Ulertu ezinik. Zalantzaren bat zalantza ez denean, eta galderaren erantzuna batere gustukoa ez dugunean, hobe izaten da ez galdetzea. Gauza bera gertatzen ari zait Osasunaren eta Realaren partiden inguruko galderekin. Nahiago nuke zalantzarik izango ez banu, edo izatekotan, zalantza horien erantzunak hain txarrak izango ez balira, baina ez da horrela. Bi partidak ikusi eta gero, ez ditut ulertzen hainbat gauza, baina galdetu beharrean naiz, nahitaez.
Nola irabazi zuen Osasunak? Hiru puntu beharrezko bezain garrantzitsu lortu eta gero, tristea ere bada galdera hori egitea, baina partida amaitu berritan, buruan kolpeka nuen itaun hori. Izan ere, oso partida txarra jokatu zuen Osasunak. Txar-txarra. Galtzen ari zela, gol baten aldea baino handiagoa izan behar zuen tarteak. Ez erasoan, ez defentsan, taldea ez zen ari ezertan asmatzen. Neure baitan esaten ari nintzen zenbait jokalari ez zirela ari Lehen Mailako itxura ematen. Garbi eta gordin esanda, Bigarren Mailara jaisteko arrisku latzean ikusten nuen taldea. Baina irabazi egin zuen, hala eta guztiz ere. Batzuetan lortzen dira garaipenak modu baldar horretan, baina oso gutxitan. Uste dut Jose Luis Mendilibar bera ere ohartu zela nola irabazi zuten, eta hiru puntuek jokalariei emango dien konfiantza handia are gehiago handitze aldera, betiko esaldi hau bota zuen: «Unerik zailenetan, beti ateratzen du Osasunak kasta, grina eta kemena». Beste ezer goraipatu ezin denean...
Zergatik jokatzen dute? Edozein talderen bizkarrezurra atezainak, erdiko bi atzelariek, euskarriek eta aurrelariak osatzen dutela esaten da. Jokalari horiek denak onak badira edota ondo jokatzen badute, talde indartsua izango da edozein. Osasuna Zaragozan jokatzen ikusita, ez dauka bizkarrezurrik. Ricardo atezainak ez du balio defentsa aurreratuta dagoenean jokatzeko. Zaragozaren golean, Lolok egin zuen huts, baina nago baloi hura atezainarena zela. Azkenaldian halako hutsak askotan egin ditu. Bi erdiko atzelariek ez dute batere konfiantzarik ematen. Edozein unetan huts egingo dutela ikustea da pentsa daitekeen gauzarik txarrena. Puñal eta Nekunam euskarriek ez dute jokoa sortzen, baloia galtzeko aparteko abilezia daukatelako. Eta Kike Sola azaldu ere ez zen egin partida bukaera arte. Bizkarrezurra osa dezakeen edo ez ezin jakin, taldekideak ez zirelako gai izan bizpahiru pase jarraian emateko. Mendilibarren koadernoan, 2011-2012 jartzen duen izenburuaren azpian, gorriz idatzita ote daude atezaina, erdiko atzelariak eta euskarriak?
Jaisteko arriskuan al dago? Realak ere eskas jokatu zuen Valentzian. Etxetik kanpoko ia betiko jarduna. Inor ez zen harrituko, ezta? Partida mordoa galtzen ari da Anoetatik urrun, eta bigarren itzulian den-denetan izan da galtzaile. Horrek esan nahi du zerbaitek edo gauza askok egiten dutela huts. Eta huts egiten segitzen dutela, gainbeherak ez baitu etenik. Hori dena larria izanik, are larriagoa iruditzen zait beste hau: oso partida epela jokatzea. Biguna. Jakinik irabaziz gero, Lehen Mailan jarraitzeko bermea lotua izango zuela, nola liteke hain epel, hain bigun aritzea? Ematen zuen Realari berdin zitzaiola galdu, berdindu edo irabazi, sailkapenean ez zuela eraginik izango emaitza edozein izanda ere. Hiru puntuak irabazi eta sasoiko helburua lortzeko aurkaria jatera atera ordez, beste aukera bat hartu zuen taldeak. Jaisteko arrisku latzean ez balego bezala. Galdu, berdindu edo irabaz daiteke, baina oinarri-oinarrizkoa betetzea ezinbestekoa da. Gutxieneko baldintza.
Lehengoaren antza al dauka? Valentziako partida ikusten, burua lau denboraldi, bost denboraldi, sei denboraldi atzera joan zitzaidan. Reala jaisteko lehian sartuta ibiltzen zen garai ilun hartara. Realak maila galdu zuen 2006-2007ko sasoi hartara. Horrelakoxe biguna zen taldea orduan ere. Sintoma berak zeuzkan lehen eta orain. Lehiakorra izatetik nahiko urrun ibiltzen zen orduan, eta larunbatean gaitz bera ikusi nion. Sekretu txiki bat: Realak maila galdu baino hiruzpalau denboraldi lehenago partida bat ikusten ari nintzela, paper zati bat hartu eta idatzi nuen: «Reala bost urteren buruan Bigarren Mailara jaitsiko da». Asmatu egin nuen. Larunbatean, paperean idatzi beharrean,ahoz esan nion bati: «Reala laster jaitsiko da berriz Bigarren Mailara».
Aulkitik begira
Hobe ez galdetzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu