Txirrindularitza

Hiru etapa «mamitsu» izango ditu aurtengo Itzuliak

Maiatzaren 12tik 14ra jokatuko da Euskal Herriko itzulia. Guztira 370 kilometro izango ditu. Iazko irabazlea, Demi Vollering, irteeran izango da

Demi Vollering iaz Donostan lortutako garaipena ospatzen. GORKA RUBO / FOKU
ainara arratibel gascon
2023ko apirilaren 20a
18:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Hilabete baino gutxiago dela, antolakuntzak eman ditu aurtengo Itzuliaren xehetasunak. Iaz bezala, lasterketak hiru etapa izango ditu. Maiatzaren 12tik 14ra jokatuko da. Etxebarrin (Bizkaia) izango du irteera, eta Donostian amaituko da. Guztira 370 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek. Hiru etapetako itzulia izanda, oso adi egon beharko dute txirrindulariek, egunero egongo da min egiteko aukera. Zazpi mendate puntuagarri izango dira: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako lau.

Aurkezpenean ibilbidearen inguruko xehetasunak eman dituzte antolatzaileek. Lasterketa gertuago dela emango dituzte parte hartzaileen inguruko argibideak. Baina Julian Eraso Itzuliko zuzendariak jakitera eman duenez, ziurra da iazko garailea, Demi Vollering, irteeran izango dela. SD Worx taldeko txirrindulariak erakustaldia eman zuen iaz. Izan ere, hiru etapak irabazi zituen. Sasoi betean iritsiko da, gainera, Itzulira. Azken hilabetean garaipenez garaipen dabil klasikoetan. Besoak altxatu ditu Strade Bianchen, Amstel Gold Racen eta Fleche Wallonnen. Gainera, gandean Lieja-Bastogne-Lieja irabazteko hautagai nagusia da. Erasok nabarmendu zuen «Ilusio handia» dutela aurtengo aldiarekin. «Munduko 22 talderik onenak etorriko dira, eta espero dugu eguraldiak laguntzea eta zaleek ikuskizunaz gozatzea». Euskal txirrindulari indartsuenak tropelean izatea espero da: Ane Santesteban (Bike Exchange), Lourdes Oiarbide (Movistar), Eider Merino (Laboral Kutxa), Eukene Larrarte (Bizkaia Durango), Ziortza Isasi (Be Pink)...

Roberto Laiseka zuzendari teknikoak aletu ditu hiru etapen xehetasunak. Lehena, Etxebarri eta Markina-Xemein artean jokatuko da, Bizkaian. 122 kilometro egin beharko dituzte. Etapa gorabeheratsua da, batez ere 50. kilometrora iritsi arte. Hortik aurrera, ezusterik ezean, Urkaregiko mendateak egingo du aurtengo lehen galbahea. «Mendate horren igoerak eta jaitsierak erabakiko du zein txirrindulari dauden etapa hori irabazteko borrokan».133 kilometro izango ditu bigarren etapak, eta Arabatik ibiliko da tropela. Etapa Gasteizen hasiko da eta Amurrion amaitu. Hasiera «lasaia» duela kontuan hartuta, «etapa egokia» izan daiteke ihesaldirako. «Bukaera ez da zaila. Hala ere, helmugarako bost kilometro falta direla, aldapatxo bat eta jaitsiera bat daude, eta tropela zatitu egin daiteke». Azken etapa laburrena izango da: 114 kilometro izango ditu. Donostiako Klasikoaren ibilbidea izango du. «Dena erabakiko duen etapa izango da.Oriorako jaitsiera eta Donostiarako hurrengo kilometroak banakako erlojupeko baten tankera izango dute, helmugara iritsi eta Itzulia irabazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.