Denbora azkar doa 1 Formulan, baina txapeldun izan dena betiko da. Kimi Raikkonenek (Espoo, Finlandia, 1979) 2007an irabazi zuen titulua, Ferrarirekin, baina ondorengo bi urteetan behera egin zuen. Motibazio falta aipatu zuten batzuek, berak beti ukatu badu ere. Orain, bost urte geroago, eta rallyetan bi urtez trebatu ostean, Lotusekin itzuli da. Michael Schumacherren itzulerak baino ikusmin handiagoa sortu du harenak. Harekin hitz egiteko aukera izan zuen BERRIAk Montmeloko zirkuituan (Herrialde Katalanak), denboraldi-aurreko azken saioetan.
Alde handia dago Jerezen erabiltzen hasitako autoaren eta Bartzelonakoaren artean? Australiakoa ere ezberdina izango da?
Ez, nagusiki Bartzelonan probatu dugun auto bera izango da Australiakoa. Pieza berri batzuk jasoko ditugu, baina autoaren erantzuna gutxi gorabehera berdina izango da. Batez ere, pneumatikoak ondo ezagutzea izan da gakoa proba egunetan, horiek urte osoan erabiliko baititugu eta horien erabilera denboraldian aldatzea zaila izaten baita. Orain da unea haiek ahalik eta ondoen ulertzeko.
Zein helburu duzu Australiarako?
Urteko lehen lasterketa da, eta pistan egon arte zaila izango da non gauden jakitea. Beraz, ahalik eta lan onena egitea da helburua. Baina nik neuk hirugarren sailkatze saioan egotea daukat helburutzat. Ondoren ikusiko dugu.
Beraz, sailkapeneko hirugarren saiora iristea hasiera puntu egokia litzateke.
Ez dakigu bakoitza non dagoen. Denboraldi-aurreko itzuliko denborak ikusiz gero, guztiak oso estu gabiltza, baina erregai kopuruaren arabera gauzak alda daitezke. Larunbatean jakingo dugu. Saio libreetan ideiaren bat izan ahalko dugu, baina sailkatze saioaren ondoren argituko da guztia.
Ez zineten aritu Bartzelonan egin zen lehen proba astean. Horrek zer eragin izango du?
Gidariok beti egin nahi ditugu proba gehiago; inoiz ez da nahikoa. Bartzelonan probatuta ere, gehiago nahiko genukeen. Hala ere, autoa sendoa izan da pistan izan denean. Arazo bat izan genuen, baina konpondu dugu. Horren ondoren berriro autora igo eta ez du aparteko arazorik eman. Hortik aurrera gauza berrietara egokitu naiz, une egokian botoi egokiak zapalduz eta antzera. Esan dudan bezala, proba gehiago egitea ez litzateke kaltegarri izango, baina baikor naiz Australiari begira.
Lehen postuetan aritzeko moduan ikusten duzu zeure burua?
Ezin gara igarpen joko horiekin aritu, lasterketak erakutsiko duelako errealitatea. Orain ezin dizut esan azkena izango naizen edo aurrena. Denboraldi-aurreko denborak ikusita, ezinezkoa da esatea nor den azkarrena. Guk gure gauzak egin ditugu, eta Australian jakingo dugu nola gauden kokatuta.
Romain Grosjean taldekideaz zein iritzi duzu?
Jatorra dirudi. Duela urte batzuk 1 Formulan elkarrekin lehiatu ginen, eta orain biok itzuli gara denbora dezente kanpoan egon ostean.
Zer pentsatua ematen al dizu pistan gainerako autoekin batera lehiatzeak? Rallyetan eta 1 Formula proba saioetan bakarrik lehiatu zara.
Niri ez, behintzat. Agian, besteei bai. Alderantziz, auto asko eta oso azkarrak izango ditut inguruan. Beraz, kezkarik ez; dibertigarriagoa izango da.
Zerk sortzen dizu irrika handiena?
Denek lehiatu nahi dute: hori da erakargarriena. Ez dut uste inork esango dizunik probetan gidatzea lasterketan lehiatzea baino hobe denik. Lasterketak aldatu egin dira pixka bat ni aritu nintzenetik, eta pneumatikoak ere desberdinak dira, baina funtsean ez da aldatu horrenbeste.
Erabat egokitu al zara prozedura, sistema, botoi eta gailu guztietara?
Oraindik batzuetan okerreko botoia sakatzen dut, edo goizegi, edo beranduegi, baina horrek ez du askorik eragiten. Hala ere, prest gaude.
Kimi Raikkonen. Lotus taldeko gidaria
«Hirugarren sailkatze saioan egon nahi dut»
Bi urtez egon da 1 Formulatik kanpo, baina tarte horretan ez du alde batean utzi motor mundua, Munduko Rally Txapelketan aritu baita. Gogoz itzuli da 'zirkura'. Hala ere, zuhur mintzatu da egin dezakeenaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu