Hiru izango dira azkenean Europako gizonezkoen selekzioen arteko kopa lehiatuko duten euskal futbolariak, eta hirurak Espainiaren elastikoarekin ariko dira. Luis Enrique hautatzaileak Mikel Oiarzabal Realekoa, Unai Simon Athleticekoa eta Cesar Azpilikueta Chelseakoa deitu ditu bere taldean jokatzera. Azkenean, Iñigo Martinez ez da ariko Espainiako selekzioarekin, berak azaldu duenez ez dagoelako ehuneko ehunean. Realeko eta Athleticeko bi jokalari ohi ere ariko dira Espainiarekin: Diego Llorente eta Aymeric Laporte.
Ekainaren 11n hasiko da Eurokopa, eta jokatuko duten hiru euskal futbolarietatik Azpilikueta da —orduan ere Chelsearekin jokatzen zuen— lehendik txapelketa horretan aritu den bakarra. 2016an Frantzian jokatuko zen Eurokopan ere aritu zen Espainiarekin. Harekin batera, orduko horretan, Mikel San Jose eta Aritz Aduriz aritu ziren.
Euskal jokalarien parte hartzeaz haratago, aipagarria da Espainiaren deialdian ez dagoela Real Madrileko jokalari bakar bat ere. Luis Enriquek zerrendatik kanpo utzi du Sergio Ramos kapitaina, hura ere ez dagoelako ehuneko ehunean eta ez duelako Real Madrilekin behar bezainbeste jokatu Eurokopara sasoi hobean iristeko.