Ustekabea dela esan daiteke: Herbehereak-Brasil final-laurdenean, Brasil etxera, Munduko Kopan arte oso itxura ona eman duen Brasil txapelketatik kanpo. 2-1 galdu du. Ondorioz, ezin honek seigarren mundiala irabazi eta, 2006an bezala, finaletik kanpo geratu da -1994an, 1998an eta 2002an finalean izan zen, eta bitan bihurtu zen txapeldun-. Herbehereei berriro zabaldu zaie mundial bat eskuratzeko aukera; bi aldiz izan da txapeldunorde, 1974an eta 1978an. 1998an laugarren izan ziren.
Bi parteko partida. Aurrena
Johan Cruyffek bazuen isilik egotea lehen zatiaren amaieran. "Brasilgo selekzioa egiten ari den jokoa irain bat da bere zaleentzat eta txapelketarentzat. Inoiz ez nuke sarrera bat ordainduko haien partida bat ikusteko", zioen hark ostegunean. Carlos Dungak erantzun zion: "Cruyffek sekula ez du ordaindu estadioetan sartzeko". Dunga da Brasileko hautatzailea, eta berak futbolari gisa zeukan seriotasuna eta diziplina du Brasilek. Eta kalitatea ere bai, eta ikuskizuna ere ematen du, Cruyff herbeheretarrak bestelakorik dioen arren -jokalari eta entrenatzaile erasotzailea zen hau-. Beste froga bat, final-laurdeneko lehen zatia: 0-1 nagusi Brasil, oso erraz.
Felipe Melo brasildar euskarriak ez omen du futbolik. 10. minutuan (ere) baduela erakutsi du: zelai erdirik pase sakona sartu dio Robinhori, eta honek gola, 1-0ekoa. Ez ditu halako paseak askotan ematen Melok, bere lana beste bat baita -zelai erdiko ordena-, baina ematea 'tokatzen' zaionean, tori. Cruyffek ere ikusiko zuen. Herbehereek ez dute horrelakorik egin lehen zati osoan.
Aurreneko zati horretan Brasilek ia utzi du final-laurdena erabakita: 25. minutuan Juanek erremate bat gora, 31.ean Kakaren area kanpoko jaurtiketan gelditu bikaina Stekelenburgek -Robinhok ezkerrean jokaldi zoragarria egin ostean-, Maiconek ia 2-0ekoa 45.ean.
Bi parteko partida. Bigarrena
Partidak bi zati ditu, eta txapelketako lehen final-laurdenak ere bi parte izan ditu nagusitasun aldetik. Zer egiten duen gol batek. 53.ean heldu da banakoa: Felipe Melok berak sartu du bere atean, buruz, Julio Cesar atezaina aldentzera atera den arren -norena da errua?-. Handik aurrera galduta bezala egon da Brasil, eta hazita Herbehereak. Zelaiko kokapenaren arrastorik ez zuen Brasilek. Herbehereek, berriz, presioa izan dute, borroka, grina...; ez da hori haien jokoa, baina emaitza eman die, jan egin dituztelako aurkariak. Robbenen abiadura ere garrantzitsua izan da.
68.ean sartu dute 2-1ekoa: Sneijderrek, korner batean buruz. Kuytek lehen zutoinean ondo jo du atzera buruz eta hark baliatu 2-1ekoa egiteko.
Harrezkero are galduago Brasil eta, gainera, Felipe Melok txartel gorria ikusi du Robben zapaltzeagatik. Herbehereak finalerdietara. Cruyffek esango du zerbait orain ere...
Uruguai izango dute aurkari finalaurrekoan (asteartea, 20:30). Van der Wiel eskuin lateralak eta De Jong euskarriak ezingo dute jokatu, txartelengatik. Mathijsen zentrala lesionatu egin da beroketa ariketak egiten ari zela -Ooijer atera du hautatzaileak-.
Herbehereak 2. Stekelenburg; Van der Wiel, Heitinga, Ooijer, Van Bronckhorst; Van Bommel, De Jong; Robben, Sneijder, Kuyt; Van Persie (Huntelaar, 85m).
Brasil 1. Julio Cesar; Maicon, Lucio, Juan, Bastos; Gilberto Silva (Gilberto Melo, 62m), Felipe Melo; Dani Alves, Kaka, Robinho; Luis Fabiano (Nilmar, 77m).
0-1: Robinho (10m). 1-1: Felipe Melo, bere atean (53m). 2-1: Sneijder (68m).
Larunbateko final-laurdenak
- Argentina-Alemania (16:00).
- Paraguai-Espainia (20:30).
final-laurdenak
Herbehereak finalerdietara, Brasil etxera
2-1 irabazi dute aurrenek. Lehen zatian nagusi izan da Brasil (0-1), baina gero Felipe Melok bere atean sartutako gola oso garrantzitsua izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu