Alberto Lopez. Realeko jokalari ohia

«Hobea nor den erakusteko partidak dira derbiak»

Realean hamahiru urteko ibilbidea osatuta, Alberto Lopezek askotan jokatu du Athleticen aurka. Dioenez, «partida bereziak» izaten dira derbiak, «intentsitate bizikoak». Gakoez galdetuta, uste du talde txuri-urdinak baloia izatea baliatu behar duela jokalari zuri-gorriak lotzeko.

Jon Ander De la Hoz.
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Alberto Lopezek (Irun, Gipuzkoa, 1967) oroitzapen onak ditu Bilbon jokatutako derbien inguruan. Ez alferrik, txuri-urdinen atezain ohiak bederatzi partida jokatu zituen San Mames zaharrean, eta alerik ere ez zuen galdu. Gauza bera opa die Realeko egungo jokalariei gaur arratsaldeko neurketarako.

Ikusi gehiago:Mikel San Jose Athleticeko jokalari ohia: «Derbietan funtsezkoa da burua ez galtzea»

377 partida jokatu zenituen Realarekin, makina bat derbi tartean. Nolakoak oroitzen dituzu?

Partida bereziak izaten dira derbiak. Nahi ala ez, hobea nor den erakusteko egunak izaten dira, auzokideen arteko sariak jokatzekoak. Astean zehar ere, bi aldeetan hitz egiten da ez galtzeaz.

Jokatu dituzunetatik bat hautatzekotan, zein aukeratuko zenuke?

Asko izan dira oso bereziak. [1994-1995eko sasoian] Anoetan jokatutakoa; 5-0 irabazi genuen. Derbi asko jokatzeko aukera izan dut, eta, adibidez, San Mamesen ez dut bakar bat ere galdu. Hori ere atsegina egiten da.

Derbiek taldeen etorkizuna baldintzatzen al dute?

Ez, horrenbesteraino ez. Ez dira partida garrantzitsuagoak sailkapenari dagokionez. Bestelako kontua da: emozionalki da ezberdina, eta sailkapenean ez du izugarri eragiten.

Derbi aste batek oihartzun dezentekoa izan ohi du. Horretara egokitzea zenbateraino da garrantzitsua?

Alde horretatik zamatsuagoak dira, eta halako partidak jokatzen jakin egin behar da. Astean zehar asko hitz egiten da neurketaz, eta berezia da hori. Baina jokalariei gustatu egiten zaie halako partidak jokatzea. Ligako gainerako partiden normaltasunetik ateratzen da; derbi batek bizipen gehiago du beste neurketen aldean, eta hori igarri egiten da astean zehar.

Derbiak bizitzeko era hori aldatu egin al da azken urteetan?

Uste dut garai bakoitza ezberdina dela. Gaztetxotan, Reala eta Athletic txapeldun izan ziren, eta bestelakoa zen. Gero, beste garai batzuetan ere ezberdina izan da, estadioz aldatu izan garenetan eta. Aldi bakoitzak du berea, baina esentzia bera da. Gero, zaleen arteko giro ona normaltasunaren barruan sartzen dugu, baina errespetu handia dago bien artean, eta hori eskertzekoa da gaur egun. Nahiz eta zelaian intentsitate handia egoten den, emaitzatik harago giro ona egoten da harmailan.

San Mamesen jokatuko da gaurko norgehiagoka. Horrek Athletici egiten al dio mesede?

Ez dakit zer esan. Etxean jokatuko du Athleticek, eta intentsitate handian aritzen da han. Horrek eragina izan dezake, baina Reala oso eraginkorra da etxetik kanpora. Agian, garai hobeak izan ditu, baina urte ona egiten ari da Anoetatik urrun. Berdinduta ikusten dut derbia.

Zuk San Mames zaharrean jokatu zenituen derbi guztiak. Ezberdina da?

