Helmuga, irteera

Atenas buruan dutela hasi dute Euroliga talde indartsuenek; faboritoen artean dago Baskonia

Jon Rejado.
GASTEIZ
2006ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Maiatzaren 4an toki berean. Hori da Tauren hitzordua. Atenasen bertan hasiko du Baskoniak Euroliga, hilabete gutxi barru Lauko Finala hartuko duen hirian. Olympiakos izango du aurrez aurre, Europako saskibaloiaren jaialdira heltzeko faboritoetako bat (20:15ean, ETB1).

Hilabete eta erdiren ostean Scola kantxara itzuliko da berriro. Tau Baskoniaren saskipea herren dago Splitterren eta Fajardoren lesioen ondorioz, eta kapitainak txapelketa garaipen batekin hasten lagunduko du.

5 Talde Atenasera begira


Panathinaikos-Olympiakos : Greziako saskibaloia, gora
Europako txapelduna. Munduko txapeldunordea. Une gozoa bizi du Greziako saskibaloiak. Azken hamarkadan beherakada izan ondoren, berriro gora egin du nabarmen. Nahikoa da Panathinaikos eta Olympiakos aztertzea, horretaz jabetzeko. Etxean bertan izango duten Lauko Finalean egoteko moduko taldeak egin dituzte biek. Obradovic entrenatzaileak ohiko egiturari eutsiko dio aulkian, jokalari garrantzitsuak galdu baditu ere. Vujanic eta Delk heldu berriak gidaritzaz arduratuko dira. Diamantidisek taldeko ikurretako bat izaten jarraituko du. Defentsan bikaina, erasoan argia. Javtokasek saskipea nabarmen indartu du.

Olympiakosek ere talde bikaina osatu du. Gershon aulkian egongo da, maila goreneko jokalariak gidatuz: Penn, Macijauskas, Schortsanitis...

CSKA Mosku: Zergatik aldatu?
Zergatik aldatu behar da perfektua dena? CSKAk aurreko denboraldian txapeldun izan zen taldea mantentzen du, jarraian bigarren txapela lortzeko helburuarekin. Europako entrenatzaile onenetakoa dauka aulkian: Ettore Messina. Edozertarako prest da. Iazko abantaila izango dute, bigarren teknikari bat baitute kantxa gainean: Papaloukas. Joko banatzaile luzea, argia, ausarta eta irabazle sena duena. Kanpoko lerroa ere ikusgarria da: Langdom, Vanterpool... Maccabiren aurkako finalean maila gorenekoak direla ikusi zen argi. Saskipean aurreko denboraldiko jokalari garrantzitsuenetakoa berreskuratuko dute: David Andersen. Lesioa gainditu du, eta aurkariak berriro zigortzeko prest dago. Smodis izango du ondoan, mugikortasun handiko hegal-pibota.

Maccabi Tel-Aviv: Erraldoi horia, eraberritua
Aro berri baten hasiera. Bi urtean jarraian Europako txapelduna izan ondoren,talde horiak aro berri bati ekin dio. Zaila da aurrekoetan lortutakoa berdintzea, baina hori lortzeko urratsak egin dituzte. Neven Spahija fitxatu dute taldea gidatzeko, talde handi askok nahi zuten teknikaria. Gaztea da, baina hainbat txapela lortu ditu Kroazian eta Lituanian. Kanpoko lerroa aldatu behar izan du. Jasaitis da fitxaketa garrantzitsuenetakoa, Spahijak Lietuvosen izan zuen hegaleko gazte-gaztea. Bynum eta Sharp arduratuko dira joko gidaritzaz. Kanpoko lerroan Bursteinek garrantzi handiagoa bereganatuko du, Parkerrek taldea utzi ondoren. Bufforden laguntza izango du lan horretan, jokalari langilea oso. Saskipean Vujcic izango da euskarria. Kroaziako pibotak jokalari gazteak izango ditu ondoan, Yaniv Green edo Sharon Sashon bera, esate baterako.

Efes Pilsen: Itzalpetik irteteko asmoa
Azken hamarkadako talde sendoenetako bat izan ondoren, azken pausoa eman nahi du. Lauko Finalean sartu nahi du behingoz. Azken denboraldietan asko gerturatu arren, ez du saririk lortu. Aurten hori lortzeko moduko taldea egin du. Talde handi guztiek bezala, aulkitik bertatik eraiki du taldea. Seigarren urtez ariko da teknikari bezala Mahmuti, Turkiako ligan erakutsi duen nagusitasuna Europara zabaltzeko asmoarekin. Bizitasuna izango da Efes Pilsenen ezaugarrietako bat denboraldi honetan. Saskipeko jokalariek, Gonlumek eta Grangerrek kasu, korrika egiteko gaitasuna dute, geldikako jokoan bikain moldatzeaz gain. Saskiratzeko erraztasuna ere izango du, Drew Nicholas eta Horace Jenkinsen fitxatu baititu, aparteko saskiratzaileak biak. Prkacin hegaleko luzeak ere edonon lagundu dezake.

