Pilota. Lau t'erdiko finala. Fernando Lopetegi. Euskal Telebistako errealizadorea

«Hiru minutuko etenaldiek min egiten digute, ikuslea besaulkitik altxatu eta joan egiten da»

30 urte daramatza pilota partidetako irudiak gobernatzen, eta iritzi jantzia du. Afizioa eta ofizioa uztartzen ditu, eta harenak dira jokoa modernizatu duten hainbat erabaki, egun pilota profesionala ezin baita ulertu telebistaren eraginik gabe.

Imanol Magro Eizmendi.
Zarautz
2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Bilbon egongo da bihar, ETBren kamioian sartuta. Lana du, ia asteburu oro bezala, baina badaki oraingo hau ezberdina dela. «Partida hau, guretzat, Txapeldunen Ligako finala bezalakoa da». Esaldia borobila da, baina ez dirudi urduri, makina bat final eman baititu dagoeneko. Fernando Lopetegi (Eibar, Gipuzkoa, 1958) 1983an iritsi zen ETBra, eta,lehen urtean kameralari jardun bazuen ere, hartaz geroztik errealizadore lanetan jardun izan du. Lopetegi izan zen, besteak beste, pilotalekuak berdez margotzea gomendatu zuena.

Hasteko, gaur-gaurko gai bat. Atseden behartuek zeresan handia eman dute lau t'erdikoan. Pilotarien kexak, publikoa txistuka... Telebistari bota zaio errua.

ETBk eskatu duen gauza bakarra da, nik dakidanez, partidako bi atsedenaldi arautu egotea. Aurretik adostuak. Beste guztiak pilotarien arabera, baina bi horiek ere pilotariekin adostuak. Guk ez dugu esan 12. eta 18. tantoetan izan behar dutenik, ezta hiru minutukoak izan behar dutenik ere. Guri hiru minutuko etenaldi batek min egiten digu. Hiru minutuko tarte batean, jendea besaulkitik altxatu eta joan egiten da. Minutukoa hobea da, «58 segundo barruitzuliko gara jarri», eta jendeak ez du altxatzeko betarik.

Hori bai, garbi dugu tarte horren iraupena arautu nahi dugula. Minutu bateko atsedenaldia bada, minutu batekoa izan dadila. Hau da, ez dadila pilotaria sakea egiten hasi gu iragarkietatik itzuli aurretik. Ez da posible atsedenaldia eskatzea aurkariaren bolada eteteko, eta hura arnasestuka ikusten duzulako minutua bukatu aurretik sakatzea. Tarte osoa errespeta dadila eskatzen dugu. Onartezina da presaka sakatzea eta guk, telebistak, sake hori galtzea, eta, agian, tantoa. Euzkitzek eta Josetxo Lizartzak duten buruhausterik handiena, iragarkiei noiz paso eman erabakitzea da. Hori onartezina da. Zergatik? Ikusleari errespetua zor zaiolako, ezin dugu tantorik galdu. Besterik ez. Hori bai, errespetu osoa pilotariari, haren jarduna baita garrantzitsuena.

Pilotariei azaldu al zaie? Asko ozen kexatu dira.

Hori enpresei dagokie. Guk ezin dugu txapelketa arautu, txapelketa antolatzea enpresei dagokie. Gure txapelketa ahalik eta hobekien ematea da.

Txapelketaren aurkezpenean esan zen etenak «telebistaren kontua» zirela.

Erraza da baloia kanpora botatzea. Berriz diot telebistak eskatu duen bakarra bi etenaldi arautu direla, minutu batekoak badira ere. Noiz eskatu, eta zenbat irauten duten, guk ez dugu erabaki.

Eten behartua ez al da jokoa bera baldintzatzea?

Bai, horregatik diot pilotariek aukeratu behar dutela noiz egin etena. Baina atsedenaldia minutu batekoa bada, ez dezatela bihurtu hogeita hamar segundoko.

Orduan, zergatik egon dira haserreak?

Ez dakit nondik datozen. Pilotariek askotan egiten dute, gauzak gaizki irtenez gero, errua beste norbaiti bota.

Bigarren sakea kentzea ere telebistari egotzi zitzaion. Hala da?

Ez. Eskuan enpresek kendu zuten bigarren sakea. Nik zesta-puntan proposatu nuen bigarren sakea kentzea. Erremontean, aldiz, ez, atzelariak sakatzen duelako eta pilota gertu du.

Bigarren sakea kentzea baino gauza garrantzitsuagoak daude: geldialdi guztiak arautuak egotea, tenisean bezala. Edo pilotarekin boteak emateko ohitura... Zenbat bote eman behar zaizkio pilotari sakatu aurretik? Askotan gertatzen da, 18. edo 19. tantoan, pilota probatzen hasi eta hiru minutu pasatzea aukeratzen... Probatu nahi duzu? Ados, baina arautu dezagun: pilotak probatzea, bi minutu. Edo, eduki dezagun guk, hirugarren epailearen bitartez, oraindik ez sakatzeko esateko aukera.