Zenbait alditan egon naiz San Mames berrian, eta izugarrizko estadioa da. Ez dago ondo nik esatea, baina hara joan eta animatzen hasteko gogoa ematen dizu [barrez]. Esentzia berbera du, Athleticen zaleak oso biziak baitira, bai lehen eta bai orain. Asko exijitzen dute, gehitxo batzuetan, oraingo futbolak pausa handiagoa baitu. Dena den, hori haien DNAn dago, intentsitate handikoak baitira.

Realak nola egin diezaioke aurre horri?

Ohikoa eginda: baloia edukita. Batez ere, garrantzitsua da lehen hogei minutuetan aurkariak golik ez sartzea. Bestela, Athleticen jokatzeko erari mesede handia egingo dio. Jende azkarra du aurrean, eta aldeko emaitzak lagundu egingo dio bere joko moldeari. Realak baloia erabili behar du, luzaro eduki. Zenbat eta gehiago eduki, haiek orduan eta falta gehiago egin beharko dituzte hori mozteko, eta baliteke txartelak jasotzea. Partida nork bere aldera eramatea da gakoa. Gero, derbiak aukera gutxiko partidak izaten dira, eta aprobetxatu egin behar dira. Realak badu hobetu beharra; izan ere, aukera asko sortu bai, baina ez du hainbeste gol sartzen.

Realak 11 puntu gehiago ditu. Axola al du horrek?

Sailkapenari dagokionez, argi samar ikusten dut Reala aurretik geratuko dela. Helburuari erreparatu behar zaio; hau da, laugarren postuari eusteari. Ez lortzea ez litzateke porrota izango, baina urte osoan hor goian egonda... Athleticek, berriz, Europatik gertu egon nahi du, ahal duena lortzeko.

Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukera nola ikusten duzu?

Ondo kokatuta zegoen, baina apur bat trakestu da. Orain hamar partida, baietz sinatuko nukeen, baina ikusi beharko da. Uste dut laugarren edo bosgarren geratuko dela. Ezberdintasun handia da hori, gaur egun lau onenen artean geratzeak ematen duen distirarengatik eta sariarengatik. Uste dut taldeak merezi duela sari hori. Jokoari dagokionez, etxekoek erakusten duten mailarengatik, eta, noski, baita Imanol Alguacilengatik ere. Merezi du.

Zer ezberdintasun dago Realaren eta Athleticen artean?

Futbolari dagokionez, Realak gauza gehiago egiten ditu. Athleticek intentsitatea du, eta kontraerasoa. Jokalari oso fisikoak ditu, asko estutzen baitute. Halere, nire ustez, Aritz Aduriz falta dutenetik aurrean zerbait falta zaie, goiko postuetan egoteko. Gainontzeko guztia ondo dute. Realak, berriz, Pep Guardiolak modan jarritako moldea segitzen du. Asko du baloia, eta baloirik gabe asko hobetu du. Atzealdean sekulako multzoa osatu dute Remirok, Le Normandek, Zubeldiak, Aritzek... Realak izugarri hobetu du defentsan.

Athleticen, Williams anaiak al dira jokalari esanguratsuenak?

Nire ustez, Iñaki koska bat gorago dago, ez adinarengatik soilik. Baina bai, bi anaia egotea deigarria da, baina uste dut aurrelari peto bat falta zaiela, Gorka Guruzeta asko gustatzen zaidan arren. Baina bai: bi anaia hamaikakoan egoteak, biak selekzio mailan aritzeak... horrek argazki asko eragiten ditu. Gaur egun, oso zaila da.

Derbia ikusiko al duzu?

Bai, noski. Beti ikusten dut Reala. Igandero mezetara joaten direnak bezala: ez dut sekula galtzen. Gainera, egun, zuzenean ikusi ezin duenak bi ordu geroago ikus dezake. Partida hauek derrigor ikustekoak dira.

Emaitzaren bat esaten ausartzen al zara?

Realak irabaztea espero dut. Emaitza ez dakit esaten, eta, gainera, ez naiz batere ona halakoak asmatzen. Realak irabaztea nahi dut; ez dut batere arazorik hori aitortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.