Arraunlarien eta entrenatzaileen aho guztietatik ez bada, gehienetatik ateratakoa: «Bigarrenari errenta txikia ateratzen diogun arren, beti da hobeto tarte hori alde izatea aurka izatea baino». Kontxako Banderako bigarren jardunaldiaren atarian, Hondarribia dago arrauneko bandera preziatuenetik gertuen; Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa ontziko patroiak laugarrenez jarraian astindu nahi du, baina Santurtziko Sotera traineruaren hatsa txopatik oso gertu igartzen du: 1,74 segundora baino ez.
Ohorezko txandako taldeen artean dagoen alde txikia dela eta, gaurko estropada «ikusgarria» izango dela zalantza izpirik ez du Aitor Balda (Donostia, 1972) arraunlari ohiak. 2015ean aritu zen azkenekoz arraunean, bere betiko taldean: San Pedroko Libia ontzi historikoan. Kontxako bi bandera ditu irabazita: 1993. eta 1994. urteetan. Tostartetik kanpo dagoen arren, gaurko lehiari ez dio begirik ere kenduko. «Barrutik gogorra izango da, baina lehorrean gaudenontzat, polita».
Baldak Hondarribia eta Santurtzi ikusten ditu bandera preziatua irabazteko faborito. «Udako bi talderik indartsuenak dira. Borroka handia izango dute, eta bandera talde batera edo bestera joango da» Aitzitik, 3,96 segundora dagoen Zierbenarekin ez da inolaz ere ahaztu. «Halere, bi etsai atzean utzi behar ditu, eta ez dira edozein». Oriok egingo du arraun hiru oilar horiekin batera. Hondarribiarengandik 8,50era dago. Balda ez da ezkutatu: «Zierbenak zail badu, Oriok zer esanik ez. Hondarribia eta Santurtzi baino koska bat beherago dago». Donostiarra ere izan du hizpide; lehen txandan ariko da, Urdaibai, Cabo eta Aresekin batera. «Eguraldi aldaketa gertatu beharko litzateke estropada hankaz gora jartzeko, eta iragarpenek ez dute hori adierazten». 9,10era dago.
Aldeak alde, Hondarribia eta Santurtziren arteko buruz buruko lehian, ahobizarrik gabe mintzatu da Balda: «Hondarribiak aurreko igandeko estropada bera egiten badu eta baldintza bertsuak badaude, nahikoa izango du irabazteko. Hori bai, estropada irabazi beharra du». Santurtziren inguruan, berriz, hau esan du: «Haizea harrotzea eta aurka izatea komeni zaio; hondarribiarrek baino pisu eta indar handiagoa baitute».
Arraunlari eta prestatzaile askok bezalaxe, Baldak ere itsasoaren iragarpena begiratu eta aztertu du azken egunotan. 0,6 metroko olatuak daude iragarrita, eta haizeak, lehen jardunaldian bezala, ipar-ekialdetik joko du; bederatzi kilometroko orduko abiadura, batez beste. Baldak ez du uste aldeak ateratzeko baldintza egokiak direnik. «Hori bai, inork ez du nahiko lehendabiziko kaletik arraun egin, itzulerakoan txarrena izan litekeelako». Argi du kale zozketak psikologikoki «eragina» izango duela gaurko dema erabakigarrirako.
Azken luzean hautsiko da
Edozer gauza txiki nahikoa izango da bandera kareletik botatzeko. «Gerta daiteke ziaboga txarra edota irteera ustela egitea; lehen jardunaldian Hondarribiari gertatu zitzaion moduan». Itsasoa misterioz betetako ur putzua da, «eta ez atletismoko pista bat. Itsasoak gauza asko ditu, badian nahiz kanpoaldean», adierazi du arraunlari ohiak.
Kanporanzko lan mardula egin eta maniobra egin ostean, patroiek izango dute nahiko buruhauste, noiz eta nora eraman ontzia. Baldak irakurketa hau egin du: «Ziabogatik atera eta segituan laugarren kalera joateak badu bere arriskua; metro gehiago egin behar dituzte. Jokaldia ondo ala gaizki atera ahal zaie». Barrualdeko kalea tokatu zaion taldeari, ordea, laugarren kalera joateko alboan dituen aurkariak brankaz atzean uztea «gakoa» izango dela gogorarazi du. Borroka horretan itsasoko epaileak «bizi» ibili beharko du, ur handietan ez sartzeko. Balda seguru da estropada azken luzean hautsiko dela, baita banderak zein herrirako norabidea hartzen duen jakin ere.
Kontxako bandera (G)
Herri batera edo bestera doa
Hondarribiak 1,74 segundoren alde txikia du Santurtzirekiko. Aitor Balda arraunlari ohiaren ustez, haizea harrotzen ez bada, berdeek aukera gehiago izango dute irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu