkigute».
Nahiko garbi dago partida irekia izango dela. Bi taldeak ausartak direlako, erasoa defentsako lanaren gainetik edo neurri berean jartzen dutelako. Aurreko sasoian, bi taldeek elkarren aurka jokatu zituzten bi partidak aztertu besterik ez dago. Vallecasen, joan-etorriko lehia bilakatu zen bigarren zatia, eta ireki egin zen zeharo lehia. Eibarrek 2-3 irabazi zuen. Ipuruan, gero, Rayo gai izan zen bere ohiko jokoaren bidez Eibar azpiratzeko, eta irabazi egin zuen (1-2). Bi lehia horietako ezaugarri guztiak azaltzeko aukera dago gaur. Horregatik, zail da asmatzea zer gerta daitekeen. Begiak ondo irekia joan dadila zalea, edozer ikusteko prest.
Garaipen bakarra etxean
Desiratzen egongo da etxeko zalea taldea irabazten ikusteko. Bi hilabete luze joan baitira Eibarrek etxean irabazi zuenetik. Athletic menderatu zuenetik, hain zuzen. Harrezkero, berdindu egin du Celta eta Sevillarekin, eta galdu Atletico Madrilen kontra. Hamahiru puntu ditu, eta bost baino ez ditu batu Ipurua berrituan.
Gaurko erabiliko ahalko dituen jokalariei dagokienez, Mendilibarrek Adrianen hutsunea izango du berriz, eta baita Ramisena ere; Luna ere kanpoan utzi du, minak osatuta eduki arren. Buruko min handiena, ordea, Dani Garciak eta Verdik ematen diote, biak minez ibili baitira; ikusi egin behar jokatzeko moduan diren edo ez. Zumarragako erdilariaren lana oso garrantzitsua da, eta eginahalak eta bi egingo dituzte denen artean zelaian egon dadin. Biak osatzen badira, Mendilibarrek Bartzelonaren zelaian atera zuen hamaikako bera aterako du.
Rayoren kasuan, sailkapenean Eibarretik urrun da lekuari begiratzen bazaio —zazpigarren etxekoak, hamalaugarren kanpokoak—. Baina puntuetan, hiru gehiago baino ez dauzka Eibarrek. Etxetik at, Rayok bakarra irabazi du, eta hiru galdu. 11 gol sartu dizkiote, horietatik bost Bartzelonak. Bolada txarrik berriro ez izatea litzateke berri onena Eibarrentzat. Baina kontuz Rayorekin, eta erne hego haizearekin.
EIBAR-RAYO VALLECANO
Eibar. Riesgo; Capa, Mauro, Pantic, Junca; Dani Garcia, Escalante, Verdi; Keko, Borja Baston, eta Inui.
Rayo Vallecano. Toño; Tito, Llorente, Ze Castro, Rat; Trashorras, Baena, Jozabed; Ebert, Javi Guerra, eta Bebe.
Epailea. Alvarez Izquierdo.
Lekua. Ipurua (6.200 ikusle).
Ordua. 12:00 (C+Liga).
Hego haizea, eta Rayo
Eibarrek Ipuruako bigarren garaipena lortu nahi du gaur eguerdian Rayoren aurka.Taldeen ezaugarriengatik, irekia izan daiteke lehia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu