Javier Labairu. Anaitasunako eskubaloi saileko arduraduna

«Helburua bete dugu jada, orain gozatzeko garaia iritsi zaigu»

«Gozatzen» ari da Javier Labairu Anaitasuna egiten ari denarekin. Ez da harritzekoa, mailari eustea zuen xede, eta zazpigarren da.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2013ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Nahikoa da Javier Labairurekin (Iruñea, 1962) segundo bakar batzuk hitz egitea Anaitasuna orain arte egin duenaz «harro» dagoela jabetzeko. Ilusioa helarazten du erantzun bakoitzean, «ilusioz» ari delako bizitzen taldearen bidea.

Zer sentitzen da Asobal ligako sailkapenari erreparatu eta Anaitasuna zazpigarren dela ikusita?

Harrotasun handia. Baina oinak lurrean ditugu. Gure lanari esker lortutako postua da, baina oraindik asko falta da. Asobal ligan jokatzea ametsa baldin bazen, zer esan zeure burua zazpigarren postuan ikustea. Halere, borrokatzen jarraitu behar dugu.

Egia esan. Espero zenuten hain postu onean egotea?

Ez, baina merezitako postua da. Hori bai, aitortu behar dugu Asobal liga ez dela lehengo lehiaketa indartsua. Krisiak gogor jo du, eta, horren ondorioz, dezente jaitsi da ligaren maila. Lehen, liga indartsuenetakoa zen, eta han jokatzen zuten onenek. Egun, ordea, ez dago liga indartsuenen artean. Talde apal gehiago daude, eta mailak behera egin du.

Zein da Anaitasunaren sekretua?

Lana, ez dago besterik. Eta gero, Anaitasuna talde bat dela, ez jokalari multzo bat. Ez dago izarrik, besteen gainetik nabarmentzen den jokalaririk. Hamaika aldaketa egin ditzakegu, eta pistan ez nabaritu. Beste talde batzuk nahiago izan dute zazpiko indartsu bat osatu, eta gero haien laguntzaile izan daitezkeen jokalariak izan. Guk, ordea, gorabeherarik gabeko jokalari multzo baten alde egin dugu, eta oraingoz apustu horrek fruitua eman du. Horretan, hala ere, zerikusi handia du jokalariek orain arte egindako lan bikaina.

Beste urtebetez Asobal ligan jokatzea ia ziurtatu ostean, zein da helburua orain? Europa?

Ez dut horretan pentsatu nahi. Egunerokoan izan behar dugu burua, lehenbizi Port Sagunten aurkako partidan, gero Cangasen aurkakoan... eta horrela partidaz partida joan. Helburua bete dugu jada, orain gozatzeko unea iritsi zaigu.

Aurreko sasoian 12. izan zineten. Ustekabekorik ezean, postu hori hobetuko duzue.

Bai, helburua ez da aurreko sasoikoa hobetzea, noraino irits gaitezkeen ikustea baizik. Ez diogu mugarik jartzen geure buruari.

Taldearen lan ona ez ezik, klubarena ere hortxe dago. Bulegoko lanak ere fruitua eman du.

Talde batek ondo funtziona dezan, ezinbestekoa da kluba osatzen duten mailatan zulorik ez egotea. Zuzendaritzako kideok gure lana egiten ari gara, aurreikuspenak betetzen, eta gure jokalariak ondo tratatzen. Klub hau osatzen dugunok egunero begietara zintzo begira gaitezen ari gara lanean.

Taldeko kideei urtebeteko kontratua eskaintzeko ohitura duzue. Beraz, aurki hasi beharko duzue horretan lanean, jada hasi ez bazarete.

Hasi gara bai. Aurten, hala ere, pixka bat gehiago itxaron beharko dugu, Nafarroako Gobernuak oraindik ez baitu zehaztu zenbateko diru laguntza emango digun. Hori jakitean hasiko gara burubelarri.

Sasoi honetako oinarriari eustea da helburua?

Bai, baina ezer gutxi egin dezakegu zenbat diru izango dugun jakin arte. Asmoa taldearen oinarriari eustea da, betiere ekonomikoki eutsi ahal izanez gero. Orain arteko diru laguntzei eutsiz gero, uste dut lortuko dugula taldearen oinarriari eustea, entrenatzailearengandik hasita.

Helvetia Aseguru-Etxea da zuen babesle nagusia, eta hala izango da gutxienez beste bi urtez.

Helvetiak gurekin jarraitu nahi izatea da gure fitxaketarik onena, eta izugarri eskertzen diogu gure alde egin izana. Hura da gure babesle nagusia, baina ezin ditugu ahaztu diruz laguntzen diguten beste hamaika babesle txiki.

Bi urterako babesa, 2.500 bazkide, 2.000 ikusle partidako, zazpigarrenak sailkapenean. Eredu zarete?

Ez dakit, baina zorionekoak gara izugarrizko babesa dugulako, ez bakarrik eskubaloi sailak, Anaitasunak dituen beste bi sailek ere, saskibaloiak eta areto futbolak ere jende ugari erakartzen dute.

Taldearen erdia etxeko jokalariz osatutakoa izateak ere izango du zerikusirik horretan.

Guk uste dugu hori dela bidea, harrobiari garrantzia ematea, taldearen gehiengoa etxeko jokalariz osatutakoa izatea. Krisiak Asobal liga berriz aztertzera bultzatzen gaitu. Ekonomikoki bere zutabeetan oinarritu daitekeenak iraungo du. Guk beti izan dugu oso argi harrobia dela gure zutabe nagusia, eta orduko apustu hori fruitua ematen ari da. Eta espero dugu etorkizunean ere ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.