Helburua, goi mailan egotea

Euskaltel-Euskadi taldea «World Tourraren beharretara» egokituko da, baina jarraitu egingo du «orain arteko filosofiarekin»Aurrekontua bederatzi milioi eurora handitu eta «bizkarrezurrari» eutsiko dio taldeak

Alberto Garcia Erauzkin eta Igor Gonzalez de Galdeano bostekoa ematen, atzo, Euskaltel-Euskadiren proiektuaren aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Txirrindularitzaren goi mailan jarraitzea lehenetsi du Euskaltel-Euskadi taldearen etorkizuneko proiektuak. Atzo aurkeztu zuten Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidenteak eta Igor Gonzalez de Galdeanok. World Tour kategoriaren «beharretara» egokituko da taldea, «proiektu egonkor bat» osatzeko. Dena den, orain arteko filosofiari eutsi egingo dio. Oraingoz, behintzat. Orain, atzerritarrak fitxatzea «baztertuta» dago, baina goi mailan jarraitzeko beharrezkoa izanez gero, ez diote uko egingo aukerari.

Galdeano bera izango da taldeko managerra datorren urtetik aurrera, baita Basque Cycling Pro Teameko zuzendaria ere. Elkarte berri horren barruan egongo da taldea, eta kudeaketa korporatiborako egitura bat izango du, Euskaltel enpresaren jabetzan. Izan ere, bide ezberdina jarraituko dute talde laranjak eta Euskadi Fundazioak aurrerantzean. Hala ere, Galdeanok azaldu zuen ez dutela fundazioa «alde batera» utzi nahi.

Proiektu berriarekin, taldearen aurrekontua ere handituko da. Bederatzi milioi eurokoa izango da, erakunde publikoen laguntzaz, iaz baino bi milioi eta erdi inguru handiagoa. Galdeanok adierazi zuen «eskertzekoa» dela babesa handitzeko ahalegina. Dena den, oraindik ere urria dela eman zuen aditzera: «Hobe litzateke hamabost edo hogei milioikoa izatea, baina egoera honetan ezinezkoa da». Etorkizunera begira, aurrekontu hori handitzeko aukera ikusten dute, beste babesle batzuekin. Hala ere, talde sendo bat osatzeko, muga handiagoa izango da filosofia bera, aurrekontua baino gehiago.

Garcia Erauzkinek Euskaltel-Euskadiren «bigarren ziklo handiaren hasiera» iragarri zuen. Aurreko proiektuari «jarraitutasuna» eman nahi diotela adierazi zuen, haren «lorpenei» eusteko. «Harrobiko lana» sustatuko dute, eta hori izango da «proiektuaren oinarria». Izan ere, taldeak «ez du parekorik» munduan, «herrialde bat eta balio batzuk» ordezkatzen dituelako. Horrelako proiektu batek «aurrera jarraitu eta indartu» egin behar duela azaldu zuen Euskalteleko presidenteak.

Oinarrizko txirrindulariei eta orain arteko filosofiari eutsiko die taldeak. Galdeanok azaldu zuenez, «ziurtatuta» dago Samuel Sanchez, Igor Anton, Ion Izagirre eta Mikel Landak jarraitu egingo dutela. Horiek osatuko dute «Euskaltel-Euskadiren bizkarrezurra». 28 ziklistako taldea izango da, orain baino bost gehiagokoa. Talde «sendoagoa» osatu nahi dute, egitura berrituta, egutegi zabalari aurre egiteko: «Orain, lau kontinentetan lehiatzen gara, urtarriletik urrira».

Bertako txirrindulariek eta harrobikoek osatuko dute taldea. Haatik, ez dira itsutuko horrekin: «Ez gara joango errealitatearen aurka, eta filosofia egokitu behar bada, egokituko da». Samuel Sanchez da «ezinbesteko txirrindularia», eta oinarria bera izango da, «ziklistak joan eta berriak etorriko diren arren». Oraina eta etorkizuna «bermatuak» daudela zehaztu zuen Galdeanok, «goi mailako talde bat» izaten jarraitzeko. Orain, harrobiko lana zaintzea izango da proiektuaren «giltzarria»: «Daudenei txanda hartuko dieten ziklistak behar ditugu».

Bestalde, taldearen manager izango denak azpimarratu zuen txirrindularitza asko aldatu dela azken hamarkadetan. Euskaltel-Euskadi taldearen filosofia «garaijakin batean, arautegi jakin batekin, egutegi jakin batekin» sortu zen. «Baina orain dena aldatu da». Arauak aldatu egin dira, World Tour kategoria sortu da, eta lehiakortasuna handitu egin da. Egoera horretan, «lortutako emaitzengatik» egonnahi du talde onenen artean.

Taldea egungo txirrindularitzaren beharretara egokitzea izango du oinarri proiektu berriak, baina berezko balioekin bateratuta. Helburu nagusia «munduko talderik onenen artean» egotea izango da. Horretarako, ziklista kopurua handituko du taldeak —23tik 28ra—, lasterketa gehiagotan parte hartu ahal izateko. Gainerako langileen kopurua ere handituko da, taldearen «giza baliabideak» indartzeko.

Egitekoak «profesionalizatu»

Berrikuntzek garrantzia izango dute proiektuan, horretan erabiliko baita aurrekontuaren %4. Lan egiteko «modu propio bat» sortu nahi dute, beste babesleekin «elkarlanean». Txirrindularien garapena landuko dute, baina «betiere dopinarekin errukirik izan gabe». Galdeanok adierazi zuen eginbehar guztiak «profesionalizatu» egingo direla, eta horrek lagunduko duela «proiektua egonkortzen». Izan ere, Euskalteleko langile batzuek egingo dute kudeaketa lana, Basque Cycling Pro Team elkartearen bitartez.

Galdeanok adierazi zuen proiektuak «ilusio handia» eragin diola: «Euskaltelek nire esku jarri du proiektu egonkor bat sortzeko beharrezko guztia». Uste du «oso garrantzitsua» izan dela Euskaltelek egin duen apustua krisi egoerantaldearieusteko. Bestalde, Garcia Erauzkinek Euskadi Fundazioak egindako lana eskertu zuen, «bereziki Miguel Madariagarena». Gainera, iragarri zuen harremanetan jarraituko dutela, harrobi lana sustatzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.