Martin Lasarte. Realeko entrenatzailea

«Heldutasun apur bat falta zaigu»

Azkenaldian huts gehiegi egin dituztela aitortu arren, Realak «hobetzeko tarte handia» duela iritzi dio entrenatzaile uruguaitarrak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Grebari buruz galdetu dio kazetariak argazki saioa egin ondoren Martin Lasarteri (Montevideo, 1961). Bere herrialdean, maiatzaren 1ean, futbol taldeek ere lanari uzten diotela eta entrenamenduak bertan behera gelditzen direla erantzun dio, hemen ez bezala. Aisialdirako denbora gutxi du, eta daukan apurra emaztearekin egoteko aprobetxatzen du. Are gehiago orain, laster Uruguaira itzuliko baita —psikologia kontsulta dauka han—. Baina euskarako klaseetara joaten hasiko da aurki. Gazi-gozoa antzematen zaio. Gustura dago Realak orain artean egindakoarekin, baina lan hori puntuetan gehiago ez agertzea deitoratzen du.

Nola hartu duzue Joseba Llorente lesionatu izana?

Lesioak baino gauza gaiztoagorik ez da izaten jokalarientzat. Beste guztia, tokiz kanpo jokatzea, ordezkoa izatea edo galtzea, eramateko modukoa da talde dinamika barruan, zaila izan arren. Gure jokoan galera handia dakar, baina hura ordezkatzeko jokalari on bat daukagu. Tamudo ez da makala. Lehen partidetan, Llorentek min hartu zuenean, ondo erantzun zuen.

Animikoki taldeari eragingo dio?

Sinetsi nahi dut ezetz. Gure lana ezin da izan jokalari bakar baten araberakoa. Baina argi dago Llorentek ezaugarri bereziak dauzkala, eta zaleekin oso lotura berezia duela. Hori ez dio inork kenduko.

Joko eredua aldatu beharko duzue?

Ez da egoera bera, baina aurreko sasoian ere, Agirretxek jokatu edo Buenok jokatu, aldea zegoen. Jokalari ezberdinak dira, eta, aurrealdean erreferentzia baitira, beste guztiei eragingo die. Zurutuzak gertuago egon beharko du. Tamudok ibilbide laburragoa du presioan, eta fisikoki bestelakoa da, baina taldekideekin elkartzeko gaitasuna ere badu. Haren onak aprobetxatzen saiatuko gara.

Konfiantza duzu harengan?

Tamudo ez da gazte mailako jokalaria. Hamabost partida jokatu ditu Espainiarekin eta Espanyolen historiako goleatzaile nagusia da. Oso ondo ikusten dut. Bikain entrenatu da orain arte, baina futbola ez da bidezkoa izan harekin, Llorentek hain ondo jokatu izanak aukerak kendu dizkiolako. Haren ordua da orain.

Ifran noiz osatuko zain, Agirretxe ere hor dago.

Argi geneukan Llorenterekin, Tamudorekin eta Ifranekin Agirretxek gutxi jokatuko zuela, eta, etorkizunari begiratuta, garrantzitsua iruditzen zitzaigun lehia zedin. Berak ere ulertu zuen, eta utzita irtetea erabaki zuen. Ia eginda zegoen dena, eta, bat-batean, Llorente lesionatu egin zen. Kanpoan jokatzeko izango zuen denbora hemen izango du.

Datozen partidak bereziak direla uste duzu?

Bai. Lasaitzeko ahalegin egin behar dugu. Gure helburura gerturatu nahi dugu. Taldeak erakutsi du lehiakorra dela, baina hutsak ere egiten ditugu; horietako batzuk, hanka-sartze handiak. Igo berriak gara, eta jokalari askok ez zuten Lehen Maila ezagutzen. Agian, Bigarren Mailan ere egiten genituen huts horiek, baina ez zuten ondoriorik. Hemen, badute.

Hurrengo lau partidetatik hiru zuen pareko taldeen aurka dituzue: Almeria, Osasuna eta Mallorca.

Orain arte, talde historikoa izan arren, Bigarren Mailatik gentozen, eta ez ziguten serioegi hartzen. Uste zuten Bigarren Mailako taldea gehi Llorente eta Tamudo ginela. Horrek eragin askatzailea zuen gugan. Baina aro hori bukatu da. Orain askok hitz egiten dute ondo gutaz. Ezagutu egiten gaituzte. Beraz, datozen partidetan ezingo dugu irabazi gutxienekoa eginda. Dena eman beharko dugu.

Ia beheko talde guztien aurka jokatuko duzue Anoetan bigarren itzulian. Lasaitasuna ematen dizu horrek?

