Fernando Rua. Urdaibaiko arraunlaria

«Hondarribia baino hobeto ari gara orain»

Aurreneko Kontxako Bandera 2004an irabazi zuen, Astillerorekin, eta hurrengo laurak, Urdaibairekin. Ia erabat ziur da seigarrena lortuko duela igandean. Sasoia amaitutakoan erretiroa hartzekotan da.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Klasiko bat. Hainbat tostatan eta traineruaren bi alderditan arraun egiten dakien altxor preziatu bakanetako bat. Urdaibaiko taldekide batek deskribatu duen bezala, «41 urte, baina haur handi bat bezalakoa». Fernando Rua du izena (Moaña, Galizia, 1975).

Kontxako bost bandera irabazi dituzu. Ez da marka makala.

Bost? Seguru? Sei esango nuke nik [barrezka]. 2013koa ofizialki ez da Urdaibairena, baina kontatzea badaukat, ezta?

Galiziako arraunlari batentzat zer da Kontxako Bandera?

Edozein arraunlarirentzat, gaur egun, gauza berezia da Kontxako Bandera. Baina Galizian arrauna ez da hemen bezain profesionala, eta, Kontxan irabazi ahal izateko, atera egin behar duzu handik. 1996an, bigarren egin genuen Tiranekin, eta sekulako taldea geneukan. Baina arraunaz orain dakidana orduan jakin banu... Neure buruari esaten diot atzera begiratuta nola arraio moldatzen ginen orduan.

Hainbeste aldatu da arrauna hain denbora gutxian?

Batez ere, Galizian. Guk garai hartan arrastorik ere ez geneukan orain dakigunaren aldean. Lehen, ez zegoen ezer klubetan.

Jose Manuel Franciscok eraman zuen aldaketa Galiziara?

Bai. Galiziako arraunlariak punta-puntan jarri zituen, eta, orain, galiziar arraunlari gehiago gabiltza hemengo taldeetan. Gu sei ere izan gara Urdaibain [orain, hiru daude].

Tiran duela hamar sailkatu zen aurrenekoz Kontxarako, eta zu talde hartako arraunlari zinen.

Francisco etorri zen entrenatzaile, eta egin genuena egin genuen. Sekula ez zait ahaztuko lehen aldi hura. Begiak malkotan jartzen zaizkit oroitzen dudanean. Bigarren egin genuen! Oriok eraman zuen bandera, baina bigarren igandeko estropada guk irabazi genuen. Espainiako Txapelketa guk irabazi genion ehuneko batzuengatik, eta Kontxan, bigarren igandeko txanda nagusian ere, gu nagusi. Uda osoan, buruz buru, ez zigun irabazi Oriok.

Urte hartan, Orion izan omen zineten oriotarrek bere arraunlariei egindako harreran.

Han izan ginen, bai. Udalak ere harrera egin zigun; balkoira igota ibili ginen gu ere. Beste mundu bat zen hura. Egin kontu lehen aldia zela Galiziako talde bat Kontxan ari zena. Jende guztiaren txaloak jaso genituen horregatik. 20-21 urte bakarrik neuzkan, eta txundituta nengoen zaleek arrauna nola bizi zuten ikusten. Aurreko urtean, 1995ean, lehen aldiz aritu nintzen sailkatze estropadan, eta giroarekin harrituta geratu nintzen. Sekulako itsaso txarra zegoen, eta gure trainerua zuzen ekartzeko gai ere ez ginen izan. Inoiz ez nuen hain itsaso txarrean arraun egin. Furgonetan sartu, eta buelta azkar Galiziara.

Orion eta beste herrietan bezalako harrerak izaten dira Galizian?

Ezta pentsatu ere. 1996an irabazi genuen Espainiako Txapelketako ospakizunean 40 bat lagun zeuden, eta 35 urte ziren Galiziako talde batek ez zuela irabazi. Kontxan bigarren egin izana ere ez zen ia ospatu ere egin; klubak bazkari bat ordaindu zigun, eta kito. Hemen, beste tradizio bat dauka arraunak. Hemen, jendeak kalean animoak ematen dizkit. Galizian, hori pentsaezina da.

2002an atera zinen Tiranetik eta Galiziatik, Astillerora joateko. Baina urtebete bakarrik egin zenuen. Zergatik?

Bertan bizi izan nintzen urtebetez, eta Francisco genuen entrenatzaile. Baina gauza batzuk gertatu ziren gustatu ez zitzaizkidanak, eta esan nion banindoala. 2003an, Meiran egin nuen arraun, Galizian berriz ere. Astillerok 2003an irabazi zuen aurreneko aldiz Kontxako Bandera. 2004an itzuli nintzen berriz bertara, eta nik orduan irabazi nuen lehen aldiz Kontxa.

2009ko udazkenean etorri zinen Bermeora, eta orduan ere Franciscok deituta.

Garai hartan, Francisco zen entrenatzaile onena, eta palmaresa hor dago. Bigarren aldiz irabazi nuen Kontxako Bandera, eta aurrenekoa izan zen Urdaibairena.

Orduan ere, ospakizun berezia bizitzeko aukera izan zenuen.

Sekulakoa izan zen. Betiko geratuko zait gordeta. Jende pila bat zegoen. Ikusgarria izan zen.

Garaipen handi hartatik, beste hiru aldiz irabazi du Donostian Urdaibaik.Lehendabizikoa bezain bereziak izan dira besteak?

Beti da berezia, baina aurrenekoak izan zuen ospakizuna bezalakorik ez da izan nire ustez. Aurrenekoa beti izaten da aurrenekoa.

Igandean irabaziko duzu zure seigarren Kontxako Bandera?

Baiezkoan nago. Denboraldia nola doan ikusita, aurreko igandean egin genuen estropada eginda, garaipenak ezin digu ihes egin. Aurreko igandekoa egiteko, arraunean asko egin behar izan genuen; bestela, jai geneukan. Entrenatzaileak esandako dena egin genuen. Hondarribia eta gu sekulako mailan gabiltza, baina uste dut hobeto gaudela gu orain. Benetan esaten dizut. Gero, arraunlari gisa, oso garbi daukat haiek gu baino baldintza hobeetan egin zutela arraun lehen igandean.

Kanpoko faktoreak, itsasoa, kalea... Erabakigarriak izango dira beste behin?

Bai. Oso alde txikia dago bi taldeen artean, eta edozerk eragin dezake azkeneko emaitzan.

Nahiago duzu Hondarribia alboan izatea?

Nahiago. Horrela joanda, kaleen arteko aldea oso txikia izango da. Garbi daukat guk baldintza onak badauzkagu ez garela joango Hondarribia baldintza txarretara eramatera. Burua ez dugu galdu behar. Pertsonak gara, eta sestra dago, baina ikasi genuen ikasi beharrekoa bi taldeetakoek 2013an.

Azkeneko urtea duzu arraunlari gisa?

Bai, ziurrenik. Urte osoan, asteburuero etortzen naiz Bermeora, eta astea Galizian igarotzen dut, lanean. Udan ere bai, Kontxako hamabost egun hauetan izan ezik; orain, Bermeon nago. Oso gogorra da atzera-aurrera ibiltzea, eta 41 urte ditut. Erabakia dut uztea, hasiera batean. Izan dut eskaintzaren bat Galiziako talde bat entrenatzeko, baina, lehenik, atseden hartu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.