Blues abeslari baten ahotsa entzuten da telefonoaren beste aldean, lakarra. «Igande alai baten ondorengo astelehen gogor bati dagokion ahotsa da», zehaztu du David Merinok (Errioxa, Espainia, 1990). Leher eginda dagoela esan du behin eta berriz, baina umorea galdu gabe. «Zorionez, bihar [gaur] jaieguna da, eta gimnasioa itxita dagoenez ezin gara entrenatu». Final bikaina jokatu ondoren egun eta gau magikoak izan zituen igandean.
Zer moduz zaude?
Nekatuta. Oso. Gutxitan egon naiz hain nekatuta. Nire hankek porlanezkoak dirudite, leher eginda nago.
Zer moduz ospakizunak?
Ondo. Titin eta biok berandu iritsi ginen afaltzera, hamaikak pasatuta, dopin kontrola zela eta. Lagunak eta familiakoak han ziren, eta oso ondo pasatu genuen afari guztian. Laurak aldera bildu ginen, igande gaua zen, eta Logroñon ez zegoen nora joan askorik.
Partida irabazi berritan, zer-nolako euforia kantxan.
Egia esanda oso gutxirekin gogoratzen naiz. Jendea berehala etorri zitzaidan gainera, airean ibili ninduten, txapelak... Handia da guzti hau, eta Titinekin irabazteak handiago egiten du. Duela hamar urte telebistan ikusten nuen, eta niretzat ametsa zen berarekin noizbait jokatu ahal izatea... bada pentsa txapel bat irabaztea. Eta orain lortu izana, lau hilabeteko txapelketa batean, ametsa da.
Zer da gehien esan, edo abestu, zizutena finalaren ondoren?
Zorionak eman dizkidate, eta txapelketa bikaina egin dudala. Halere, argi dut gure sekretua bikote lana izan dela.
Zenbat egun beharko dituzu gorputzari buelta emateko? Giharminik?
Asteazkenean hasiko naiz entrenatzen, eta beharko ditut egun batzuk. Leher eginda nago, txikituta, giharmin itzelak ditut, hilotz ibiltari bat naiz [barrez].
Non dago txapela?
Hemen, etxean. Etorri diren guztiek jantzi dute argazkiak eta ateratzeko. Bart, halere, kotxean utzi nuen, gal ez zedin, ondo zaindu behar da.
Egunkariak ikusi al dituzu?
Bai, politak dira azalak. Gordetzekoak. Kronika guztietan ondo jartzen naute eta hori ere eskertzekoa da.
Txapela gauza handia da.
Ez da egunero lortzen den zerbait. Augustorekin halako esperientzia bizi ahal izatea izugarria da. Oso hunkigarria izan zen eta oso pozik gaude. Inoiz ahaztuko ez dudan egun bat.
Finaleko bideoa ikusiko al duzu?
Ikusiko dut, baina ez orain, egun batzuk barru. Hori bai, normalean partidak hutsak aztertzeko ikusten ditut, hau, berriz, gozatzeko ikusiko dut.
Finaleko ze irudi duzu buruan?
Ez dut irudi jakin bat, partida osoa baizik. Titinen animoak, jendearen oihuak... Guk bikote bezala partida bikaina egin genuela uste dut. Atzean ez zen hainbeste alderik egon, baina Titinek Xalak baino hobeto errematatu zuen eta hor egon zen aldea. Hamar edo hamabi tanto egin zituen jokoan eta hori final batean nabarmentzekoa da.
Partida osoan aurretik joan zineten.
Horrek asko lagundu gintuen, eta gero, 7-14koan, tartetxoa irekitzeak. Aurretik beti jokatzen duzu lasaiago, tantoren bat jaso eta oraindik aldea duzula ikusten duzulako. Gainera Xalarekin ezin duzu asmatu, ezta erlaxatu ere, edozein unetan partidan bete betean sartzen da eta edozein alde jaten dizu. 18-10ekoarekin bi erremate asmatu zituen, eta pentsatu nuen, 'ez zaigu bada orain sartuko?' Baina Augustok ondo eutsi zion defentsan.
Laskurainek asko estutu zintuen.
Laskurainek partida bikaina jokatu zuen. Txapelketa bikaina egin du, txalotzekoa.
Arazo fisikoak izan zenituen azken txanpan. Finalak ihes egin zezakeela pentsatu al zenuen?
Ez, argi neukan berriz ere kantxara irtengo nintzela. 21-15 genuen alde, eta konfiantza nuen mediku eta erizainaren masajearekin partida bukatu ahalko nuela. Hankak erabat gogortuta nituen eta eurei esker jarraitu ahal izan nuen. Dena den, banekien itsu-itsuan errematatzen hasiz gero Titin tanto bat gehiago egiteko gai izango zela.
Ez zinen bakarrik sartu aldagelan.
Laskurain eta biok etzanda geunden, ni gihar bikiekin eta bera iskiotibialekin. Xala gero sartu zen, ipurmasaileko minez. Partida oso gogor baten irudia zen. Azkenean Titin, zaharrena, izan zen arazorik gabe bukatu zuen bakarra. Final epiko bat izan zen.
Babesik ez zitzaizuen falta izan.
Errioxako zaleak gurekin daude, eta finalean argi ikusi genuen ez dutela kale egiten. Edonon ageri zen Errioxako bandera, eta ni bezalako gazte batentzat hori ikaragarria da.
Titinen kontratua aurki berrituko dute. Merezita, ezta? Hitz egin al duzu berarekin?
Eta ez dadila izan urtebeterako! Hiru edo laurako gutxienez, horrek soka luzea du oraindik, harrigarria da haren sasoia. Txapelketan asko ibili gara elkarrekin eta konfiantza sendotu dugu. Elkar begiratzearekin nahikoa genuen besteak zer nahi zuen jakiteko. Goizean pixka bat hitz egin dugu, baina ez partidari buruz, ondorekoei buruz eta.
Txapelketa hasi aurretik hau guztia esan balizute?
Ezin sinetsi…Titinekin jokatzearekin bakarrik pozik nengoen-eta, ni horrekin zoriontsu nintzen. Eta txapela... guzti hau ametsa izaten ari da. Hori bai, merezita irabazi dugula uste dut.
Txapelketako pilotari onena izan zarela diote.
Niri ez dagokit hori esatea. Ni gustura nago eginikoarekin, baina Laskurainek era latza egin du, eta Augustok... Pilotari on asko egon dira.
Txapelduna zara, zorrotzago aztertuko zaituzte orain.
Bada askotan azter nazatela zorrotz, albiste ona izango da. Baina tira, guzti hau bukatu da dagoeneko, txapela iragana da. Orain beste atal bat hasten da eta bihar hasiko naiz prestatzen.
Buruz burukoa, zer moduz?
Gertu dago, oso. Prestatzeko inolako astirik gabe. Gorputzari buelta eman eta eskuak sendatzearekin nahikoa izango dut. Ez daude beharko luketen bezala, baina jokatzeko moduan bai.
David Merino. Aspeko pilotaria
«Hilotz ibiltari bat naiz; txikituta nago»
Binakako lehen txapela irabazi zuen herenegun, eta bera izan zen laukoteko onena finalean. Gazteak, baina, Titinen alboan irabazi izana nabarmendu du: «Are bereziago egiten du dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu