Hil hau bizirik dago

Zumaia da azkena San Miguel ligan, eta hamar puntura du ez jaistea, sei estropada jokatu eta gero. Anjel Etxaniz presidentea eta Patxi Frances entrenatzailea ez daude etsita, ordea: «Eman diezaiokegu buelta oraindik», diote.

Zumaiako arraunlariak eta patroia, larunbatean, Bilbon, ziabogako lanean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bazekiten Zumaiako Arraun Elkartean zaila izango zela aurtengo San Miguel liga, eta helburu bat eta bakarra jarri zioten euren buruari: mailari eustea. Sei estropada jokatuta, helburua oso urrun ikusten duenik ere bada klubaren kanpotik begiratuta. Izan ere, hamar puntura dauka azken-aurrekoa Telmo Deun historikoak. Baina klubaren barruan itxaropena ez dute galdu, eta baikortasunez mintzo dira kideak. «Harrapa dezakegu Portugalete oraindik», aitortu dute.

Aldarte horretan daude, esaterako, Anjel Etxaniz presidentea eta Patxi Frances entrenatzailea. Onartu dute helburua zail jarri zaiela eta euren taldeak duela arrisku handiena mailan behera joateko. Baina eguzki izpiek indartsu jotzen dute, oraindik, Zumaian: «Zergatik ez diogu, bada, buelta emango?», hausnartu dute Etxanizek eta Francesek.

Fedea izaten jarraitzeko helduleku sendoena taldea bera dela dio entrenatzaileak: «Sekulako ilusioarekin daude, eta lanerako jarrera harrigarria daukate. Oso giro ona dago, eta gure esku dagoen guztia ari gara ondo egiten. Horrek ematen digu indarra eta konfiantza sinesten jarraitzeko». Etxanizek ondorengoa gehitu du, horren harira: «Zer gehiago eskatu behar zaie arraunlariei? Dena eta gehiago ari dira ematen-eta. Ligan azken sailkatuak inoiz ez du eman hain maila ona, eta denborak eta sailkapenak hor daude». Beste heldulekua ari zaie, baina, huts egiten: kanpoko faktoreena. Esaterako, onartu dute batere mesederik ez diela egin sei estropadetatik lau ibaian eta erlojuaren aurka jokatu behar izateak. «Hori gutxi ez, eta itsasoan jokatu ditugun hiru estropadetan kalerik txarrena tokatu zaigu, eta Portugaleteri onena hiru aldietan», azaldu dute biek.

«Ez dugu negarrik egin nahi, eta ez dugu hasi nahi aitzakiak jartzen, baina horixe da errealitatea. Ea datozen estropadetan zorte ona ere etortzen zaigun gure aldera». Francesek ondorengo gogoeta utzi du: «Taldean ez dugu ezer sobera; badakigu liga hau inoizko zailena ari dela izaten taldeen mailagatik, eta, gainera, zorte txarra ari gara izaten».

Taldea, animoz ondo

Herenegun Getxon, eta aurreko igandean Donostian; bi kolpe latz hartu arren, arraunlariak bizi-bizi daude, eta Francesen adibideak ederki azaldu du hori: «Getxoko estropada bukatu eta ontzi motordunan arraunlariengana joan nintzenean, eurek animatu ninduten ni. Ez daudela etsita esan nahi du horrek, eta oraindik ez dugu esan azken hitza. Zumaia bizirik dago oraindik». Entrenatzailearen aitortza da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.