Dinamo Volgograd. Sedoikina; Kotxetova (4), Levina (4), Iatsenko (3), Pidpalova, Avdekova, Stepanova (1), Khmrova (2), Makeeva (4), Borxtxenko (6, 4p), Makarova (1) eta Gontxarova.
Itxako. Navarro (Milenkovic); Barno
(1), Barbosa (6), Zulai Agirre (1), Patri Pinedo (1), Zebic (3, 1p), Carmen Martin (7, 3p), Macarena Aguilar (2), Fachinello (2), Tervel (1), Egozkue eta Jessica Alonso (3p).
Markagailua. 2-2, 4-5, 4-6, 5-9,9-10, 11-14 (atsedenaldian); 14-16, 17-19, 18-21, 21-23, 24-25 eta 25-27.
Epaileak. Pedersen eta Mortensen (Danimarka). Bi minutuz kanporatuak: Dinamo Volgogradeko Stepanova, Makeeva eta Pidpalova (bi aldiz); eta Itxakoko Zulai Agirre eta Barbosa.
Bestelakoak. 700 ikusle inguru Volgogradeko Dinamo Arena pabiloian.
Zaila izan ohi da Txapeldunen Ligako estreinakoa. Gauzak ondo egin nahi izatearen beharrak antsietatea eragin dezake, eta, ustez, sendoa dirudien talde baten oinarriak dardaraka jarri. Itxakori gertatu izan zaio horrelakorik. Ez behin, hirutan baizik, Europako lehiaketa nagusian aritutako lehen hiru ekitaldietan. Baina Lizarrako taldea jadanik ez da iritsi berri bat, norgehiagoka garrantzitsu bati aurre egiterakoan urduri jartzen den taldea. Nekez galtzen du iparra. Partida gal dezake, noski, ez baita gaindiezina, eta aurkariak ere jokatzen baitu, horietako batzuek oso ondo, Itxakoren pare. Gutxi dira, halere, lauzpabost, gehiago ez. Azken hiru sasoietan bildu duen uztari erreparatu besterik ez dago: bederatzi titulu.
Jada inork ez du zalantzan jartzen Lizarrako taldea heldutasunera iritsi dela. Inork zalantzaren bat bazuen, atzo desagerrarazi zituen guztiak Itxakok, Volgograden (Errusia), Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako estreinakoan Dinamori irabazita (25-27). Nafarren garaipenak, gainera, meritu handia du. Batetik, etxetik at lortutakoa baita, non eta Volgograden, oroitzapen txarreko tokian —han galdu zuen 2007an EHF kopako finaleko joanekoa—. Bestetik, Itxakok beti galdu izan baitu aurreneko partida Txapeldunen Ligan. Eta, azkenik, hainbat jokalari garrantzitsu gabe aritu arren —min hartuta daude Begoña Fernandez pibota eta Nerea Pena ezker albokoa— Dinamoren mailako talde bati irabazteko gai izan baita. Ez da harritzekoa Itxakoko jokalari eta entrenatzaileen poza partidaren amaieran. Guztiek egiten zuten amets horrelako estreinaldi batekin. Zorionez, haien lan bikainari esker, ametsa egia bilakatu da.
Barbosa eta Martinen lana
Itxakok ez zuen sumatu ez Begoña Fernandezen, ez Nerea Penaren falta. Bata zein bestea jokalari garrantzitsuak dira Ambros Martinentzat. Garrantzitsuak bai, baina ez ordezkaezinak, atzo ikusi zen bezala. Talde lana, talde lan bikaina izan zuten makulu nafarrek. Datu bat: Naiara Egozkue izan zen gola sartu ez zuen bakarra. Beste hamar jokalariek, Navarro eta Milenkovic atezainak kenduta, gutxienez behin zulatu zuten aurkariaren atea. Bi nabarmendu ziren alor horretan: Sandy Barbosa eta Carmen Martin. Ezker alboko portugaldarrak sei gol sartu zituen, erabakigarriak lehen zatiaren amaieran Itxakok hiru golen aldea lor zezan (11-14). Horrenbeste egin zion min Dinamovi, bigarren zatian Viktor Riabih etxekoen entrenatzaileak bere jokalari bati agindu zion Barbosari itsats zedin.
Baina alferrik. Dinamoko entrenatzaileak agindutako estrategiak ez zuen arrakastarik izan. Itxakok berehala aldatu zuen jokoa, kanpotik barrura eginez, bederatzi metrotik sei metrora. Eta marrako jokoari etekin handia atera zion, penalti mordoa behartuz eta gauzatuz: Carmen Martinek hiru sartu zituen —beste lau gol sartu zituen ere, zazpi guztira, inork baino gehiago—, eta beste horrenbeste Jessica Alonsok. Eraginkortasun horri esker, eta defentsako lanari esker —Navarro bikain aritu zen berriro—, Itxakok eutsi egin zion etxekoen susperraldiari.
Itxakok datorren larunbatean jokatuko du D multzoko bigarren partida. Etxean ariko da (19:00), Buxtehuderren aurka. Alemaniako taldeak bere pistan galdu zuen herenegun, Oltchim Valcea Errumaniako taldearen aurka (20-24). Oltchim da multzoko lehen sailkatua, Itxakorekin berdinduta.
Dinamo Volgograd 25. Itxako 27
Heldutasun erakustaldia
Itxakok irabazi egin du Errusian, Dinamo Volgograden aurka, Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako estreinako partidanHainbat jokalari garrantzitsu min hartuta egon arren, Lizarrako taldea bikain aritu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu