Hirugarrenez jarraian, Bolt 200 metroko probako txapeldun

19.78 segundoko denbora egin du jamaikarrak; Rio de Janeiron lortutako bigarren urrezko domina du.

Usain Bolt, 200 metroko proba amaitu berritan. FRANCK ROBICHON / EFE
jon olano
2016ko abuztuaren 19a
10:40
Entzun

Pekinen (2008) eta Londresen (2012) 100, 200 eta 4x100 metroko probetan urrezko dominak lortu ondoren, hiruretan hirugarrenez azkarrena izateko helburuarekin joan da Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetara Usain Bolt atleta jamaikarra. Irabazi zuen 100 metrokoan, eta bart gauean lortu du garaipena 200 metrokoan ere. Gaur iluntzean egingo du korrika 4x100eko finalean.

Ohiko nagusitasunez gailendu da Bolt, gainerako lasterkariekiko alde nabarmena atereaz. Hala ere, ez da konforme agertu helmugan eginiko denborarekin; 19.78 segundo: "Gogor egin dut korrika kurban. Zuzenean, gorputzak ez dit erantzun. Zahartzen ari naiz". Azken jokoak dituela berretsi du Boltek.

Beste guztiak 20 segundotik gora joan dira. Kanadako Andre de Grassek eta Christophe Lemaitre Frantziakoak osatu dute podiuma.

Ameriketako Estatu Batuak nagusi

Izan dira final gehiago bart gauean. Pisu jaurtiketan, Ryan Crouser estatubatuarrarentzat izan da urrezko domina gizonezkoetan, eta xabalina jaurtiketan, Sara Kolak kroaziarra izan da onena emakumezkoetan. 400 metro hesidunetan, Dalilah Muhammadek (AEB) irabazi du urrezko domina emakumezkoetan.

Jokoak amaitzen doazen heinean, final ugari jokatuko dituzte gaurtik igandera bitartean. Gaurkoen artean, nabarmentzeko bi, emakumezkoetan biak: futbolean, Suedia eta Alemania ariko dira aurrez aurre (22:30), eta hockeyan urrezko domina lortzeko lehiatuko dira Herbehereak eta Erresuma Batua (22:00). Gainera, ibilketa probak ere egingo dituzte gaur: 50 kilometro gizonek (13:00) eta 20 kilometro emakumeek (19:30).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.