Helburuak lortzeko gogoz dago

Javier Eraso erdilariak Amorebietan jokatuko du datorren sasoian: «Aukera mahai gainean agertu zitzaidanean, ez nuen bi aldiz pentsatu». «Etxera» itzultzearen parekoa da harentzat, esan duenez.

Javier Eraso Amorebietaren astearteko entrenamenduan. AMOREBIETA.
Manex Usarralde Garmendia
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Futbolean ibilbide oparoa du Javier Erasok (Iruñea, Nafarroa, 1990). Azken denboraldian Zipreko Akritasen aritu zen jokatzen, eta, orain, Amorebietak fitxatu du, Espainiako Bigarren Mailan aritzeko. Eraso 15 urte zituela heldu zen Athleticen harrobira. Gerora, futbolari profesional bihurtu zen, eta zuri-gorriekin eta Leganesekin jokatu zuen. «Etxera itzultzearekin» alderatu du erdilari nafarrak Amorebietan aritzea, ezagutzen duen jendearekin jokatuko baitu berriz, non-eta futbolari gisa hazi eta hezi zen zelaian: Lezaman. Haritz Mujikak zuzentzen duen taldea Espainiako Federazioaren Lehen Mailatik igo berria da; horrenbestez, Erasoren arabera, mailari eustea «denboraldi bikaina egitea» izango litzateke. Helburu horri begira, bihar izango dute puntuak batzen hasteko lehen partida. Lezaman jokatuko dute urdinek, Levanteren aurka, 19:00etan. Herrialde Katalanetako taldea lehen mailara igotzeko hautagai sendoetako bat da; beraz, ez dute lantegi erraza izango. Baina ilusioa pizten die estreinakoa jokatzeak.

Zipren beste denboraldi baterako kontratua gelditzen zitzaion Erasori. «Akritasen gustura nengoen, familiarekin bizitzeko leku ona zela iruditzen zitzaidan, eta hango futbola ere gustuko nuen». Zipreko taldean jarraitzeko asmoa zuen, baina, orduan, Amorebietaren aukera iritsi zitzaion. Aukera horrek ezaugarri berezi batzuk zituen Erasorentzat. «Lehendik jokatua nuen Xabi Etxeitarekin, Iker Seguinekin eta Eric Moranekin, eta haiekin berriz jokatzeko aukera nuen. Gainera, datorren sasoian Amorebietak Lezaman jokatuko ditu etxeko partidak». Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, ez zuen bi aldiz pentsatu Euskal Herrira itzuli ala ez. Nahi zuen «guztia» zeukan eskaintzak.

Erasok ez du lehendabiziko aldia izango Bigarren Mailan. Aurretik, Leganesekin hiru denboraldi jokatu zituen maila horretan; beraz,badauka eskarmentua. «Taldeko beste bat» izateko iritsi da, eta ahal duen guztian laguntzeko. «Esperientzia honetaz ahal dudan guztia gozatu nahi dut, eta bizitza osorako gorde». Urte «berezia» izango dela dio, eta gogoz dago Amorebietarekin zenbait helburu lortzeko.

Harentzat aukera berezia izango bada ere, onartu du taldeari ez datorkiola ondo etxeko partidak Urritxen ezin jokatzea. «Urritxen entrenatu, eta Lezaman jokatuko dugu. Beraz, Lezamako zelaira egokitu beharko dugu».

Denboraldiaurrea bukatu berri du Amorebietak. Jokatu dituen sei norgehiagoketatik bakarra galdu du, azkena, SantanderkoRacingen aurka. Eraso taldearen dinamikara «ohitzen» ari da oraindik. Bere esperientziarekin, gazteenei laguntzen saiatuko da, ahalik eta denboraldi hoberena egitea lor dezaten. «Gustura» eta «gogoz» dago taldekide berriekin. «Futbol modernoan, zaila da lagunei eustea» aitortu du Erasok. Horregatik, taldekide berriekin harreman onak egiten ahaleginduko da.

Txapelketa luzea

Bigarren Mailaren inguruan ere hitz egin du. Erdilariak, Leganesen zegoela, 79 partida jokatu zituen kategoria horretan. Zortzi gol sartu, eta sei asistentzia eman zituen denbora horretan. «Bigarren Maila txapelketa oso luzea izaten da, eta buruz indartsuak izatea da garrantzitsuena». Horrez gain, azpimarratu du funtsezkoa izaten dela «une oro» argi eta garbi edukitzea zer helburu duten.

Lehiaketa luzea izateak talde guztiei eragiten die. «Taldeek gorabehera asko izaten dituzte txapelketa honetan, eta horregatik da zaila. Partida batek asko aldatu ditzake gauzak. Maiz ikusten da:badira denboraldi hasieran oso ondo aritu arren gero erritmoari eusten ez dioten taldeak».

Zipreko esperientzia «oso ona» izan da erdilariarentzat. Espainiako Lehen eta Bigarren Mailan jokatzean, jokalari gutxik pentsatzen dute atzerrira joatea, Erasoren arabera. Hala ere, onartu du «kuxkuxeroa» izan dela beti, eta beti izan zuela buruan atzerrian jokatzeko ideia. Bere ibilbidea egin ahala, ideia hori indarra hartuz joan zen. Orduan, Leganesekin kontratua amaitu zuenean, «orain edo inoiz ez» pentsatu zuen. Agenteari bere asmoen berri eman zion orduan. Erasok bi herrialde zituen buruan kanpora joateko: Grezia eta Zipre. «Jende askok ondo hitz egin zidan bi herrialde horietaz. Zipreko aukera agertu zitzaidan, eta onartu egin nuen azkenerako».

Hango futbola desberdina dela nabarmendu du Amorebietako erdilariak. «Jokalariak fisikoagoak dira, baina ez dute horrenbesteko teknikarik». Bestalde, jokalarien bakarkako mailak harritu du gehien. «Horregatik, neurketak oso kaotikoak izaten dira. Joan-etorrikoak etengabeak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.