Jadanik oiartzuar bat gehiago da Neil Stephens (Canberra, Australia, 1963). 1989an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, eta 1995erako oiartzuar batekin ezkonduta zegoen. Hiru seme-alaba dauzka, eta arazo handirik gabe aritzen da euskaraz. «Australiar» izatetik «erdi euskaldun» izatera igaro zen lehenengo, eta «ia osorik euskaldun» dela aldarrikatu du orain.
Zer esan nahi du Euskal Herria hitzak?
Euskaldunen herria.
Eta zuretzat zein esanahi dauka Euskal Herriak?
Maitasun handia diodan lekua da. Hona etorri eta txirrindularitza zaleak ezagutu nituenean sortu zitzaidan lehen lotura, eta emaztea ezagututakoan sendotu zen dena.
Nola izena du Euskal Herriko banderak?
Ikurrina.
Eta zein kolore dauzka?
Berdea, zuria eta gorria.
Euskal Herriak daukan gauzarik onena?
Euskaldunak.
Okerrena?
Australiarekin daukan distantzia.
Zenbat biztanle dauzka Euskal Herriak? [3.127.326 iaz]
Euskal Herri guztiak? Zortzi milioi inguru? Ez? Hiru bakarrik al dira? Baina Ipar Euskal Herria kontuan hartuta? Gehiago zirela uste nuen...
Leku bat?
Oiartzungo mendiak.
Mendirik politena?
Oraindik ezagutzeko daukadala uste dut, ia egunero aurkitzen baitut leku ederren bat.
Igoerarik politena?
Zaila da erantzuna... Paseoan joateko, Aiako Harria.
Gogorrena?
Astelehenean ikusiko dugu.
Zenbat probintzia dauzka Euskal Herriak?
Zazpi? Bai? Hau da marka hau, asmatu, gainera!
Probintzietako batzuen izenak?
Lau esango nizkizuke, baina beste hirurak... Ez, ez, horiek ez ditut ezagutzen.
Euskal Herriko hiriburua?
Gasteiz.
Euskarazko hitzen bat?
Bitxia egiten zitzaidan seme-alabak zintzilikan esanez hasten zirenean. Pirritx eta Porrotxen abestietan agertzen direnak aipatu behar nizkizun bestela.
Euskaraz ikasi zenuen lehen hitza?
Kaixo izango zen.
Ahoskatzeko zailena?
Osakidetza. Gelditu egin behar dut esaten hasi aurretik, ahoa behar den bezala jarri, eta gero esan. Oso zaila da, benetan.
Euskara entzun zenuen lehen aldian izan zenuen sentsazioa?
Iritsi nintzenean ez nekien euskara eta gaztelania bereizten; biak ziren errusiarraren antzekoak niretzat. Horregatik, gerora ez zitzaidan egin hain arraroa.
Euskal Herriarekin lotutako bitxikeriaren bat?
Asko. Baina oso kutunak ditut lehen urteak, Txomin Perurena, Josean Davoz, Xabier Carballeda, Marino Lejarreta... horien inguruan ibili nintzenekoak.
Euskaldunengandik gehien gustatzen zaizuna?
Maitasuna. Itxiak izatearen fama duzue, baina oso irekiak zarete benetan.
Eta gutxien?
Pentsatu egin beharko dut, eta oso kontuz ibili erantzunarekin. Oso etxekoak zarete; oso zaila da zuen ingurutik ateratzea, eta emaztearekin izandako esperientziagatik diot hori.
Euskal Herrira etorri izanaz damutzen al zara?
Ez, ez. Inola ere ez.
Zergatik emango zenioke lagun bati Euskal Herrira etortzeko aholkua?
Zein herri desberdina den ezagutzeko eta euskal herritarren maitasunaz jabetzeko.
Harritu zaituen ohituraren bat?
Betidanik harritu izan naute sagardotegiek, baina ikaragarri gustatzen zaizkit.
Bizimodua non da hobea, hemen edo zure herrialdean?
Bietan bizi daiteke oso ondo. Baina hemen bizitzera ohitu naizenez, arraroa egingo litzaidake jada Australiara bizitzera joatea.
Nabaritu duzu krisia?
Erdizka. Lagunengatik, egunerokoan, bai. Baina taldean, zorionez, ez.
Mutil izen bat?
Mikel.
Neska izen bat?
Bi dauzkat etxean: Maialen eta Lorea.
Janari bat?
Txuleta.
Edari bat?
Sagardoa.
Futbol talde bat?
Reala.
Jokalari bat?
Messi da onena, baina Xabi Alonso ere asko gustatzen zait. Burua bere tokian daukala ematen du.
Alderdi politikoren baten izena?
Ez daukat ideiarik ere politikari buruz. Ezin dut botorik eman, gainera, eta ez dakit, ez dakit. Emazteari galdetu beharko nioke.
Politikariren baten izena?
Auskalo! Izenaz ez naiz gogoratzen, baina Euskalteleko presidente izan zen hura... Nola zen, ba? Ardanza, hori da.
Egungo lehendakariaren izena?
Pasa hurrengo galderara, mesedez.
Telebistako programaren bat?
Albistegiak eta kirolak. Baina marrazki bizidunei begira egoten gara gehienetan.
Euskal idazleren baten izena?
Ez.
Euskal Herriko ikurren bat?
Lauburua.
Zer esan nahi du tropela hitzak?
Taldea esan nahi du, ezta?
Irteera-k?
Ideiarik ere ez.
Helmuga-k?
Meta.
Txapelduna-k?
Campeón.
Zein ezizen zeneukan tropelean?
Stevo deitzen zidaten ingelesez zekitenek.
Txirrindulari ez bazina...
Eraikuntza asko gustatzen zait; iturgintza...
Gustukoen duzun lasterketa?
Tourra esango lizuke edozein txirrindularik, baina Euskal Herriko Itzulia esango dut nik.
Garaipen bat?
ONCE taldean nengoen garaian taldekideek lortu zituztenak. Tourreko etapa garaipena izan zen niretzat handiena, 1997koa, baina ONCEn nengoela oso gertutik bizi izan nituen taldekideek lortutakoak ere.
Tropeleko lagunik onena?
Aldatuz doaz, baina ONCEko taldekide guztiak.
Galtzeko leku bat?
Australia.
Idolo bat?
Muhammad Ali, esaterako.
Zuretzat oso berezia den momentu hori?
Nire seme-alabak jaio ziren eguna.
Kirol zuzendari bat?
Manolo Saiz.
Txirrindularitza ez den kirol bat?
Egiteko, mendian korrika ibiltzea; ikusteko, motoziklismoa.
Film bat?
Ez naiz oso film zalea.
Musika talde bat?
Midnight Oil Australiako rock taldea.
Ezinezko amets bat?
Australia Euskal Herriaren ondora ekartzea.
Betetzeko moduko amets bat?
Lagunez inguratuta bizitzea.
Aholku bat?
Goza ezazu bizitzako momentu bakoitza.
Zer egiten duzu aisialdian?
Arnasa hartu [barrez]. Ez, ez... Korrika egitera joan.
Non egongo zara hogei urte barru?
Hogei urte barru? Arraioa! Australia eta Euskal Herriaren artean, bidaian.
Euskal Herriko Itzulia. Pinoi txikiarekin. Neil Stephens. Greenedgeko kirol zuzendaria
«Hitzik zailena 'Osakidetza' da; geratu gabe ezin dut ondo esan»
Ia 25 urte joan dira Neil Stephensek Euskal Herria ezagutu zuenetik. Oiartzunen errotuta, Australiaz hitz egitea da orain arraroa harentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu