«Euskotren liga irabazten bagenuen bi egun jai emango zizkigula esan zigun entrenatzaileak». Atzo hasi ziren berriz entrenatzen Getaria-Tolosako arraunlariak, eta han zen Ane Balentziaga (Getaria, 1986), entrenatzailearen hitzak gogora ekarri dituena. Pozik dago liga irabazteagatik, eta Kontxako Bandera dauka orain begiz jota. Lehen aldiz irabazi nahi dute berak eta beraren taldeak.
Denboraldiko lehen helburua bete duzue. Euskotren liga irabaztea helburutzat zeneukatelako, ezta?
Aurreneko pausoa eman dugu. Helburua liga irabaztea genuen, eta, gainera, orain arte, inoiz ez dugu lehiaketa hori irabazi.
Liga irabazita, pisu handia kendu al duzue gainetik?
Aste barruan ez genuen presio handirik izan, baina estropada egunetan, larunbatean eta igandean, oso urduri geunden, eta ez dakit zergatik.
Nola kentzen da urduritasuna?
Estropada hasiz, uretara atera eta gero ere urduri geundelako oraindik. Estropada hasitakoan baretzen da gauza.
Getaria-Tolosa beti da faboritoa, eta sentitzen al duzue irabazi behar horren presioa?
Faborito izateak sortzen du presioa. Izango ez bagina, jendeak ez luke guri buruz hitz egingo, eta estropadetan egiten duguna egiten dugula, ez litzateke ezer esango. Orain, berriz, ematen du beti irabazi egin behar dugula, eta ez du zertan horrela izan.
Igandeko estropada jokatu zenutenetik joan dira hiru bat egun, eta zer ondorio atera dituzu?
Orain arte pentsatzen genuen, edo jendeak uste zuen, galiziarrak gehiago zirela, baina erakutsi dugu haiek hainbeste garela edota gehiago.
Espainiako Txapelketan nabarmen irabazi zizueten, eta horrek eragindako zalantzak uxatu al dituzue?
Egun hartan ez ginen gustura aritu arraunean, eta ez zigun kezka handirik eragin hain atzean gelditzeak. Pentsatzen genuen gurea eginez gero irabazi egingo geniela.
Larunbatean, aukera ederra galdu zenuten liga erabakita uzteko. Hori bera pentsatu al zenuten?
Bai. Bost segundo aurretik joan ginen, eta azkenean, bi eskas atera genizkien. Telebistan ikusi dut estropada, eta gure trainerua gelditu bezala egin zen bigarren luzeko tarte batean. Gizonezkoetan ere gauza bera gertatu zitzaien Kaikuri eta Zumaiari, gu bezala lehen kaletik joan ziren ontziei. Agian, olaturen bat-edo egongo zen.
Igandera bueltatuz, bigarren luzean gainera joan zitzaizuen Galizia. Estu eta larri ibili al zineten une horretan?
Bai. Bertan ikusten nituen, eta pasatzen ari zitzaizkigula ere ikusi nuen. Gainera, halakoetan,atzetik datorrenak aurrea har- tzen du, eta atzean gelditzen dena hondoan gelditzen da.
Une zail horretan, zer pasatu zitzaizun burutik?
Norbaitek oihu egin zuen, eta erreakzionatu egin genuen. Indarrak atera genituen ez geneuzkan lekutik.
Bigarrena gainean duzue: Kontxako Bandera. Aurten bai?
Urtero halaxe gara, aurten bai, baina gero... Uste dut iaz Galiziari estropada guztiak irabazi genizkiola ligan, baina Kontxan haien atzetik izan ginen. Ez dakit zerbait gertatzen zaigun Kontxarekin...
Joan zen asteburuan argi geratu da Kontxa irabazteko lehia bi traineruren kontua dela: Galizia eta zuek, Getaria-Tolosa. Berdin pentsatzen al duzu?
Baietz uste dut. Irteeran heltzen digute Zumaiak eta San Juanek, baina gero atzean geratzen joaten dira.
Bi egunetara jokatuko da aurten, eta hobe al da horrela izatea?
Baietz uste dut. Egun batean dena erabakitzea ez dago ondo. Beti ari gara gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzen, eta ematen du pixkanaka ari garela parera heltzen.
Zergatik dabil hain ondo Getaria-Tolosa?
Gogo handiagoarekin hartu dugula iruditzen zait. Entrenamenduak hobeto ari zaizkigu ateratzen, eta horrek ere gogoa handitu digu. Aurten, Angel Larrañaga entrenatzailea iaz baino gehiagotan dabil gurekin, eta horrek ere izango du eragina hobeto ibiltze horretan. Taldea ere eginda daukagu, azken hiru urteetan batera ari garelako.
Non daude taldearen mugak?
Entrenatzaileak esaten du badagoela hobetzeko tartea. Guk berari kasu egiten diogu, eta lanean jarraituko dugu.
Ane Balentziaga. Getaria-Tolosako arraunlaria
«Hobetzeko tartea badugula esaten digu entrenatzaileak»
Euskotren liga irabazi eta gero, Kontxako Bandera dauka helburutzat haren taldeak, eta iraganaren eta geroaren azterketa egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu