Emakumeen Bira

«Hemen ere zurekin!»

Lau ahizpa bikote ari dira Emakumeen Biran: Irene eta Ana Usabiaga, Soraya eta Asja Paladin, Alicia eta Lucia Gonzalez eta Paulina eta Monika Brzezna.

Paulina eta Monika Brzezna, aurtengo Birako lau ahizpa bikoteetako bat. BERRIA.
unai zubeldia
Eskoriatza
2016ko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ahizpa bakarrik ez, nire entrenatzailea ere bada Paulina, eta denbora asko igarotzen dugu elkarrekin». Monika Brzeznak (Oleszna, Polonia, 1991) irribarrez azaldu du Emakumeen Biran hotelean ere ahizpa duela gelakide. «Gehiegitxo da, agian, ezta?», barrez galdezka hasi da Paulina Brzezna ondotik (Oleszna, Polonia, 1981). «Hala ere, ez gara elkarrekin bizi», azaldu du gazteenak. «Bera ezkonduta baitago eta senarrarekin bizi baita». Birako lau adibideetako bat daBrzezna ahizpena.

Mat-Atom Sobotka taldeko txirrindulariak dira biak, baina beste hiru taldetan ere bada adibide bana. Espainiako selekzioarekin ari dira Irene (Ordizia, Gipuzkoa, 1993) eta Ana Usabiaga (Ordizia, Gipuzkoa, 1990); Top Girls Fassa Bortolorekin Soraya (Treviso, Italia, 1993) eta Asja Paladin (Treviso, Italia, 1994); eta Lointekekin Alicia (Vielha, Katalunia, 1995) eta Lucia Gonzalez (Vielha, Katalunia, 1990). Lehiarako ahizpa ondoan izateak ematen duen «konfiantza eta babesa» goratu dituzte denek.

Usabiaga ahizpek etxetik jasotakoa erein dute errepidean. «Bizikleta besterik ez dugu izan guk etxean, anaia ere txirrindulari izandakoa baita». Ana pedalei eragiten «anaiari segika» hasi zela argitu du Irenek. «Anaia futbolean ibiltzen zen hasieran, baina nazkatu egin zen, nonbait. Bizikleta denda batera joan eta talde batean izena eman zuela esanez etorri zen etxera». Orduan jabetu ziren aita ere txirrindulari izandakoa zutela. «Anaiaren oso segidakoa da Ana, eta haren atzetik hasi zen bera; geroxeago ni». Aurretik, igeriketan ibiltzen zen Irene. Itxuraz berdin-berdinak badira ere, izaeraz «erabat bestelakoak» direla argitu dute. «Metodikoa da Ana, dena lotuta edukitzea gustatzen zaiona, eta erremediorik gabekoa naiz ni».

Beste hiru kasuetan ez bezala, Paladin ahizpak gela banatan banatuta dauzkate Biran. «Badaezpada ere izango da!», bota du Sorayak, ahizpetan helduenak, taldekide guztien barre algara artean. «Ez, ez; besterik gabe, nahiago genuen bakoitza gela banatan egotea. Baina zoragarria da ahizpa gaztea lasterketan ondoan daukazula ikustea. Edozein keinu, edozein mugimendu nahikoa da elkar ondo ulertzeko». Txirrindulari izandakoak dira Paladin ahizpen gurasoak ere. «Eta ondorio logikoa izan zen gu ere bizikleta gainean jartzea». Zoratzen dabiltza biak Biran. «Oso lasterketa polita da, eta ingurua ere ederra da». Fisikoki antz handirik ez daukaten arren, lasterketaren batzuetan «okerreko izenarekin» deitzen dietela argitu dute. «Baina irribarre egin, eta aurrera egiten dugu beti».

Esprinterra edo txirrindulari bizia da Alicia Gonzalez, eta «igotzaile hobea» Lucia. Helduenak argitu du «harreman polita» daukatela. «Taldekideren batekin bestearekin baino hobeto moldatuko zara, agian, baina ahizpa ahizpa izaten da beti. Askoz estuagoa da harremana, eta oso garrantzitsua da ondoan izatea». Ia oharkabean heldu zion Luciak bizikletari. «Gustatu egin zitzaion, klub batean sartu zen, eta, ni baino bost urte zaharragoa denez, niretzat helduleku bikaina izan da beti Lucia. Nire ispilu izan da, eta aholku asko ematen dizkit».

Zaleen animoak, nahasita

Ordutegiek eta prestaketa moduek eraginda, Gonzalez ahizpak askotan ez dira entrenatzen elkarrekin, eta lasterketen ezaugarriek ere punta banatan jartzen dituzte normalean. «Baina sarritan deitzen didate niri Alicia eta berari Lucia. Gehienek badakite ahizpak garela, baina izenez ez gaituzte ezagutzen, edo, ezagututa ere, izenen amaierak oso antzekoak direnez, ba...». Urrutira joan gabe, Durango-Durango klasikoan animo oihu asko jaso zuela argitu du Luciak. «Baina 'aupa Alicia!' esaten zidaten etengabe». Hori bai, euskal zaleei buruz hizketan hasita, Aliciak goratu egin du Euskal Herrian sentitzen duten berotasuna. «Zaleak gertu sentitzen ditugu hemen, beste leku askotan baino askoz gertuago».

Esperientzia handiko txirrindularia da Paulina Brzezna, hogei urte baitaramatza bizikleta gainean. Poloniako Errepideko Txapelketa bi aldiz irabazitakoa da; 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan, zortzigarren amaitu zuen errepideko proba; Tourreko bi etapa garaipen ere badauzka... Poloniarrak ondo barneratuta dauzka lasterketetako gorabehera guztiak. «Baina batzuetan ez da erosoa izaten ahizpa ondoan edukitzea. Norbait erori dela entzutean, adibidez, ez da samurra ahizpa tropel berean izatea. Momentu horietan tentsioan egoten naiz beti». Denboraldi honetan, Poloniatik kanpoko lehen lasterketa dute biek. «Eta ibilbide hau oso gogorra da guretzat, hanketan nahikoa prestaketa ez daukagulako oraindik». 2007tik 2009ra ere lehiatu zen Biran Paulina. «Eta, zazpi urteren ondoren, hemen naiz berriz ere. Izugarri gustatzen zait proba hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.