Erlatiboa da. Hasieran maila handiko aurkariei ere irabazi genien, Vila-reali eta Espanyoli, esaterako. Eta Real Madril, Sevilla, Atletico eta Valentziaren aurka ere partida onak egin genituen. Pena handia dut. Lau norgehiagoka horietan esku hutsik gelditu izanak erakusten du heldutasun apur bat falta zaigula. Orain, aurkari apalagoekin, hazten jarraitzeko prest gaudela erakutsi nahi dugu.

Azken sei partidetatik bost galdu ditu Realak, baina jokoan ez zaio beherakadarik sumatu.

Guk egindako hutsek zerikusi handia izan dute, Valentzia, Zaragoza eta Vila-realen aurkako partidetan, esaterako. Futbolean ez da puntuetara irabazten; joa eduki behar da. Talde lehiakorra osatzen dugu, baina koska bat falta zaigu goikoekin lehiatzeko. Uste dut hobetzeko tarte handia daukagula.

Vila-realgo porrota beste askoren isla izan zen?

Pena handia hartu nuen, taldea taktikoki ondo jarrita egon baitzen. Sevillaren aurka, antzeko jokaldi batean egin genuen huts. Guk genuen baloia, eta erasoa hastean, aurkariaren ateari begira, galdu eta bi gol sartu zizkiguten. Pentsatu nahi dut halako gehiago ez dizkigutela sartuko. Ez ginateke bizkorregiak izango. Gogorragoak eta zuhurragoak izan behar dugu.

Kanpotik, badirudi kontzentrazio aldetik egin duela taldeak huts zenbaitetan.

Gertatu izan zaigu gola sartzea, eta handik oso gutxira guri sartzea. Sevillaren aurka, esaterako. Edo gola jasotzea lehen zatiko azken minutuan, edo bigarrenaren hasieran. Edo azken arnasan. Denborarekin jokatzea eta jokoa mantsotzea falta izan zaigu halakoetan. Azkarregi aritu gara. Batzuetan ondo ateratzen zaizu, Getafen bezala, baina egunero ez da igandea.

Bolada txarrak ez du ondorio larririk izan sailkapenean.

Lehen Mailan hogei talde daude, eta batzuk gu baino okerrago daude. Horrek gure alde egiten du. Badirudi hau dela gure tokia, baina, kirolari gisa, ez gara daukagunarekin konformatzen. Seigarren ere izan ginen halako batean, partida dezente jokatu zirenean. Gehiago eman dezakegu.

Oro har, zer moduz egokitu da taldea Lehen Mailara?

Nik argi neukan Bigarren Mailako talderik onena ezin zela Lehen Mailako txarrena izan. Lehen partidetan, Mallorcan, Valentzian edo Iruñean egun txarrak izan genituen, baina taldeak, oro har, ondo hartu zion neurria lehiaketari. Uste dut bat gehiago garela jada, ez igoberri bat. Talde askori irabazten ahal diegu, baina kontrakoa ere gerta daiteke, lo hartzen baldin badugu.

Bilakaera bitxia izan du taldeak, Bigarren Mailatik Lehen Mailara. Gol gehiago sartzen ditu, baina baita gehiago jaso ere.

Ez dakit zer gertatuko zen bestelako apustua egin izan bagenu. Agian partida gehiago berdinduko genituzke. Baina susmoa nuen emaitza hobea ekarriko zigula irabazten saiatzeak, porrota saihesten saiatzeak baino. Golak nahiko erraz sartzen ditugu, baita aukerak sortu ere, baina horrek babesik gabe uzten gaitu batzuetan. Oreka topatzea da betiereko erronka. Agian uste baino gertuago dago, eta nik ez dut asmatu.

Kontserbadoreagoa izateko tentazioa sentitu al duzu noizbait?

Partida barruan, batzuetan. Zaragozan, Sarpong sartu behar nuen, baina beste aurrelari bat jarriko zutela ikusi, eta Labaka sartzea erabaki nuen. Agian lehenago egin behar nuen, baina nik irabazteko moduan ikusten nuen bigarren zatian partida. Zaragozaren azken bultzada etorri zen, ordea; ez nuen ondo irakurri, eta puntu bat galdu genuen.

Erratutako erabakiei bueltak ematen dizkiezue entrenatzaileek, aurrelariek huts egindako golei bezala?

Aldaketei, eskemari, hamaikakoari, deialdiari, entrenamenduei, fitxaketei, jokalariei esaten dizkiezun gauzei eta esaten ez dizkiezunei… Gauza asko dira. Taldearen hutsei buruz ari naizenean, ni bat gehiago naiz.

Lehen Mailako aurrelari txiki eta azkarrekin gehiegi sufritzen ari dira atzelariak?

Rossik, Aguerok eta Messik edonori sortzen dizkiete arazoak, primerako jokalariak direlako, ez txikiak direlako. Ulloak ere sortu dizkigu, eta handia da. Gure erdiko atzelariek oso gauza onak dituzte. Gustura nago haien lanarekin.

Zalantzak bazeuden taldearen inguruan denboraldia hasi aurretik, baina Bigarren Mailako talde ia berarekin, txukun ari da.

Uste dut baietz. Ni ez nintzen aurkarien beldur. Lehen partidetan arazo gehiegi ez edukitzeak kezkatzen ninduen. Hasiberriaren konplexu hori kendu ezin izatea. Getaferi irabazi ondoren entzun nuen denboraldiko garaipenik inportantena zela. Ezta gutxiagorik ere. Inportantena Vila-realen aurkakoa izan zen. Maila handiko aurkari bati nagusitzeak konfiantza handia eman zigun.

Eta zuri zerk ematen dizu konfiantza gehien?

Realak oso gutxik edo beste inork ez duen kidetasun sentimendua izateak, bertakoa izan edo ez. Etxekoen meritua dela uste dut. Bat gehiago sentiarazten gaituzte. Oso talde homogeneoa da helburua jokoan dagoenean, beste alor batzuetan askotarikoa izan arren. Asko sinesten dut halako gauzetan. Kirol arloan, tresnak dauzkagu luzera begira gauza handiagoekin amesteko. Baikorra naiz. Sasoi honetako helburua lortzeaz gain, kluba hazi egingo dela uste dut. Horretarako oinarriak jarrita uztea gustatuko litzaidake.

Ia harrobiko jokalari guztiei berritu diete kontratua.

Oso neurri egokia iruditzen zait, klubarentzat. Lehenagotik datorren apustua da. Harrobia zaindu nahi baduzu, logikoena da.

Eta harritzen al zaitu berritu dutenen artean Rivas ez egoteak?

Rivasen eta klubaren ikuspuntua ulertzen dut. Kontratua bukatzen zaio; adin jakin bat du, soldatarik handiena dutenetan dago, eta bere postuan jokalari ugari daude. Kontratua berrituz gero, ondo hausnartu eta aztertu behar da. Agian kontratu laburragoa egin daiteke, ez dakit. Hori ez da nire lana.

Gustatuko litzaizuke jarraitzea?

Zenbakiak begiratu besterik ez dago. Ia beti jokatu du nirekin. Baina nik ezin diot erreparatu orainari bakarrik. Pentsatu behar dugu ere zer egin Markelekin, Rosekin, Illarramendirekin, Elustondorekin, Albistegirekin, eta Pardorekin. Pardo jokalari zoragarria iruditzen zait. Albistea zera da: berritu du, edo ez du berritu; baina ezin zaio begiratu horri bakarrik. Irakurtzen ez den beste horri guztiari ere begiratu behar zaio.

Patata beroa pasatu dizutela sentitzen duzu?

Beharbada oihartzun handiegia eman zaio kontu honi. Nik badakit zale askok Rivas asko maite dutela, eta Realean nahi dutela. Eta badakit libre dela beste talde batekin negoziatzeko, eta arriskutan jartzen ari garela. Hala esan diot berari. Uste dut bera ere lasai dagoela. Haren larruan jartzen naiz, Deportivon horixe bera ikusi nuelako jokalari gisa.

Zure iritzia aintzat hartuko du kirol zuzendaritzak?

Hala jakinarazi dit presidenteak, nire iritzia oinarrizkoa izango dela. Dena irekita dago oraindik.

Kirol arloaz harago, iskanbila izan zen Griezmannek Getafen egindako ospakizunaren kontura. Zer iruditu zitzaizun?

Jendea ohituta dago golak ikusten, baina gola, sartzen duenarentzat, oso esperientzia berezia da, eta berak sentimendu horiek azaleratzen ditu. Ez zuen garai egokia aukeratu. Aste gorabeheratsuan izan zen guretzat, eta suari erregaia bota zion. Beste aldi batean keinu ederra izango zen. Hala ere, gaztea da, eta ulertu beharra dago. Oso ondo ulertzen ditu ematen zaizkion aholkuak. Ez diot aparteko garrantzirik ematen.

Zer iruditzen zaizu jokalariek beren iritziak publikoki jakinaraztea?

Bakoitza libre da bere ideiak adierazteko, gizabidez adierazten dituenean. Baina kontuz ibili beharra dago, eta kontuan hartu behar dira besteengan horrek izan ditzakeen ondorioak ere, beste batzuk eta kluba tartean sar ditzakezu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.