Partidaren erritmoa bizitzen saitzen zarete. Partidaren eta jokoaren iraupenaren arteko tartea ahalik eta txikiena izaten, alegia.

Nik proposatu nuen estatistika bat izan zen; orain, kendu egin dugu, eta bakarrik partidarena jartzen.

Zergatik?

Pilotariei tripako mina ematen dielako. Begira, 1989ko Retegi II.a-Galarza III.a finala ikusi, eta jokoaren iraupena kronometratu nuen. Partidak ordubete eta hogeita hamasei minutu iraun zuen, eta jokoak bederatzi minutu eta hogei segundo. Hor ikusi nuen, erritmoaren gakoetako bat hor dago. Zergatik afizionatu mailako partidetan, edo trinketean ez da gertatzen? Hobeto prestatzen al dira? Zer dago tartean?

Ikuskizuna hobetuko luke.

Erritmoa bizitzeak? Noski. Tanto gogor horietako bat ikusten duzunean, sekulako abiadura, ito beharrean... Jendea altxatu egiten da, eta txalo egiten du. Zergatik? Ikusleak erritmoa nahi du.

Pilota modernizatu nahiko zenukeela esan duzu maiz. Zer aldatuko zenuke?

Hirugarren epaileen mahaian monitorea jarriko nuke, esaterako. Saskibaloiko Instant Replay-a bezala. Belatz Begira ez dago zertan iritsi. Pilotalekuetan gainera dirua jokatzen da. Ez al zaio errespetu hori zor pilotariari? Ikusleari? Apustulariari? Bada jarri dezagun monitore bat mahaian, eta epaileak kontsultatu ahalko du barruan edo kanpoan izan den. Pilotariek ere errepikapena ikusteko aukera izango lukete, eta kito, akabo polemikak.

Paretetako publizitatea ere kenduko nuke. Nik proposatu nuen jartzea, 1987an, baina orain badaude beste modu batzuk: publizitate birtuala, bueltak ematen dituen publizitatea txapapean... Panel horiek 17 zentimetro zabal dira. Aspaldi proposatu nuen ezkerpareta garbi uztea. Kamera batek traba egiten du kontrakantxan, baina pilotak publizitatea ukitzen badu, ez dira kexatzen. Publizitatea diru iturri da, ados, baina badaude modu egokiagoak kokatzeko. Frontisean ez bada jartzen, zergatik ezkerparetan bai?

Zerbait gehiago?

Kamera txikiak, baina ez pilotarien soinean, epailearenean baizik, haren bularrean. Errugbiko epaileak bezala, bada lau t'erdiko marra zaintzen duenari. Hark du marraren ikuspegi onena. Horrez gain, pilotariak zein pilota aukeratzen duen ikusi ahalko genuke. Eta pilota bakoitzak urdina edo gorria den markatxo bat izan beharko luke: norena den, lehena, bigarrena... Hautatzea hain garrantzitsua bada, eta partida bat alda badezake, zergatik ez argitu?

Etenaldiei balio erantsia ematea da kontua, informazioarekin.

Noski. Partida bat film baten antzekoa da, eta bere erritmoa du, une biziak, motelak... Protagonistak eurak dira, eta 22-5 gelditzen bada, ez dago mamirik, baina Irujo bezalako aktore batzuekin, aldaketak eginez gero, emanaldietan aldea legoke. Begira, utziko balidate, aldagelan egingo nituzke elkarrizketak, NBAn bezala.

Zer esaten dizute enpresek halako proposamenak egitean?

Ni ez noa. Baina, tira, beti «ez» diote. Tira, batzuk onartzen dituzte, urteen poderioz.

Pilotan telebista beti mehatxua balitz bezala ikusi izan da.

Ados nago. Arrazoia ez dakit, halere. Ulertzen dudan arrazoi bakarra da kirolari lotsak ateratzen dizkiogula. Ezin dira ezkutatu. Begira ETBk pilota enpresei lehen kontratua eskaini zienean, ni han nintzen, 1980ko hamarkadan. Eskuz Enpresas Unidas zegoen, eta gero erreminta enpresariak. Eskatu genien partida kopurua telebistaz emanez gero, pilota akabatuko genuela esan ziguten enpresek. Azkenean, guztira, hamahiru partida lortu genituen.

Orain, eskuz bakarrik, 150 jaialdi dira urtean. Ez al dira gehiegi?

Niretzat bai, gehiegi dira. Baina tira, egia esan behar badugu, ETBk duen produktu gustukoena pilota da. Tira, audientzia gehien estropadek dute, Kontxako Banderak pilotako final batek baino ikusle gehiago ditu,

Orduan, zergatik 150 jaialdi?

Ikusleak ikusi nahi duena delako. Larunbateko pilota partida Internet bidez ematen hasi zenean, a zer-nolako iskanbila sortu zen Azkoitia-Zarautz alde horretan partida ezin zelako ikusi! Guk oso garbi dugu zein den gure ikuslea. Gure bezeroa ez da 30 urteko gaztea, 30 urteko gazteak ez du telebista ikusten, ikusten ditu serieak, Interneten... Gure bezeroa ondo ezagutzen dugu, eta ikusi nahi duena eman behar diogu, hori da gure obligazioa telebista publiko gisa.

