Irabazi beharra zeukan Caja Laboral Baskoniak Euroligan ametsetan jarraitzeko, eta, izugarri sufrituta, baina azken unean lortu dute helburua gasteiztarrek, Heurtelek lau segundo falta zirela lortutako saskiratzeari esker (64-62). Lehen zazpi partidetatik sei galduta zeuden gasteiztarrak, eta, partida hasi aurretik, bi garaipen gehiagorekin zeuden Milangoak. Hastearekin batera hautsi da lehia. Lehen bi laurdenetan italiarrek asko estutu dute defentsan, eta 28-42 iritsi dira atsedenaldira. Hanka eta erdi Euroligatik kanpo zeukaten gasteiztarrek, baina hirugarren laurdenean, eta azkenekoan bereziki, asko estutu dute defentsan, eta 59-59 berdindu dute partida, amaierarako 2.06 minutu falta zirela. Hirukoa lortu dute jarraian italiarrek (59-62), hirukoa Baskoniak, San Emeteriori esker (62-62), eta Olesonek bi jaurtiketa libre huts egin ondoren, Heurtelek lortu du azkenean miraria. Bi segundo falta zirela, Basilek ez du asmatu azken hirukoa sartzen, eta etxean geratu da garaipena. Etxeko lehen garaipena da gasteiztarrentzat. Bi jardunaldi falta direnean, hiru garaipenekin dago Armani, laugarren postuan, eta bina garaipenekin daude Caja Laboral eta Cedevita Zagreb.
Saskibaloia
Heurtelek azken unean arnasa eman dio Caja Laborali
Partida guztian atzetik ibili ostean, gasteiztarrek 64-62 irabazi diote Emporio Armaniri, eta 2-6 balantzearekin, Euroligan aurrera egiteko ametsetan jarraitzen dute oraindik. Bi partida geratzen dira lehen ligaxka amaitzeko, eta garaipen bakarrera geratu dira orain italiarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu