Nekane Arzallus. Retabet.es Gipuzkoa Basketeko presidentea

«Helburua da soldatak hilero ordaintzea, lasai lan egiteko»

Kargua hartu eta bi astera lortu du Gipuzkoa Basketek Retabetekin bi urterako babes akordioa. Orain, egonkortasun ekonomikoa bermatu duenean, taldearen etorkizuna argiago ikusten du presidenteak.

Donostia
2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Indartsu iritsi da Nekane Arzallus (Astigarraga, Gipuzkoa, 1965) postu berrira. Bi aste eskas igaro dira Gipuzkoa Basketen presidente kargua hartu zuenetik, eta dagoeneko lortu du lehen arrakasta: Retabet apustu etxearekin bi denboraldirako babes akordioa sinatu du.

Irribarrea ezpainetatik kendu gabe, lanerako gogoa soberan duela nabari zaio. Diru sarrerak egoera asko lasaitu du, eta itxaropentsu eta ilusioz gainezka ageri da esku artean duen proiektuaren etorkizunaz hitz egitean.

Bada alderik administrazio kontseilutik zuzendaritzara?

Alde handia dago. Kudeaketa aldetik lan gogorra da, eta enpresa eta erakunde asko bisitatu behar dira. Gainera, oihartzun handia izan du nire kargu hartzeak eta zoramena izan da bi aste hauetakoa. Dena den, ilusioa duzunean, gauza horiek hobeto jasaten dira.

Nola hartu zenuen presidente izateko aukera?

Hasieran ezuste handia izan zen. Baina zortzi urte daramatzat taldean, eta orain hiru urte izendatu ninduten presidenteorde, urrats bat aurrera egin behar nuen.

Nola jaso zuten albistea ingurukoek?

Egia esan, apur bat kosta zitzaidan etxekoei, familiari eta lagunei kontatzea, erotuta nengoela esango zidatela uste nuen. Baina inguruko guztiek animatu egin naute; ezagutzen nautenek eta maite nautenek badakite kirola gustuko dudala eta aprobetxatu beharreko aukera zela.

Bi astean borobildu duzu bi urte eta erdiko lana. Babesle nagusia lortuta, lasaiago zaudete?

Bai, lasaitasuna eta bereziki egonkortasuna ditugu orain. Azken urteak oso gogorrak izan dira, ia hiru urte egin ditugu babeslerik gabe, horrela ezin zen aurrera jarraitu. Orain hilabete, kluba ixtekotan egon ginen, eta orain babesle bat dugula sinestea ezinezkoa egiten zait batzuetan.

Babesleaz gain, bestelako harremanak ere egiten hasiko zineten. Zer moduz Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Aldundiko kide berriekin?

Gehiago edo gutxiago beti izan dugu babesa; baina azkeneko aldaketarekin erantzun azkarra eta ona jaso dugu. Guretzat, oso garrantzitsua da babes hori, batez ere epeengatik, hiru edo lau urteko lasaitasuna izango baitugu. Bestela, urtebeterako hitzarmena sinatu eta biharamunean hurrengo urterako babesle bila hasi behar izaten da.

Aurreko sasoietako miseriak ahaztu ahalko dituzue?

Bai, benetako miseriak izan ziren eta. Horrelakoak kudeatzea oso zaila izaten da, eta errealitatea ikustea eragozten dute. Orain, aukera izango dugu biharkoari ez ezik, hurrengo hilabeteari edo hurrengo denboraldiari lasaiago begiratzeko.

Babesle nagusia lortu, eta, ondo bidean, zorretan sartu gabe fitxatuko dituzue jokalariak. Nola eragingo du taldean?

Batez ere, egonkortasuna emango digu. Gure helburua hilero soldatak ordaintzea da, jendeak lasai lan egin dezan. Entrenatzailea, jokalariak eta gu lasai bagaude, sendotasuna lortuko dugu.

Sasoi gogorrak izan dituzue, hiru urtean bi aldiz jaitsita. Zer irakatsi dizu horrek?

Gauzak ez direla errazak eta horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko lan asko egin behar dela ikasi dut. Askotan, gainera, zuk gogor lan egin arren laguntzarik ezean zaila izaten da aurrera egitea. Ez gara futbola, eta futbola ez den gainerako kirolak aurrera ateratzea ez da erraza.

Igotzen diren taldeei pasarazten dieten auditoria talde guztiei egitea eskatu duzue. Zergatik?

Erraz esaten da: «Bulegoetan igo zarete!», baina pasatu dugun auditoria zorrotza da, guk dena ongi egin dugu, eta horregatik gaude hemen. Beste talde batzuk gu baino okerrago daude, kinka larrian badaude, jokalari bat fitxatzen dute, ez diote ordaintzen eta maila mantentzen dute. Zorrak pilatuz eusten diote mailari. Zenbait kasutan legez kanpokoa ere badela uste dut. Auditoria eginda, gauza asko zuzenduko lirateke, eta ligak desberdin funtzionatuko luke. Pena da, ligan mugimendu gutxi dago, eta azken urteetan igo den talde bakarra Andorra dela uste dut.

Kirol arloan, ze asmo duzue fitxaketei dagokionez?

Beste lau edo bost jokalari fitxatuko ditugu taldea osatzeko, lan horretan ari gara orain. Ezin dugu izenik aurreratu, ez dakigu ziur nor ekarriko dugun.

Jaume Ponsarnau lotuta dago, ezta?

Espainiako selekzioarekin dago orain eta ezin du beste kontraturik izan. Hala ere, ni ziur naiz berak hemen jarraitu nahi duela, eta guk ere hala nahi dugunez, seguruenik hemen izango dugu.

Presidente berria, babesle nagusia, fitxaketak... Nola eragingo dio taldeari?

Filosofia berarekin jarraituko dugu. Aldaketaren bat azpimarratzekotan, taldeari nortasun propioa eman nahi diogu. Ponsarnau talde sendo baten bila dabil, eta izaera leihakorra lortzen saiatuko da. Diru aldetik ezin dugu goi mailako taldeekin lehiatu, baina gure nortasuna erakutsi dezakegu.

Azken urteetan murriztu egin da Illunbera joaten den ikusle kopurua. Nola sustatu behar da saskibaloia Donostian?

Ez dut uste ikusle gutxi izaten dugunik. Instalazioengatik ikusten da hain jende gutxi. Illunbe nahiko handia da (11.000 ikuslerentzako tokia du), eta 6.000 ikusleko batez bestekoarekin erdi hutsik dagoela dirudi. Baina ACB ligarako datu oso onak dira. Helburua, hala ere, 7.000 abonatu lortzea da, baina horretarako zaleek ilusioa behar dute. Ea lortzen dugun orain urte batzuk izandako ilusio hura berreskuratzea.

Emakume kirolzalea zara, hainbat saltsatan dabilena: Gipuzkoako Golf Federazioko buru, igeriketa epaile, saskibaloizale...

Asko gustatzen zait, txikitatik kirola izan dut buruan. Kirola maite dut. Alabak igerian egiten zuen, eta, norbait behar zenez, neure burua aurkeztu nuen. Horrelakoa da lan mundua. Jendeak gustuko du kirola egitea edo ikustea, baina barruan lan egitea ez da hain erraza izaten.

Emakumezko batek presidente kargua hartzeak ez lukeela albiste izan behar esan zenuen aurkezpen egunean. Baina zeresan handia eman du.

Hala da, bai. Nik uste nuen ez zela hainbesterako izango, gaur egun enpresa askotan ikusten baitira emakumeak goiko karguetan. Baina, dirudienez, oihartzuna izan du nire kargu hartzeak. Harrituta nago, eta lotsa ere ematen dit batzuetan. Pena da, uste nuen zerbait gehiago normalizatuta zegoela kontua.

Orain arte gizonena izan den mundu batean sartu zara.

Egia da. Aurrekoan izan nintzen lehenengo aldiz ACBko batzar batean, eta sartu nintzenean ikusi nuen ligako errealitatea: 30 gizonezko inguru eta ni. Eskerrak batzarreko idazkaria emakumezkoa den!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.