Helburu ezberdinak, gogo berbera

Bera Berak eta Beti Onak-ek denboraldiko lehen derbia jokatuko dute gaur, Gaskan. Bi taldeek irabazi egin dute azken jardunaldian

Bera Berako eta Beti Onak taldeko jokalariak, lehian, aurreko sasoian Gaskan jokatutako derbian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Derbiak ez dira ohiko neurketak bezalakoak. Halako lehia dagoen partidetan, kirol arloak ez ezik, beste hainbat faktorek ere badute garrantzia. Gaur, Bera Berak eta Beti Onak taldeak denboraldiko aurreneko derbia jokatuko dute, Donostiako Gaska kiroldegian (18:00). Sailkapenean ez daude elkarrengandik oso gertu, baina pistan dena parekatuko da. Gainera, bolada onean daude biak ala biak.

Astebeteko etenaldia izan da ligan, baina etenaldia baliatu dute biek adiskidantzazko neurketa bat jokatzeko Frantziako selekzioko gazteen taldearen aurka. Beraz, prest dira berriz lehiari ekiteko. Jokatu diren sei jardunaldietan hamar puntu bilduta, donostiarrak hirugarren dira. Baina aurreneko bi taldeek(Valladolid eta Elx) eta laugarrenak ere, Malagak, beste hainbeste puntu dituzte. Imanol Alvarezenek neurketa bakarra galdu dute, Malagaren pabiloian, eta konfiantzaz gainezka dira. Aurreko denboraldian txapelketako finaletik kanpo utzi zituen Elxek, eta haren kantxan irabazi berri dute orain;ez nolanahiko emaitzarekin, gainera: 22-32.

Atarrabiakoek liga oso indartsu hasi zuten aurreko sasoian, euren debut urtean. Lehenengo lau neurketetatik hiru irabazi zituzten, eta asko eta asko zur eta lur utzi. Baina, gero, behera egin zuten. Azkenerako, kosta egin zitzaien mailari eustea. Denboraldi honetan, apalxeago hasi dute sasoia. Halere, bide onetik doaz. Bi neurketa irabazi dituzte, biak ere etxean: aurrenekoa Guardesen aurka, eta, azkena, berriz, Gijonen kontra. Azken horretan, gainera, azken minutuan gola sartuta gailendu ziren: 26-25. Etxetik kanpo oraindik ez dute punturik bildu. Bederatzigarren daude sailkapenean.

Bera Bera faborito

Eskarmentua eta maila kontuan hartuta, askorentzat donostiarrak dira bi puntuak erdiesteko hautagai nagusiak. Aurreko denboraldiko bi neurketetan, gainera, alde handiarekin gailendu ziren Imanol Alvarezenak. Atarrabian 25-34 nagusitu ziren, eta Gaskan, 33-19. Denboraldiaurrean jokatu zuten azken aldiz elkarren kontra, Egiako Nazioarteko Txapelketan, orain dela bi hilabete eskas. Gipuzkoarrek irabazi egin zieten nafarrei, 33-23.

Partida «berezia» izango da Lyndie Tchaptchet Bera Berako jokalariarentzat. Beti Onak taldetik iritsi da Donostiara, aurten. Nafarrak ondo ezagutzen du bere talde izandakoa. «Oso talde indartsua da Beti Onak, eta baliteke ezustekoa ematea. Defentsa ona dute, eta gol gutxi sartzen dizkiete. Baina bi puntuak etxean gelditu daitezen ahaleginduko gara».

Asobal ligan, Bidasoak seigarrenez jarraian irabazi nahi du gaur, etxean. Irundarrek Navaren aurka neurtuko dituzte indarrak(17:30, La Liga Plus).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.