Bideo zalea da Aritz Laskurain (Soraluze, Gipuzkoa, 1978). Bere partidak ikustea gustuko du, «eta ahal bada hurrengo aurkarienak ere bai», nabarmendu du Bilboko pilotalekuko korridoreetatik. Norberaren ahuluneak eta besteen indarguneak aztertzeko erreminta ona da. Binakako txapelketan etekina atera dio, azken urteetan atzelari onenetakoa izan delako. Aimar Olaizolak, esaterako, lore hori bota zion atzoko pilota aukeraketan. Aurten ere erabili du, eta argi du non dagoen bere hobekuntza tartea: partida hasieretan.
«Xalak eta biok hitz egin dugu, eta Etxanizekin aztertu. Hobekuntza partidak hobeto astean dago. Lehen fasean ez da hain agerikoa izan, baina finalerdietako ligaxkako bi partidetan nabarmena izan da», azaldu du. Titin III.a-Merino II.aren aurka 11-1 galtzen hasi ziren, eta Berasaluze VIII.a-Albisuren aurka 0-5 eta 3-8. Halako hasierek harriz betetako motxilek adina pisatzen dute hogeita birako bidean. «Txapelketa osoan ez dut gogoratzen lasai irabazten hasitako partidarik», aletu du.
Bihar, Bilbon, finalerdietako ligaxkako hirugarren partida jokatuko dute, Olaizola II.a-Beroizen aurka, eta gabezia ia endemikoa konpontzeko asmoz kantxaratuko dira. Aditza kantxaratu da, ez jokatu, partida hasi aurretik saiatuko baitira konpontzen. Liburu bateko hitzaurrea zuzentzea bezalakoa. «Kontua beroketa hobea egitea izan daiteke. Txapelketan pixka bat gorde dut, hobeto bukatzeko. Hasiera hotzak egin ditut, ordea, eta lehen tantoetan aurrelaria saihestea kosta egin zait».
Taldekako kiroletan beroketa ariketak planifikatuak egoten dira. Buruz ikasitako eta prestatzaile fisikoek diseinaturiko beroketa da. Laskurainek ez du halakorik, baina badaki zer aldatu behar duen. «Batez ere eskuak berotzen saiatzen naiz. Hori bai, beroketan kolpea gehiago askatu behar dut, pilotaka luzeagoak jo, lehen tantoetan hobeto egokitzeko». Denbora askorik ez dute izaten, bost-hamar minutu, pilotariaren beroketa mikrouhin labe kontua izaten da.
Olaizola II.a eta Beroiz izango dira faborito garbi bihar. Ligaxkako bi partidak irabazi zituzten, eta azken hamasei partidetatik hamabost. Soraluzekoak, halere, irabazteko gai direla uste du. «Ligaxkako gure aurkari gogorrenak Berasaluze VIII.a eta Albisu izan ziren, eta aurrekoan irabazi genien. Olaizola II.a-Beroizen aurkako ligaxkako partida batean hor egon ginen, eta gauzak pixka bat hobetzea litzateke kontua». Hendaiako partidaz ari da atzelaria, 22-17 galdu zutena. Ordukoan ere gaizki hasi ziren: 0-9.
Hastearekin, baina, ez da aski izango, eta iragan astean Albisurekin egin bezala, Beroiz kargatzea baino zerbait gehiago egin beharko duten iritzikoa da Laskurain. «Tantorik galtzen ez duen bikotea da, eta iragan igandean galdutako partidan normalean baino huts gehiago egin zituzten. Ezin gara atzera jotzearekin itsutu; aurrean ere min egin behar dugu, ez baitituzte hogeita bi huts egingo».
Pilotekin konforme
Pilotek zeresana eman dute txapelketan, eta atzo ere hizpide izan zitezkeela uste zen, Xalak eta Olaizola II.ak oso gustu ezberdina dutelako. Ez zen hala izan, eta bi bikoteak oso gustura gelditu ziren beraiek aukeratutako pilotekin. «Aspaldiko partez gustukoak aurkitu ditugu, distira dute», goratu zuen Laskurainek. Dena den, kosta zitzaien entresaka egitea; hamar minutu baino gehiago behar izan zituzten 105,6, 105,9 eta 104 gramoko pilotak aukeratzeko. Biziak ziruditen, eta frontisetik dezente irteten zirenak.
Olaizola II.ak eta Beroizek, euren aldetik, oso bizkor aurkitu zituzten gustuko pilotak. Hots onekoak, eta aurkarienak baino zakar eta astunagoak: 106,8, 104,8 eta 105,3 gramokoak. Asegarcekoak konforme gelditu ziren; Xalari, aldiz, bat ez zitzaion gustatu. «Oso baxua da. Piloteoari eustea espero dut, bestela motelduko da».
Apustuak Asegarcekoen alde irtengo dira, baina aukeraketako anekdota Laskurainena izan zen. Kazetari batek bihar elkar ikusiko dutela aurreratu zion, eta atzelariak ozen erantzun: «Eta 29an ere bai!», finalaren egunean, alegia. Jarrera baikorra ez izateagatik ez da izango, baina hasierak hobetu ezean, zail. Konfiantza handia jarria izango du beroketa ariketa aldaketa txikian.
Hitzaurrea zuzentzen
Xalak eta Laskurainek argi dute partida hasiera kaskarrak konpondu behar dituztela, eta, konponbide bila jarrita, biharko finalerdian beroketa gogorragoa egingo du Soraluzeko atzelariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu