Luis Rubiales

Hiru asteko atzerapenarekin

Espainiako Futbol Federazioko presidenteak dimisioa eman du. Auzitegi Nazionalak onartu egin du haren aurkako kereila Hermosori baimenik gabe musu emateagatik.

EIDAN RUBIO / EFE.
Julen Otaegi Leonet - Ainara Arratibel Gascon
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Hiru asteren ostean, dimisioa aurkeztu du Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente eta UEFAko presidenteordeak. Herenegun gauean hartu zuen erabakia. Erabaki bat baino gehiago hartu dira Rubialesen aurka: FIFAk 90 egunez kargugabetu zuen; TADek «larritzat» jo zuen Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko futbolariari haren borondatearen aurka ezpainetan musu eman izana; eta fiskaltzak kereila jarri zion joan den ostiralean, sexu erasoagatik: «Argi dago ezingo naizela nire kargura itzuli», hala adierazi zuen Rubialesek sare sozialetan zabaldutako ohar batean. Argudiatu duenez, «zain geratzeak eta hari eusteak ez du ezer onik ekarriko», eta, gainera, zigorrak amaitu ostean ere, haren itzulera «galaraziko duten botere faktikoak daude». Horiek ez ezik, gizarteak berak esan dio Rubialesi aski dela. Hala, bost aldiz dimisioa emango ez zuela esan zuen Rubiales hura badoa.

Egun, Pedro Rocha da federazioko presidentea behin-behinean. Rubialesek dimisioa eman ondoren, federazioak hauteskundeei ekiteko prozedura abiatu du. Urtebete ingururako hartuko du kargua Rubialesen hurrengoak. Izan ere, Olinpiar Jokoak diren aldiro izendatzen da presidente berria; heldu den udan berriro egingo dituzte hauteskundeak.

Oharra kaleratu baino minutu batzuk lehenago, Piers Morgan aurkezle britainiarrak egindako elkarrizketan eman zuen berria esklusiban: «Dimisioari buruz: dimisioa emango dut, bai. Ezin baitut lanean jarraitu». Bere jarrerak beste batzuei ere eragin diezaiekeela aitortu du. «Egoera honetan, hori da erabakirik taxuzkoena eta egin behar dudana».

Bestalde, atzo jakin zen Auzitegi Nazionalak onartu egin duela ostiralean fiskaltzak Rubialesen aurka jarritako kereila. Francisco de Jorge epaileak nahikoa proba ikusi ditu horretarako. Gainera, epaileak musuaren argazkiak eta bideoak eskatu dizkie hainbat hedabideri.

Abuztuaren 28an iritsi zen auzitara Rubialesen kasua. Fiskaltzak zehaztu zuen prozesu judiziala ez zuela hasia oraindik, baina ikertzen hasia zela gertatutakoa. Hala, baztertu egin zituen Rubialesek emandako azalpenak. Hermosoren adierazpenak entzun ondoren, azaldu zuen ez zegoela zalantzarik Rubialesek baimenik gabe eman ziola musu.

Fiskaltzak berretsi zuen baimenik gabe musu ematea sexu eraso bat dela. Fiskalak sinatu zuen dekretuan zioenez, zenbait epairen arabera, Soilik baietz da baietz legeak zigortzeko moduko erasotzat jasotzen ditu baimenik gabe ahoan emandako musuak. Eta, zehaztu zuenez, Espainiako Zigor Kodearen arabera, sexu eraso, jazarpen eta abusu delituen kasuetan, erasoa jasan duenaren edo haren ordezkari legalaren salaketa edo fiskaltzaren kereila bat behar da auzibide bati ekiteko. Horregatik, salaketa jar zezakeela jakinarazi zion fiskaltzak Hermosori, eta hamabost eguneko epea eman zion eurekin harremanetan jartzeko.

Iragan astean, urrats hori egin zuen Hermosok, eta berretsi zuen musua ez zela baimendua izan, eta, horrenbestez, sexu eraso baten biktima izan zela. Futpro sindikatuaren bidez, berretsi egin zuen Rubialesek dimisoa emango zuela jakinarazi ondoren zabaldutako adierazpenean jasotakoa. Hartan, «zaurgarri eta eraso baten biktima» sentitu zela salatu zuen. «Ekintza oldarkor eta matxista baten biktima izan nintzen, lekuz kanpo zegoen, eta ez zegoen inolako baimenik tartean». Ez hori bakarrik. Adierazi zuenez, «etengabeko presiopean» egon zen, Rubialesen «ekintza tamalgarria» justifikatzeko adierazpenak egin zitzan.

Beste auzibideak

Beste hainbat salaketa ere badira Rubialesen aurka, eta ikusteko dago zein bide egiten duten. Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak TAD Kirol Arbitrajerako Epaitegiari eskatu zion Rubialesen kontrako neurriak hartzeko, hark egindakoa soilik «larritzat» jo arren. Baina, behin dimisioa emanda, argitu beharko da zerbait egiten duen. Beste salaketek, berriz, bere prozesua daramate, eta hilabeteak behar dituzte.

Rubialesen auziak Espainiako Federazioko beste kide bat zipriztindu du: Jorge Vilda selekzioko hautatzailea. Ez zuen dimisioa eman; joan den astean kargugabetu zuen federazioak. Rubialesekin batera iritsi zen kargura, eta hari txaloka aritu zen federazioko presidente gisa dimisioa emango ez zuela iragarri zuen agerraldian.

Montse Tome jarri zuten haren ordez, baina jokalariek aldaketa sakonagoak eskatu dituzte. Izan ere, Tome Vildaren bigarren izan da urte hauetan zehar. Ostiralean da ematekoa lehendabiziko deialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.