Historia berreginez

Erraketistek partida ofizial bat jokatuko dute bihar, 36 urteren ondoren, Errenteriako Agustina Otaola frontoian. Raketistak Lehen eta Orain elkartea ari da ikertzen zergatik galdu zen modalitatea.

Erraketistak, Errenteriako Agustina Otaola frontoian, iaz. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Errenteria
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pilotan emakumezko gehiago ziren profesionalak 1943an gizonezkoak baino. Hala azaldu du Ainhoa Palomo (Oiartzun, Gipuzkoa, 1973) Raketistak Lehen eta Orain elkarteko kideak: «Profesionalen lizentzia guztiak kontuan hartuz gero, emakume erraketistak gehiago ziren beste modalitate guztietako gizonezkoak baino». 1917an hasi ziren pilota era horretan jokatzen. Emakumeek jokatzen zuten, erraketarekin eta larruzko pilotarekin, eta 1980an jokatu zen azken partida. Orain arte. Bihar Errenteriako Agustina Otaola frontoian jokatuko baitute berriz, 36 urteren ondoren, frontoiaren izena aldatu zutenetik urtebete pasatu dela ospatzeko, bide batez. 17:30ean kantxaratuko dira Amaia Irazustabarrena-Nagore Martin eta Susana Muneta-Maria Saez bikoteak.

Raketistak Lehen eta OrainKultur Kirol Elkartea ari da ikerketa egiten galdutako modalitate horren inguruan. «Zergatik aritu ziren hainbeste emakume? Zergatik joan zen desagertuz? Hori jakin nahi dugu», dio Palomok, elkarteko kideak —Jon Juanes eta Maider Mendizabal dira beste bi kideak—.

Nola hasi zen dena, ordea? «1917an, Anabitarte sendiak jarri zuen martxan, beste hainbat euskal enpresarirekin batera». Teniseko pilotekin hasi ziren. «Baina euskal pilota larruarekin dago lotuta». Eta segituan aldatu zuten materiala. Jokoa oso bizia zen, eta arrakasta lortu zuen, atzerrian batez ere: «Kuban eta Mexikon oso famatuak egin ziren, baita Madrilen eta Bartzelonan ere». Madrilen erraketistentzako hamabi frontoi egon ziren batera, adibidez. Euskal Herrian, berriz, ez ziren ondo ikusiak. «Hemen isiltasuna zegoen, baina kanpoan izarrak ziren», dio Palomok, hainbat erraketista Gary Cooper aktore famatuarekin azaltzen diren argazkiari so eginez. «Tenerifen, adibidez, kromoak zituzten, gaurko futbolarien antzera».

«Frontoiak bete egiten ziren, eta diru asko mugitzen zen». Hori ikusita, eskolak irekitzen hasi ziren; lehen hirurak, Eibarren. Familia askok inbertsio moduan sartzen zituzten alabak, garai hartarako soldata handiak zituzten eta. Halere, gehienak euskaldunak izanagatik, «gurean» begi txarrez ikusten zituzten, «eta familiek ezkutatu egiten zuten».

Argi dago emakume horiek ez zirela garai hartako besteak bezalakoak: «Moldeak apurtu zituzten». Autonomoak ziren, etxetik kanpo bizi ziren, eta profesionalak ziren. Halere, ez zuen betirako iraun, eta egun desagertutako modalitate bat da: «Kuban, 1957an amaitu zen istorio hau, eta azken partida Madrilen jokatu zen, 1980an».

Orainera ekarriz

«Eten zen zerbait berreskuratu nahian gabiltza». Ikerketa batekin hasi zen dena, baina jokatzeko moldea berreskuratzea ere otu zitzaien: «Modalitate hau oso ikusgarria eta erakargarria zen, eta puntako pilotariak ditugu; beraz, zergatik ez uztartu biak?», galdetu zieten euren buruei. Oraingoz, bederatzi neska dituzte, eta apurka-apurka gehiago lortzeko asmoa dute. «Bide bat irekitzen ari gara».

Partidan tradizioak izango du indarra. Gonarekin eta egurrezko erraketekin jokatuko dute, garai batekoek bezala. Halere, kaskoa eta betaurrekoak jantziko dituzte, jokoa arriskutsua baita. «Birsortze asko» eskatzen duen lana da, ordea: «Erraketen sokek ez dute irauten, eta neskek haien denbora librea erabili behar dute modalitate honetan entrenatzeko». Garai hartako piloten erreplikak ere egin dituzte. «Baina biziegiak dira, eta aurrerago erabiliko ditugu». Palisten pilotekin ari dira bien bitartean.

Igandeko partidan ez ezik, irailaren 9an Donostiako Egia auzoko frontoian ere ariko dira, Euskal Jaien barruan. Bestalde, Donostiako Aste Nagusian, kalean erakustaldi bat egingo dute: «Ikuskizuna eskaintzea eta jendeari historia erakustea da gure helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.