Clara Azurmendi

Hilabete amets bat prestatzeko

Clara Azurmendi donostiarrak estreinakoa du Olinpiar Jokoetan. Emaitzei erreparatu gabe, bere arrastoa utzi nahi du: «Nire ohiko jokoa erakutsi nahi dut».

Clara Azurmendi, partida batean. CLARA AZURMENDI
ainara arratibel gascon
2021eko uztailaren 22a
16:19
Entzun

Urtea hasi zen bezala hasita, nork esan behar zidan Olinpiar Jokoetan parte hartuko nuenik». Clara Azurmendirentzat (Donostia, 1998) ez ziren errazak izan urteko lehen hilabeteak. Batetik, oin zolako faszian arazoak izan zituen, eta horrek ez zion utzi nahi bezala jokatzen eta entrenatzen. Bestetik, koronabirusarekin kutsatu zen. Ez zuen sintomarik izan, baina Europako Txapelketara joan ezinik geratu zen: «Hamar eguneko itxialdia egin nuen, eta kalera irteteko moduan nengoen. Baina oraindik birusaren arrastoak nituen gorputzean, eta positibo ematen nuen. Horren ondorioz, ezin izan nuen bidaiatu». Gainera, nahiago zuen zuhurtziaz jokatu: «Hamar eguneko etena izan eta gero, arrisku handiagoa zegoen lesioren bat izateko. Hori ere bazen beste arrazoi bat».

Hala, aurtengorako zuen helburu nagusia zapuztu zitzaion: «Amorrua sentitu nuen». Baina, egoerara egokitu, eta joka zitzakeen torneo apurrei eta urte amaieran izango den Munduko Txapelketari begira jarri zen: «Inondik inora ez nuen pentsatu Tokiora joango nintzenik». Ekainean, ordea, Carolina Marinek min hartu zuen. Egungo olinpiar txapeldunak ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen, eta handik gutxira Espainiako Federazioak baieztatu zion Tokion izango zela.

Bitxia da nola jaso zuen berria. Izan ere, Azurmendiren aita Espainiako Badminton Federazioko presidentea da; haren familian kirol hori zein errotua dagoen seinale: «Mezu bat bidali zidan. Afalordua zen, eta goi errendimenduko zentroko jangelara sartzean, zain nituen taldekide guztiak zoriontzeko». Azurmendik argi du: «Pena da kide baten lesioagatik izatea, lagun handia baitut Carolina, eta nire hazkundea harekin entrenatzetik ere bai baitator. Baina nire ametsa beteko dut, eta ilusio handia dut».

Kirolari askok lau urte izan ohi dituzte Olinpiar Jokoak prestatzeko. Oraingoan, bost, COVID-19ak eragindako atzerapenagatik. Azurmendik 30 egun eskas izan ditu burua eta gorputza Tokiora begira jartzeko. Halako lehiaketa bat prestatzeko orduan kirolariek izaten duten hilabeteetako presioa kendu al dio horrek? Bada, ez: «Berdin dio noiz esaten dizuten. Hain txapelketa handia jokatzeak beti eragiten du presioa. Baina presio positiboa da, eta kudeatzen jakin behar da». Horri lotuta, ondorengo hau erantsi du: «Goi mailan, buruz indartsu ez bazara, jai duzu. Presioak ezin dit eragotzi bizitzen ari naizen amets hau disfrutatzea».

Prestakuntza «oso intentsoa» izan da: «Baina, gutxienez, lehen egunetan Donostian egin genuen, etxean». Azurmendik urteak daramatza Madrilgo Goi Errendimendu Zentroan, eta han dituen prestatzaile eta entrenamendu kideak Donostiara etorri ziren ekain amaieran eta uztail hasieran: «Argi nuen etxekoekin egon beharra nuela Tokiora joan aurretik. Beti izan ditut ondoan: badmintonean jokatzen hasi nintzenean, 13 urterekin Madrilgo Goi Errendimendu Zentrora joan nintzenean, orain... Haientzat ere ez da erraza izan alabarengandik urrun egotea. Eta ahal nuen neurrian haiekin bizi izan nahi nituen hona etorri aurreko ilusio egunak».

Pio Baroja kiroldegian egin zituen entrenamendu tekniko-taktikoak, eta Hegalak gimnasioan fisikoak. Lan ona egin zutela uste du: «Bi prestatzaile eta bederatzi jokalari aritu gara buru-belarri lanean, eta izan dugun denborarako lan oso ona egin dugula uste dut». Goizez hiru entrenamendu egiten zituzten, eta arratsaldez, bi: «Horrez gain, astean behin psikologoarekin lan egiten nuen».

Egun batzuk daramatza jada Tokion. «Oso gustura» dago: «Olinpiar Hiria oso ondo dago antolatuta, eta lehiaketa gunea oso ondo dago. Hiru pista ditu». «Lasai» daude, Olinpiar Hirian dauden kirolarien artean COVID-19 kasuak egon diren arren. «Oro har, giroa lasaia da. Osasun neurriak zorrotz betetzen direla ikusten da, eta horrek beti ematen du lasaitasuna».

Larunbatean du lehen lehia, An Sy korearraren kontra (13:00): «Multzoko aurkaririk gogorrena da. Gaztea da, baina oso ondo jokatu du azken torneoetan. Nik nire onena emango dut, eta, irabazten badit, izan dadila hobeto jokatu duelako».

«Lasai» dago, helburua «argi» duelako, eta jokoz «ondo» ikusten duelako bere burua: «Espainiako Txapelketa eta Austriako Irekia irabazi ostean, konfiantza daukat. Nire ohiko jokoa berreskuratu dut. Gainera, fisikoki ere fresko nago, bizkor. Hori funtsezkoa da niretzat. Izan ere, COVID-19a pasatu eta gero, kostatu egiten zitzaidan ahaleginetik indarberritzea. Aste hauetako lan karga ondo eraman dut».

Tekniko-taktikoki, berriz, ez du ezer berezirik prestatu: «Emaitzetatik harago, nire arrastoa utzi nahi dut, nire jokoa erakutsi. Hala eginez gero, gustura itzuliko naiz etxera». Bere jokoari azpimarra hau egin dio: «Gai naiz tanto luzeko partidei eusteko, baina jokalari bizia eta oldarkorra naiz batez ere, eta tanto gehienak lehen 6-8 pilotakadetan egiten ditut. Ea joko hori egiteko gai naizen, baita eraginkor aritzeko ere».

Zortzi erraketa

Maleta ilusioz gainezka duela iritsi da Tokiora, eta horrekin batera joan dira erraketak. Zortzi eraman ditu. Oraindik, hala ere, ez du aukeratu zeinekin jokatuko duen. «Ez dut mania handirik horrekin. Denak berdinak dira, eta, entrenamenduetan erabili eta gero, ez dut lehentasun handirik izaten».

Behin Tokiotik bueltan, atseden hartzeko egun gutxi batzuk baino ez ditu izango: «Abenduko Munduko Txapelketa prestatzen hasi behar dugu». Baina Jokoak «mugarri» izatea nahi du. «Hazten segitu nahi dut; ez naiz konformatzen orain artekoarekin. Onenekin lehiatzeko aukera izango dut, eta uste dut horrek beti laguntzen duela hazten eta hobetzen. Ea horrela jarraitzen dudan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.