Abian dira Euskotren eta Eusko Label ligak, eta iritsi dira Hondarribiarentzako eta Arraun Lagunak-entzako denboraldiko lehen garaipenak. Bi ontziak moldatu dira hobekien Coruñako estropada eremu bihurrian. Gizonezkoetan, emakumezkoetan ez bezala, alde handiak egon dira traineruen artean. Pentsa, Hondarribia irabazleak Isuntza hamabigarrenari minutu eta sei segundo atera dizkio.
Zozketak hala erabakita, Mikel Orbañanosenak lehen txandan Zierbena, Ondarroa eta Urdaibairekin aritu dira. Iragarrita zegoen haizeak mendebaletik zakar joko zuela, eta olatuek ere norabide beretik. Aurreikuspenak bete egin dira. Itsaso narrasa zegoen, eta arraun egiteko zaila. Hala, Orzan badian, lehen eta bigarren kaleko ontziek babes gehiago zuten kanpokoek baino. Ondarroa joan da aurrenekotik, eta Hondarribia bigarrenetik. Zierbenari hirugarren kalea egokitu zaio, eta Urdaibai, bestalde, inork nahi ez zuen laugarren deserosotik aritu da.
Zierbenako arraunlariek eman dituzte lehen arraun kolpe azkarrenak, eta Hondarribiarengandik pare bat tosta aurretik jarri dira. Lehen ziabogara, Juan Zunzunegiren taldea iritsi da lehena, eta bi segundo geroago Hondarribia. Baina Amunarrizek eta Urko Redondo aurrekalariak ziaboga estua eta azkarra egin dute, aurretik ateratzeraino; Borja Gomez Zierbenako lemazainari, berriz, ontzia apur bat joan zaio, eta garesti ordaindu du.
Hondarribiak estropada biribila egin du; barruranzako bi luzeetan bereziki. Amunarrizek olatu gainean eraman du Ama Guadalupekoa ontzia, eta hegan egin du. Gaurko lorpenak, ordea, ez dio banderarik eman, Coruñakoa bi jardunaldietara jokatzen delako. Baina abantaila bere alde du. Hamalau segundo atera dizkio bigarren txandan aritu den Santurtziri, iazko Eusko Label ligako txapeldunari. Bi oilar horiekin batera, Zierbena eta Donostiarra ariko dira biharko ohorezko txandan (12:00, ETB1).
Sailkapena
1.Hondarribia 20.16,56
2. Santurtzi 14,16ra
3. Zierbena 24,06ra
4. Donostiarra 29,16rra
5. Cabo 31,52ra
6. Ondarroa 37,12ra
7. Orio 39,24ra
8. Ares 49,56ra
9. Urdaibai 50,10era
10. Zarautz 55,26ra
11. Tiran 1.04,48ra
12. Isuntza 1.06,98ra
Arraun Lagunak, indartsu
Neguko test eta jaitsieretan Arraun Lagunak-ek eman zuen maila Euskotren ligako lehen jardunaldian berretsi du, Coruñan. Juan Mari Etxabek zuzendutako taldea nagusi izan da, eta Andrea Astudillo patroiak liderraren elastikoa jantzi du. Dena den, denboraldiko lehen bandera bihar erabakiko da, tarteak txikiak izan baitira. Donostiarra garailearengandik 1,98 segundora helmugaratu da, eta Orio 5,48ra. Hondarribiak, bestalde, atzerapen handia izan du; 31 segundora iritsi da.
Zoriak hala erabakita, Donostiarra joan da aurrenekotik, eta Arraun Lagunak irabazlea bigarrenetik. Orio azken bi urteetako ligako txapeldunari hirugarren kalea egokitu zaio, eta Hondarribia, bestalde, laugarren kaletik aritu da.
Lehen irteera baliogabetua izan da, epaileek izan dituzten arazo teknikoen ondorioz. Bigarrengoa, ordea, balekoa izan da. Bandera berde jarri orduko, Oriotarren branka aurretik zen, baina Arraun Lagunak eta Donostiarra ez ziren urrun. Hondarribiak, aldiz, lau segundoko galera zuen. Ziabogara Donostiarra zertxobait aurrerago iritsi da; Arraun Lagunak-i segundo bateko aldea atera dio, eta Oriori lau. Hondarribia 15era iritsi da.
Ontzia biratu eta berehala, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio segundo berean jarri dira. Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai nahikoak ontzia bultzatzeko. Batek jo besteak erantzun. Lehia handia izan dute hiru ontziek, eta olatu bakoitzak balio handia zuen. Arraun Lagunak-eko Andrea Astudillo eroso aritu da, eta ondoko bi aurkariei tartea zabaltzea lortu du. Donostiarrak bakarrik eutsi dio amaiera arte. Nerea Perez patroiak arraunlariei paladak sarritzeko eskatu die, baina berandu. Arraun Lagunak-i ez dio garaipenak ihes egin, eta, hala, Coruñako lehen jardunaldian Lugañene ontzia nagusitu da. Bihar erabakiko da bandera (11:40 ETB1).
Sailkapena
1. Arraun Lagunak 11.25,88
2. Donostiarra 1,81era
3. Orio 5,40ra
4. Hondarribia 31,24ra