Dayron Robles

Hesiz hesi zaildutako txapelduna

Dayron Robles kubatarrak urrezko domina kolkoratu zuen 110 metro hesidunetan, 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan, eta Euskal Herrian izan da. Egun, ostalaritzako pare bat negozio kudeatzen ditu familiarekin.

AINARA ARRATIBEL GASCON.
ainara arratibel gascon
Donostia
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Dayron Robles hesi jauzilariak (Guantanamo, Kuba, 1986)2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan dastatu zuen loria. Ondoren, garai zailak bizi izan zituen, baina denetatik «asko» ikasi duela dio. Lasterketetan barruan zuen «lehiatzeko grina» atera zuen, eta, orain, kirolak utzitako irakasgaiak eta balioak erabiltzen ditu «bizitzako alor askotan». Egun hauetan Donostian da. «2009an etorri nintzen lehen aldiz. Familiatzat ditudan lagunak dauzkat hemen».

Atzera begira jarri da, bere ibilbidearen errepasoa egiteko. Umea zela hasi zen kirola egiten: «Haurrek kirola egiteko sistema indartsu bat dago Kuban. Nik saskibaloia eta boleibola ere egin nituen. Baina atletismoa aukeratu nuen. Irabazi egiten nuen, eta nire ezaugarri fisikoetarako kirol egokiena zen». Gainera, atletismoak erreferente asko zituen garai hartan Kuban. «Iraultzaren aurretik ere atletismoak historia eta indar handia izan zuen Kuban. Enrique Figuerola, Alberto Juantorena, Ivan Pedroso, Javier Sotomayor... Niretzat erreferente ziren atletismoan nituen helburuak betetzeko. Gure kirolaren historia dira».

Hasieran apenas zuten baliabiderik. «Gure baliabiderik onenak ilusioa eta ametsak betetzeko genuen gogoa ziren. Horri esker lortu genituen gerora baliabideak ahalbidetu zizkiguten emaitzak», nabarmendu du. Dominak lortzeko nahia eta ametsa hor zeukan. Baina bazen horren gainetik gailentzen zen desio bat:munduko onenekin lehiatzea. «Hori izan zen nuen motibazioaren zutarria». Pixkanaka bidea eginez joan zen, eta 2006an lehen garaipen handia lortu zuen: zilarrezko domina eskuratu zuen 60 metro hesidunetan Moskun jokatu zen Pista Estaliko Munduko Txapelketan. «Ez nuen espero horren azkar izatea». Ondoren iritsi zen 110 metro hesiduneko munduko marka. Ostravan lortu zuen Txekiako Errepublikan, Golden Spike topaketan: 12.87. «Munduko marka lortzea, hori ez genuen espero. Are gehiago, marka lortu aurreko bi probetan ez nintzen batera ondo aritu. Lasterketa ia perfektua izan zen».

Goia, dena den, 2008an jo zuen, Pekingo Olinpiar Jokoetan. Urrezko domina lortu zuen 110 metro hesidunetan. Lasterketa hura irabazteko gakoa zein izan zen galdetu izan diote askotan. Beti gauza bera erantzuten du. «Final batean onenak daude, eta xehetasun teknikoek gutxirako balio dute. Irabazi egin behar da, eta kito. Hala egin nuen».

Baina ondoren iritsi ziren urte gogorrenak: lesioekin arazoak izaten hasi zen. Eta 2011n, Aire Zabaleko Munduko Txapelketan, garaipena lortu zuen. Baina kanporatu egin zuten, Liu Xiang txinatarra oztopatu zuelakoan.Kritika gogorrak jaso zituen, eta tranpak egitea ere leporatu zioten. Baina berak adierazi izan du ez zuela nahita egin, eta beti korritzen zuela postura horretan.

Baina zalantzarik gabe haren gurutze bidea lesioak izan ziren. Horien erruz, besteak beste, 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan finala utzi behar izan zuen. Egoera horretan, bakarrik sentitu zen, eta selekzioa uztea erabaki zuen. «Erabaki gogorra izan zen. Desilusionatuta eta triste nengoen, ez zidatelako laguntzen. Ez nuen nahi beste batzuek nik pasatutakoa pasatzea». Handik hilabete batzuetara Monako taldearekin lehiatu zen Turinen jokatutako topaketa batean. Eta horrek haserrea eragin zuen Kubako selekzioan. «Diziplina eta etika faltagatik» zigortu zuten. Bi urte geroago selekziora itzuli zen. «Gutxienez selekzioarekin lehiatzeko aukera izan nuen berriz. Niretzat bi urte haiek oso zailak izan ziren. Kritika gogorrak jaso nituen. Baina barrutik ez bazen ere, nik beti defendatu nuen nire herrialdea. Ez nintzen sekula joan».

Kubako atletismoa, egun

Robles erretiroa hartuta dago. Baina nola da egun atletismoaren egoera Kuban? 1990eko hamarkadako loraldiaren parekoa izan ez arren, azken urteetan berriro ere «gora» egiten ari dela azaldu du. «Harrobian berriro ere lan ona egiten ari da, eta guk genuen ilusio eta gogoarekin ari diren gazteak ikusten ari naiz». Berak atletismoari lotuta jarraitzen du, batez ere logistika eta azpiegitura kontuetan. «Hor dugu gabeziarik handiena».

Txapelketa nagusiak gertutik aztertzen ditu, eta argi du bere garaiarekin alderatuta zein izan den aldaketa nagusia. «Zientziak eta teknikak gero eta eragin handiagoa dute emaitzetan. Teknologia berriei esker, errendimendua eta prestakuntza askoz kontrolatuago eta dokumentatuago dago. Hori lotuta, atletek instintuz lehiatzeko gaitasun apur bat galdu dute».

Egun Aries Merrittek du Munduko marka 110 metro hesidunetan: 12.80rekin. 2012. urtean lortu zuen. «Esango nuke egun lehiatzen direnen artean Grant Hollowayk duela marka hori jaisteko aukera gehien». Holloway munduko txapeldun izan zen iaz. Asier Martinez hirugarren izan zen. 13.17ko marka egin zuen nafarrak. «Ez dut zuzenean Asier lehiatzen ikusteko aukerarik izan, baina uste dut bi ezaugarri oso on dituela onenen artean egoteko: grina eta gaztetasuna». Martinezek beti esan ohi du irteeretan duela zer hobetua. Roblesek argi du. «Irteera hesietako proba bateko gauzarik erabakigarriena da, eta, hori hobetuta, pauso handia eman dezake».

Gaur egun, Roblesek eta haren familiak hainbat ostatu eta jatetxe kudeatzen dituzte Kuban. Gainera, modu ekologikoan lantzen dituen lur batzuk ditu, eta bere jatetxe eta ostatuetako fruta eta barazkiak bertakoak dira. «Nik beti esaten dut ekintzaile bat naizela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.