Helburuz betetako denboraldia

Bera Bera eta Bidasoa hasiak dira denboraldi berrirako prestatzen. Donostiarrek bi fitxaketa egin dituzte, eta irundarrek, berriz, bost

Bera Berako jokalari eta teknikariak, atzo, denboraldiaurreko lehen entrenamendua egin aurretik. A. CANELLADA / FOKU.
Ainara Arratibel Gascon - Manex Usarralde Garmendia
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Amaitu zaizkie oporrak Bera Berari eta Bidasoari. Bi taldeak atzo itzuli ziren lanera. Arratsaldean egin zuten denboraldiaurreko lehen entrenamendua. Erronkezbetetako denboraldia dute biek. Donostiarrek bi helburu nagusi izango dituzte: berriz liga irabaztea, eta Europako ligako multzoen faserako sailkatzea. Gainera,Espainiako Kopako eta Superkopako azken faseak Donostian jokatuko dira, eta horri ere ilusioarekin erreparatuko diote. Irundarren kasuan, berriro ere Europan jokatzeko sailkatzea izango dute erronkatzat. Aurreko sasoian, gainera, ezustean geratu ziren Espainiako Kopako azken fasetik kanpo. Horra ere itzuli nahi dute.

Bera Berak Gaskan egin zuen atzo lehen entrenamendua. Aurpegi berriak izan ohi dira ikusmin gehien sortzen dutenak. Atzokoan, nagusiki bi izan ziren: Lyndie Tchaptchet pibotea eta Carmen Arroyo albokoa. Denboraldi honetan jokalari gazteen alde egin du Bera Berak taldea indartzeko. Izan ere, 18 eta 19 urte dituzte, hurrenez hurren. Tchaptchet Beti Onak taldetik ailegatu da, eta ahalmen fisiko handia du sei metroetan. Gijonetik fitxatu dute Arroyo, eta kanpotik duen jaurtiketarengatik nabarmendu da. Bestalde, bigarren taldeko Eider Tapiak, Naroa Zabalak eta Elene Vazquezek Imanol Alvarezen esanetara egingo dute denboraldiaurrea. Espainiako selekzioarekin daudelako ez ziren Gaskan izan Esther Arrojeria, Maitane Etxeberria eta Laura Hernandez. Ezta taldea utzi duten hiru jokalariak ere: Paula Arcos (Vipers Kristiansand), Cristina Polonio (Granollers) eta Sara Gil de la Vega.

Bera Berak irailaren 2an ekingo dio ligari, Gaskan, Granollersen kontra. Partida hori ortzi mugan dutela, zortzi adiskidantzazko neurketa jokatuko dituzte. Aurkariak hauek izango dira: Chambray Touraine, Paris 92, Ro'Casa, Beti Onak, Pessac, Merignac edo CAB, Aula Valladolid eta, berriro ere, Ro'Casa edo Guardes. Ilusioz mintzatu zen Imanol Alvarez teknikaria: «Uste dut aurreko sasoian baino talde hobeagoa dugula, hala esan diet jokalariei, hala sinesten dudalako. Txapelketa bakoitzean azkenera arte lehiatzen egon nahi dugu».

Alba Menendez kapitaina antzera mintzatu zen: «Irrikaz ginen berriz elkar ikusteko. Liga, Superkopa eta Kopa irabazteko borrokan egon nahi dugu, eta Europan aurrerapauso bat eman. Taldea gutxi aldatu da, eta horrek beti laguntzen du».

Bidasoak, bost lagunarteko

Atzo ekin zion denboraldiaurreari Bidasoak ere. Artalekun egin zuen. Bera Berak baino astebete geroago hasiko dute liga irundarrek, irailaren 9an. Egungo liga txapelduna, Bartzelona ahaltsua izango du aurrean Jacobo Cuetararen taldeak Artalekun. Denboraldi berriro prestakuntza fintzeko bost lagunarteko jokatuko ditu Bidasoak. Billere Handball, Torrelavega eta Melsung izango ditu aurkari. Gainera, ohi bezala, Egiako Nazioarteko Torneoa jokatuko du.

Jokalarien joan-etorrian parekotasuna izango da. Izan ere, bost jokalarik utzi dute taldea, eta beste hainbeste iritsi dira. Elastiko horia estreinakoz jantziko duten jokalariak hauek dira: Pedro Pacheco erdikoa, Tito Diaz albokoa, eta Marko Jevtic eta Sladkowski piboteak. Irunera itzuli da, gainera, Esteban Salinas pibotea.

Taldea utzi dutenak, berriz, Mihajlo Mitic, Jon Azkue, Victor Rodriguez, Ander Ugarte eta Julen Aginagalde izan dira. Ugartek eta Aginagaldek erretiroa hartu dute; Azkue, berriz, Limogesera joan da.

Aginagalde kirol zuzendari lanetan ari da orain, eta «pausoz pauso» joan nahi dutela nabarmendu zuen atzo. «Orain zortzi lagunarteko ditugu ligako lehen partida horretara bete-betean iristeko».

Haren arabera, «talde polita» osatu dute, eta hori kontuan hartuta ezarri ditu helburuak: «Europarako sailkatzeak izan behar du berriz ere helburua, borroka horretan egon. Gainera, Kopan azken denboraldietan ez gara batere fin aritu, eta hor ere gauzak aldatu nahi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.