Racingek joanekoan lortutako bi goleko aldeari eman nahi dio buelta gaur Athleticek, San Mamesen
haritz gallastegi
Bilbo
«Arimarekin posible da», irakurri genuen atzo Lezaman. Pablo Orbaizen jarraitzaile zuri-gorriek ipini zuten pankartaren leloa da. Izan ere, Sardineroko porrot mingarriaren ostean zale zuri-gorriek zuten ezkortasuna esperantza bihurtu da itzuliko partida jokatzeko eguna ailegatzen zen heinean.
Athleticeko zaleek mirarietan sinesteko premia dute. Athleticek San Mamesen jokatzen duenean harmailak betetzen jarraitzeko arrazoien bila aritzen dira neurketa batetik bestera. Gehienetan ez dute pisu handiko arrazoirik behar Katedrala bisitatzeko. Beti aurkitzen dute esperantzarako ateren bat: klubaren historia, taldeak beti izan duen grina eta oldarkortasuna berreskuratuko duen esperantza, gauzak okerrago egitea ezinezkoa dela pentsatzea, entrenatzaile zein jokalariren baten esanak... Gauzarik txikienak balio du talde zuri-gorriko jarraitzaileek San Mameseko txarteldegietan ilara luzeak egiteko.
Azken arrazoia Bartzelonaren aurkako partidan aurkitu zuten. Zehatzagoa izateko, kataluniarren aurkako neurketako azken ordu laurdenak motibatu ditu zaleak. Hilda zirudien talde batek egin zuen indar erakustaldiak eromena eragin zuen harmailetan. Aspaldian antzeko susperraldirik ikusi barik zeuden. Hil arte borrokatuko direla erakutsi zuten jokalariek. Jarraitzaileek, berriz, euren taldeari bultza egiteko jarrera ona ikustea baino ez dutela behar jakinarazi zieten futbolariei. Hamabost minutuko indar hustualdia eta Espainiako Kopak Athleticentzat duen xarma berezia nahikoa izan dira San Mames betetzeko. Bete bakarrik ez, ordea. Athleticeko jarraitzaileak bero-bero joango dira neurketara. Iluntzean, lanetik irten berri, egun guztian batu duten estresa askatzeko prest agertuko dira futbol zelaian.
Taldearen inguruan sortu den esperantza olatua aprobetxatu gura du Joaquin Caparrosek. Entrenatzaile espainiarra Bilbon bizi da eta jakin badaki zein den Athleticen inguruan dagoen giroa. Eta ez zuen mementoa pasatzen laga gura izan. Zaleek gustuko dituzten adierazpenak egin zituen atzo Lezaman egin zuen prentsa agerraldian. Lehenengo eta behin, bere konpromisoaren berri eman zuen. «Ia edozer gauza emateko prest gaude kanporaketa irabaztearren». Bigarrenez, Athleticen eta Katedralaren historia gogorarazi zituen: «San Mamesen beste gau magiko bat bizitzea gura dugu». Eta, hirugarrenez, jokalarien inplikazioaren berri eman zuen: «Sarrera guztiak agortuta daudela irakurri dut futbolarien aldagelan. Motibazio handiarekin daude eta jarrera horixe behar dugu». Jokalariek, egia esan, ez dute gustuko aldagelan esaten eta egiten denaren berri informatzea, baina ziur Caparrosek bere helburua lortu duela.
JOKATZEKO DAUDEN ONENAK. Entrenatzailea baikor agertzea garrantzitsua da. Haren ardura eta lana da jokalariei kanporaketa gainditzea amets bat besterik ez dela sinestaraztea. Baina ez da komeni ahaztea taldearen jokoak erabakiko duela zein talde sailkatuko den finalerdietarako. Athleticena, egiari zor, eskasa da oso. Zuri-gorriak ematen ari diren mailarekin askoz samurragoa da neurketaren ordu erdia bete aurretik Marcelinoren eta Tchiteren Racingek guztiz erabakita edukitzea kanporaketa. Adierazpen baikorrak baino askoz garrantzitsuagoa baita jokalariek zer egin behar duten zehatz-mehatz azaltzea.
Nola jokatuko du gaur Athleticek? Lehen minututik Racingen atearen bila zelairatuko da edo Ligako norgehiagoka baten antzera egingo dio aurre neurketari? Erdiko aurrelari batekin edo birekin jokatuko du Athleticek? Zalantza asko daude Caparrosen eta haren taldearen inguruan. Kontu pare bat dago argi. Bata, entrenatzaileak bere gustuko jokalariak zelairatuko dituela. Espainiako Kopako gainerako partidetan ez bezala, Racingen aurka Ligan ohikoak direnak arituko dira. Tiko, Del Horno, Murillo eta Luis Prieto ez daude hautatutakoen zerrendan. Javi Martinez, Orbaiz eta Iraola ere ez, baina horiek min hartuta daudelako. Beraz, Exposito eta Koikili izango dira hegalekoak. Zelai erdirako, berriz, Muñoz da deialdian dagoen euskarri bakarra. Ondorioz, Yestek arduratu beharko du Athleticen jokoa antolatzeaz. Erasoko jokalari guztiak, berriz, aukeratuen zerrendan daude, baita Aitor Ramos eta Garmendia ere.
Eurak izan ziren azken jardunaldian Athletic biziberritu zuten jokalariak. Beraz, baliteke gaur hasieratik jokatzeko aukera izatea. Ea Kopan zauri larriak dituen Athletic osatzeko gai diren. Horretarako, gutxienez bi gol sartu beharko ditu talde bizkaitarrak. Racingek bat sartzen badu, aldiz, hiru goleko abantaila beharko du kanporaketa gainditzeko. Lan gaitza golak sartzeko arazoak dituen talde batentzat. Hala ere, hil arte bizi.
«Beste gau magiko bat bizi gura dugu. Ia edozer gauza emango genuke kanporaketa irabazteko»
joaquin caparros
athleticeko entrenatzailea