Audientzien eboluzioa nolakoa izan da azken 15 urteetan?

Beherakoa. Pilotak duela 15 urte %15 zuen igandero. Orain, aldiz, Telecinco batek, gehien ikusten den katea EAEn, bi zifrako audientzia bat lortzen badu, pozik egon daiteke, eta hori, gaztelaniaz. Gu, orain, pilotarekin, bi zifretan ibiltzen gara: %10, %8, %11... Finaletan, hori bai, lau ikusletik bat gurekin dago.

Arrazoia zein da?

Interesa. Igandeko partida arrunt batek, txapelketakoa ez bada, interes gutxi du. Gu eta gure lankideak beti saiatu izan gara txapelketa luzeak antola zitzaten. Gazteak lehia nahi du. Guk duela 25 urte planteatzen genuen hori.

Ostiralean diferituan eman dituzue partidak. Interneten garaian ba al du zentzurik?

Tripako mina da guretzat.

Telebistek gauza asko inposatzen al dizkiete enpresei?

Ez. Hilabetez hitz egin, adostu, eta kontratuz zehazten direnak dira enpresekin egiten direnak. Guk ez diegu enpresei esaten hau edo bestea. Enpresek hausnarketa egin behar dute, eta XXI. mendeko enpresa bilakatu. Duela 25 urte nik ezagutu nituen Enpresas Unidas eta Eskulari haien eta egungo Asegarce eta Asperen artean ez dago alde handirik.

Bitxia, pilota enpresen sostengu handietako bat telebista baita.

Baina ez bakarrik pilotan, futbolean ere bai. Telebistarik gabe, futbolean, zer? Eskubaloian zer pasatu zen, ordainpeko kate batekin sinatu zuen, eta zer? Eta saskibaloiarekin orain ikusi beharko. Kirol profesional guztiak ordainpeko bilakatu behar al dira?

Jende askok uste du telebista publikoek ez dutela dirurik ordaindu behar kirol profesionala emititzeko.

Ados, izan daiteke. Baina gero ezin diogu ETBri leporatu, telebista publikoa izanda, ez duela eman pilota finala. Esan daiteke «enpresa pribatuei ez zaie ordaindu behar», baina AEBetan badago telebista publikoa hori egiten duena, eta nork ikusten du?

Zenbatekoa da dirutan pilotak duen telebista kontratua? Zifra horrek publikoa behar luke.

Ez da nire lan eremua. Ez dakit, eta ez dut inoiz jakin nahi izan.

Telebista eta pilota enpresak urtean zenbatetan biltzen dira?

Astero. Bilera formal bat ez bada, telefonoz. Kontaktua etengabekoa da: programazioa, kexak... Hori kirol zuzendariaren lana da.

Telebistak aukeratzen al ditu pilotariak? Txapelketetan...

Ez, guk ez dugu esaten zeinek jokatu behar duen. Ezinezkoa da.

Bainet sartu da ekoizpenean. Deigarria da ETBk hobekien egiten duen hori, pilota ematea alegia, azpikontratatu izana.

Ez da nire eremua, baina badut iritzia. Euskal Herria txikia da, eta hango kamerak, teknikariak... Ezagutzen ditugu. Errealizatzailea esaterako, Iñigo Urreaga, ETBn hasi zen, eta 20 urte daramatza pilota partidak egiten. Guk pilota nahiko ondo ematen dugu, gauzak hobetu nahi ditugun arren. Baina Iñigo Urreagak ere gauzak oso ondo egiten ditu. Nik, beharbada, gauza batzuk ez nituzke egingo hark bezala, baina ondo egiten du lan, eta horregatik ari gara estilo liburu bat zehazten.

Akordioa ona da?

Hitzarmen garrantzitsua da. Gu lankideak ginen, batzuk enpresa pribatukoak eta beste batzuk arlo publikokoak. Ekoizpen etxe askorekin egiten dugu lan, eta Bainetekin genuen harremana zergatik zen haiek etsaitzan hartzea? Horrela nahi izan zen aldi batean. Hori atzean utzi behar zen. Mikel Olazabalek, Maite Iturbek, Jose Luis Barandikak, Miren Anituak lan handia egin dute gure aldetik, eta beste aldetik Baineten ere bai. Gure bezeroentzat, ikusleak alegia, akordio ona da.

Baineten ohikoa zen harmailetako emakume ederrak enfokatzea. Beharrezkoa al da?

Tenisean zergatik enfokatzen dituzte? Jokalarien familiakoak, bikotekideak... enfokatzen dituzte. Kontatzen ari garen istorio horretan gehigarri bat eransten dio.Niri gustatzen zait pilotari baten gertukoek partidari nola kasu egiten dioten ikustea, eta ikusleei ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.