Historiaren aurka dabil lehian

Pogacarrek Ardenetako bilduma osatu du, Fleche Wallonne aise irabazita. Huyko azken metroetan egin du eraso, eta ezin izan du inork jarraitu. Landa hirugarren izan da

Tadej Pogacar eta Demi Vollering, atzo, Fleche Wallonne klasikoaren podiumean. OLIVIER MATTHYS / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erretiroa gaur bertan hartuko balu, ziklismoaren historiako garaipen zerrendarik ikusgarrienetako bat izango luke jada Tadej Pogacarrek (UAE). Txirrindulari esloveniarra irabazle petoa izan da duela lau urte profesionaletara jauzi egin zuenetik, baina sasoi honetan beste dimentsio batean ari da sartzen. Erakustaldi gogoangarriak egin zituen Flandriako Tourrean eta Amstel Gold Racen, eta beste klasiko handi bat patrikaratu zuen atzo: Fleche Wallonne. Hala, irabaziak ditu jada Ardenetako hiru probak. Bilduma osatu duen zazpigarren txirrindularia da. Gainera, hirurak urte berean beregana ditzake, igandean Lieja-Bastogne-Liejan nagusitzen bada. Soilik Davide Rebellin (2004an) eta Philippe Gilbert (2011n) izan dira balentria hori egiteko gai.

Historia da esloveniarraren aurkari bakarra. Gainontzeko ziklistak haren erakustaldien lekuko soil ari dira bihurtzen. Hura lehian denean, ia ezinezkoa da garaipenarekin amets egitea. Atzo ere, erabateko nagusitasunez gailendu zen, Huyko horma tentean.

Ohiko estilo oldarkorra alboratu, eta lasterketaren ohiko gidoiari jarraitu zion. Hots, azkeneko metroetarako utzi zuen eraso erabakigarria. Estilo ezberdina, emaitza bera. Gertutik zaindu zuen Mikel Landak (Bahrain), baina murgiarrak ezin izan zion eutsi. Dena den, meritu handiko hirugarren postua lortu zuen arabarrak. Hogei urteren ostean, euskal herritar bat Fleche Wallonneko podiumera igo zen. Pogacar eta Mattias Skjelmose danimarkarra (Trek) izan zituen alboan.

Irteeran ez ziren agertu Jai Hindley (Bora) eta Benoit Cosnefroy (Ag2r), ohorezko postuen lehian aritzeko hautagaietako bi. Abiatu zen lasterketa, eta berehala bizkortu zitzaion arnasa Jacob Hindsgaul Madseni (Uno-X). Harena izan zen tropeletik ihes egiteko lehen saiakera. Atzetik, Soren Kragh Andersenek (Alpecin) eta Johan Meensek (Bingoal) jarraitu zioten, eta, hortik tarte batera, Daryl Impey (Israel), Lawrence Naesen (Ag2r), Georg Zimmermann (Intermarche), Jetse Bol (Burgos BH) eta Raul Garcia Pierna (Kern Pharma) batu zitzaizkien lasterketa buruan.

Aurreko zortzikoteari askatasuna eman zion tropelak. Baina ez gehiegi: aldeak ez zuen inoiz lau minuturen langa gainditu. Kilometroen joanean, eta bukaerako zirkuitura hurbildu ahala, UAEk hartu zuen gurditik tira egiteko ardura. Education First eta Ineos ere jarri ziren uztarripean. Ziklistek hiru aldiz igo behar zituzten Ereffeko, Cheraveko eta Huyko igoerak. David Gaudu (Groupama) tropelari jarraitu ezinik geratu zen berehala, eta erretiratu egin zen 70 kilometroren faltan. Faborito bat gutxiago.

Ihesaldia erabat aletu zen zirkuituko bigarren itzulian. Kragh Andersenek erritmo aldaketa egin zuen Ereffeko azken metroetan, eta Zimmermannek eutsi zuen bakarrik danimarkarraren gurpilean. Helmugarako 53 kilometro gelditzen ziren. Onenak oraindik multzoaren abaroan ziren. Geroz eta hurbilago zuten aurreko bikotea: Cheraveko bigarren igoeraren ostean, minutu bakar batena zen aldea.

Huyko bigarren igoeran piztu ziren lehen suziriak atzean. Eraso egin zuen Samuele Battistellak (Astana), eta luzatua eman zion tropelari. Oso aurrean agertu zen Landa. Pogacar ere ondo kokatuta zegoen. Jaitsieran, Louis Vervaekek (Quick Step) harrapatu egin zuen Battistela, eta, berandu gabe, bat egin zuten Kragh Andersen eta Zimmermannekin. Garondoan senti zezaketen multzo nagusikoen hatsa: minutu erdiren aldearekin iritsi ziren zirkuituaren azken itzulira.

Zimmermann ezinean geratu zen Ereffen, hogei kilometroren faltan, baina beste hirurek kemenez egin zuten aurrera, miraria egiteko zituzten aukera apurrei eutsi nahirik. Tinko eutsi zuten, harik eta Cheraven gora UAE taldeak abiada bizitu zuen arte. Vervaeke bakarrik geratu zen lasterketa buruan; Pello Bilbaok (Bahrain), aldiz, ezin izan zion eutsi tropelaren erritmoari; ezta Sergio Higuitak (Bora) ere.

Huyra iristerako harrapatu zuten Vervaeke. Ziztuan zihoan tropela. Lehia handia zegoen azken maldara ondo kokatuta iristeko. Pogacar buruan izan zen hasieratik. Landa ez zen aparte. Alex Aranburu (Movistar) ere aurrean ageri zen. Multzokatuta ari ziren igotzen, baina sua piztu zuen Romain Bardetek (DSM), eta berehala iritsi zen Pogacarren arrapostua. Erritmoa bizitu bezain pronto geratu zen bakarrik. Gaur-gaurkoz, ez du parekorik.

Vollering ere, oso nagusi

Pogacar nola, hala dabil Demi Vollering (SD Worx). Herbeheretarra tropeleko indartsuena ari da izaten aurten, eta, igandean Amstel Gold Race irabazi ostean, beste horrenbeste egin zuen atzo Fleche Wallonnen. Hark ere osatu du Ardenetako bilduma, 2021ean Lieja irabazi ondoren. Apustu arriskutsua egin zuen atzo, Huyra iritsi bezain laster abiatu baitzen helmugaren bila. Bere erritmoa ipini zuen, eta atzera begiratu gabe igo zen. Hurbil zituen aurkariak, baina aldea handitu egin zuen bukaeran. Liane Lippertek (Movistar) eta Gaia Realinik (Trek) osatu zuten podiuma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.