Heldutasuna lortzen ari dira

Realaren hockey taldea sasoi hasiera oso ona egiten ari da. Hiru partida irabazi ditu, eta bat berdindu. Aurreko sasoi zailak ahaztu ditu.

Realeko jokalariak, denboraldi honetan sartutako goletako bat ospatzen. JOSE IGNACIO UNANUE / REALA.
ainara arratibel gascon
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Talde bat egokitzeko eta heldutasunera ailegatzeko prozesua plater bat kozinatzearekin aldera daiteke. Beharrezko osagaiak behar ditu, eta pixkanaka egiten da. Realeko belar hockeyko taldearen kasua hori da. Talde txuri-urdinak denboraldi zailak bizi izan ditu. Jokalari gazte asko sartu ziren multzoan urte gutxian, eta taldeak denbora behar izan du egokitzeko. Lortu dutela dirudi, eta, Nereba Belzunegi jokalariaren arabera, hori izan da horren liga hasiera ona egiteko gakoetako bat. Lau partida jokatu dituzte, eta hiru partida irabazi eta bat berdindu dute. Laugarren daude sailkapenean, herenegun Terrassaren aurka 3-0 gailendu ostean. «Taldea sendoago ari da. Emaitza onek hazten segitzeko konfiantza ematen digute».

Belzunegi taldeko beteranoetako bat da, Maider Altunarekin batera, eta «ilusioz» ikusten du multzoa. «Esan bezala, aurreko denboraldiak ez ziren errazak izan. Aurrekoan, adibidez, fitxatutako bi jokalari atzerritarrek min hartu zuten, eta min handia egin zigun. Izan ere, gure oinarria harrobiko jokalari gazteak dira, eta atzerritik datozenak aldea markatzera etortzen dira. Gehienetan ez dira luzerako lesioak izaten. Baina nahikoa da hiruzpalau aste izatea itzuli baten erdia galtzeko. Hori antzeman egiten da».

Halako arazorik ez dute izan honetan oraingoz, eta sasoiko daude. «Pena izan zen Pozueloren aurka berdintzea. Izan ere, talde igo berria da. Irabazi beharreko partida zen, eta aukera dezente izan genituen horretarako. Baina ez genuen asmatu, eta haiek gure akatsetako bat baliatu zuten gola sartzeko». Baina uste du horrek ere «are erneago» egoten lagunduko diela. «Gure onena emanda edozeini irabaz diezaiokegu. Baina maila apur bat jaisten badugu, edozeinek eman diezaguke susto bat».

Emaitzetan ez ezik, «zelai barruan dituzten sentipenetan» ere antzeman dute hobekuntza, aurreko denboraldiekin alderatuz. «Fisikoki oso ondo gaude, eta ondo ari gara heltzen partida amaieretara. Gainera, taldea sendo dago atzean, eta horrek beti ziurtatzen dizu partidan sartuta egotea. Atzeko ziurtasun horretatik eraiki nahi dugu gure jokoa». Ivan Llorente teknikariak bi denboraldi daramatza dagoeneko aulkian, eta haren jokatzeko era «barneratua» dutela berretsi du. «Horrek ere laguntzen du». Orain, batez ere, «partidako denboren kudeaketan» ari zaie arreta jartzen. «Garrantzitsua da partidetan erregularrak izatea, eta une erabakigarriak kudeatzen jakitea. Horretan, oraindik, geratzen zaigu zer ikasi».

Esperientzia duten jokalariek zeresan handia dute horretan.Gazteekin duten harreman ona azpimarratu du Belzunegik. «Zelaian ez ezik, kanpoan ere gero eta hobeto ezagutzen dugu elkar. Badakigu bakoitzak zer behar duen, nola dagoen...».

Hurrengo neurketa Madrilen jokatuko dute, Club de Camporen zelaian, bihar, 12:30ean. «Ni hasi nintzenetik, gure kontrariorik handiena izan da goiko postuetan egon garenean. Oso talde indartsua da, eta partida gogorra espero dugu». Ezohiko liga hasiera izan dute espainiarrek. «Bi partida galdu dituzte jada. Baina horrek are arriskutsuago egiten ditu. Adi egon beharko dugu».

Helburuei begira, Lauko Finalean sartzea «handia» litzatekeela nabarmendu du. «Ondo hasi gara, baina oinak lurrean izan behar ditugu. Asko kostatzen da halako zerbait lortzea, eta gazteenei behin eta berriz esaten diegu».

Eta amestu daiteke garai bateko Reala txapeldunarekin? «Amestea zerbait lortzeko lehen pausoa da; posible ikusten duzulako da. Lortzeko bidea lana da». Izan ere, aurkariak gero eta gogorragoak dira, eta parekotasuna handiagoa. «Kataluniako taldeek, adibidez, guk baino gutxiago bidaiatzen dute, asko hangoak baitira. Hori sumatu egiten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.