Beste faboritoak



Bartzelona. Hasiera eskasa egin du Ivanovicen taldeak, baina erritmoa lortu ahala aurkari beldurgarria izango da. Lauko Finalaren gozoa dastatu zuen, eta aurten irudia hobetzen saiatuko da.

Dynamo Mosku. Errusiako petrolioaren dirua saskibaloira heldu da. Dirutza xahutu du Europako onenen artean sartzeko. Ivkovic entrenatzaile dutela ezustekoa emateko aukera dute.

Climamio Bologna. Gaztetasuna eta kalitatea uztartzen ditu. Belinelli, Mancinelli... Saskibaloi jokalari bezala heldutasuna lortzear dauden jokalariak ditu. Aurten erakutsi behar dute euren onena.

Benetton Treviso. Garai batean onenen artean izan zuen tokira itzuli nahi du. Aurreko sasoian Top 16tik kanpo gelditu zen, eta aurten ez du hutsik egin nahi.

«Euroliga irabazten badugu, harreran euskaraz hitz egingo dut»



LUIS SCOLA Tau Baskoniako kapitaina
Gasteizen, Euskal Herrian daramatzan zazpi urteen errepasoa egin du Luis Scolak. Zuhurtzia eskatu du. Orain taldea ondo ari bada ere, bolada txarren bat ere iritsiko delako.

Oinazpian duen lesioa sendatu zaio kapitainari, eta Olympiakosen aurka jokatuko du sasoiko lehen partida (237 jokatu ditu Baskoniarekin). Osatzen eman dituen asteetan taldekideen bilakaera ikusi du. Superkopa, bost garaipen jarraian Ligan. Taldekideei laguntzen hasteko grina sumatzen zaio.

Zer moduz oina?

Hobeto, hobeto... Entrenatzen hasi naiz dagoeneko. Sasoiko jarri behar dut oraindik.

Aurrekoetan ez bezala, oraingoan guztiz sendatu nahi izan duzue lesioa.

Erabaki zaila da hori. Aurreko denboraldiko Kopa hasi aurretik lesionatuta nengoen, eta jokatzen jarraitzea erabaki genuen. Lesioa kronikoa bihurtu zen orduan, eta zailagoa da hori sendatzea. Mingarria zen oso. Ezin nintzen gustura entrenatu. Ezin nuen gustura jokatu. Poliki-poliki nire mailak behera egin zuen. Lesioa guztiz sendatzea zen erabaki onena. Zati bat apurtuta zegoela agerian gelditu zen denboraldi-aurrean egin zidaten erresonantzia magnetikoan, eta erabat gelditu behar izan nuen orduan.

Sendatu bai, baina ezin jokatu.

Taldekideak elkarrekin bizi dira. Zu baztertuta zaude, ordea. Lesioak oso gogorrak dira ikuspegi horretatik. Ezin duzu garaipenez gozatu. Ezin duzu une txarretan lagundu.

Nola ikusi duzu taldea hasierako jardunaldi hauetan?

Lasaitasuna ematen du taldea ondo jokatzen ikusteak. Ez du hutsik egin lesioekin arazoak izan ditugun arren. Oraingoz oso ondo gaude, baina zentzuz egin behar dira azterketak. Txapelak aurrerago jantzi behar dira. Lasaitasuna izan behar dugu. Garaipen boladan murgilduta gaudenean ezin dugu pentsatu onenak garela. Urtero ditugu bolada txarrak. Jarraitzaileak pozik egotea ulertzekoa da, baina taldeak lasai egon behar du. Une erabakigarrietan oso lagungarria da burua hotz izatea.

Euroliga hastear dago. Nola ikusten duzu?

Euroliga Euroliga da. Txapelketa garrantzitsuena da Europan. Oreka da nagusi. Berezitasun bat dago gainera. Zorrotzegi ez jokatzeko agindua dute epaileek. Joko gogorragoa eta biziagoa ahalbidetzen du horrek. Azken urteetako bidea egiten saiatuko gara.

Zer deritzozu egokitu zaizuen multzoari?

Ez dago zozketa onik, ezta txarrik ere. Hasieran indartsuenen kontra jokatuz gero, hurrengo fasean ez dituzu aurrez aurre izango. Dena den, onenen kontra jokatu behar da derrigor txapeldun izateko. Gogorra izango da. Dirutza eman dute klub askok talde indartsuak egiteko. Beldurtzeko moduko jokalariak dituzte talde guztiek. Guk ere talde ona egin dugu, hala ere, eta aurkariak kezkatuta egongo dira.

Argentinarra. Zazpi urte Baskonian. Lau zenbakia soinean. Ez zara hori lortzen duen lehena. Badakizu, ezta?

Bai, bai. Marcelo Nicola da bestea. Eta itzuli egin da, gainera!

Nicolaren bidea jarraitzen zenuen txikitan?

Marcelok eta Hugo Sconochinik Argentina aldi berean utzi zuten. Garai horretan ez zegoen ez Internet, ez ezer, eta haien jarraipena egitea zaila zen oso. Saskibaloian eitea erabaki nuenean haien jarraipena egin nuen. Panamerikar txapelketa jokatu zuten Argentinan, eta AEB mendean hartu. Guretzat hori ikusgarria zen. Nicolaren jokoarekin maitemindu nintzen. Saskibaloiaren ikuspegia aldatu zuen. Erabilera anitzeko jokalariaren aitzindaria izan zen. Hirutik jaurtitzen dute orain pibotek, eta Nicolak eragina izan du.

Aldagelan egingo duzue topo orain.

Horrela da bizitza. Urte askotan bizi izan zuen zerbait bizi dut nik orain. Pabiloiaren sarreran dauden argazkiak begiratzen ditut askotan. 89/90 denboraldiko argazkian agertzen da lehenengoz. Bederatzi urte nituen orduan, eta ez nuen Nicola ezagutzen, noski! Ramon Rivas ere oso gustuko nuen, 90. urtean Munduko Txapelketa bikaina egin zuenetik.

Beste norbait ezagutzen al duzu?

Juanito de la Cruz. Argazkia ikustean gogora etorri zitzaidan. De la Cruzek nire aitarekin eta nire ordezkariarekin jokatu zuen saskibaloian. Bere gurasoak eta arreba gugandik metro gutxira bizi ziren Buenos Airesen. Saskibaloiaz hitz egiten geundela behin gai hori atera zen, Baskonian jokatu zuela... Egun harreman polita dugu berarekin.

Noiz ezagutu zenuen Baskonia?

1995/96 denboraldian, Kopa irabazi zuen urte horretan. Urte hartan Alfredo Salazar Ekuadorrera joan zen, eta bertan ikusi nuen. Baskoniako gauza asko utzi zizkidan.

Gasteizera heldu zinenean, 2000/01 denboraldian, jokalari berri asko heldu zen.

Dusko Ivanovic, Sergi Vidal... Talde interesgarria zen, baina ez dut beste urte batzuetako oroitzapen onik. Gogorra izan zen. Oso gaztea nintzen, ez nuen asko jokatu... Euroligako finalera heldu ginen, ordea. Izugarri ikasi nuen.

2001/02 sasoia gogoangarria, ezta?

Politenetakoa. Kopa eta Liga irabazi genituen. Taldea, izugarria, eta giroa, bikaina. Lagun asko egin nituen. Chapu-ren gorakada heldu zen orduan (Andres Nocioni). Vidalek ere lan aparta egin zuen. Hugorekin egin nuen topo aldagelan (Sconochini). Elmer Bennett zen burua, eta Chris Corchiani bihotza. Laurent Foirest maisutasuna... Gogoangarria! Hurrengo sasoia txarra izan zen, ordea. Argazkian agertzen diren jokalari askok ez zuten asko jokatu.

03/04 denboraldian zuzendu zen hori.

Azken hiru denboraldiak izugarri onak izan dira. Ezin izan genuen sari ikusgarririk lortu, hala egokitu zelako, baina oso onak izan ziren. 03/04 denboraldian azken segundoan galdu genuen Lauko Finalera heltzeko aukera, Kopa irabazi genuen! Hurrengoan Lauko Finalera heldu ginen, baina bukaerak lortutako guztia zapuztu zuen. Herrerosen hiruko hura...

Azken denboraldiari buruz bi hitz?

Arraroa izan zen, baina polita. Kopa eta Superkopa irabazi genituen. ACBko Finalean ezin izan genuen onena eman. Bigarrengoz sartu ginen Lauko Finalean. Maccabi indartsuegia zen, ordea.

Aldagelan ez da algararik entzuten... Aurreko denboraldietako giro ona galdu da?

Ez pentsa... Konfiantza lortu behar dute jokalari berriek. Jokalari garrantzitsuek ahalbidetzen dute giro ona. Edu Hernandez, Oscar Garcia, Jordi Grimau, Javi Buesa, Jelic... Laster hasiko dira aldagelakoalgarak eta zalaparta.

18 urtetik 25 urte arte. Zuri dagokizunez, nolakoak izan dira zazpi urte hauek?

Zazpi urte asko da edozeinen bizitzan. Gazte baten bizitzan askoz gehiago da, ordea.

Bikain egokitu zara, ordea. Gazta txapelketa batean epaimahaian ere egon zara!

Toki bakoitzeko gauza onak erraz barneratzen dira, eta hemen asko dago barneratzeko! Oso gustuko ditut hemengo txokoak, janaria...Ahal dudala hemengo berezitasunak ikasten saiatzen naiz. Barkatu. Non argitaratuko da hau?

BERRIAn.

Jakingo banu euskaraz egingo nuke! Kar, kar... 'Zer pasatzen da?'. Bost bat esaldi dakizkit, baina gehiago esan behar baditut nahastu egiten naiz. Irakaslea topatzeko zailtasunak ditut! Euroliga irabaziz gero euskaraz egingo dut zaleen harreran, Andra Mari Zuriaren plazan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.