REAL MADRIL 5. ATHLETIC 1

Honezkero, minik ez

Athleticek erraztasun gehiegi eman dizkio Real Madrili, eta etxekoek atzeko lerroko hutsuneak baliatu dituzte eroso irabaztekoZuri-gorriek jarrera ona erakutsi dute, baina baloiaren atzetik korrika ibili dira une oro

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Golak: 1-0: Aurtenetxek (b.a. 11. min.); 2-0: Ramosek (29. min); 3-0: Benzemak (31. min); 3-1: Gomezek (42. min.); 4-1: Oezilek (55. min); 5-1: Khedirak (71. min).Epailea: T. Vitienes. Txartel horiak: Real Madrileko Ramosi, eta Athleticeko Aduriz, Gurpegi eta Iturrasperi. Bestelakoak: 60.000 ikusle inguru S. Bernabeun.

Madrildik burumakur itzultzeak jada ia ez du minik ematen. Athleticek Santiago Bernabeun jokaturiko azken zortzi partidak galdu ditu, eta urrun gelditu dira Real Madrilen aurka galtzeak zaleei erredurak sortzen zizkien garaia. Zailduta daude, eta atzo ikusitakoa ia denek espero zutena zen. Athleticek heroien antzera jokatu zuen lehen hamar minutuetan, ausart, baina lehen hutsa egin bezain laster haizeak Real Madrilen alde egin zuen. Eta hortik aurrera garbi ikusi zen ia ezinezkoa zela probetxuzko zerbait lortzea. Zuri gorriek sasoi honetan hainbeste gol zergatik jasotzen ari den erakutsi zuten berriz, eta atzeko lerroko hutsen arazoa kroniko bilakatzen ari da. Hainbeste erraztasunekin, etxeko jokalarien talentuak libre ibiltzeko autobidea aurkitu zuen.

Partida batzuetan ezinezkoa dirudi irabaztea, eta horietako bat izan zen. Ligako azken bi partidak irabazi ondoren Real Madrili egin beharreko bisitaren dramatismo zama asko arindu zen. Zelai zaila, sasoi onean zegoen talde esaten aurka, hutsune askorekin... tira, galtzea ez zen hain larria. Eta egia da, jaitsierako postuak ez dira askoz gertuago egongo jardunaldia bukatzen direnean. Bai ordea Europakoak, baina tira, inork gutxik espero zuen Santiago Bernabeutik pozik itzultzea. Dena den, Athletic ezusteko hori bilatzen, eta lehen hamar minutuak bikainak izan ziren. Oso goian presionatuz Real Madril bere atean sartu zuen, eta pasa den sasoiko balentrien perfumea suma zitekeen.

Grinak, baina, 11 minutu iraun zituen, Real Madrilek lehen gola lortu zuen arte. Etxeko taldeak bere zelaian baloia lapurtu eta Modricek pase luze loratua eman zion Benzemari. Aurrelariak area ertzean bakarrik kontrol bikaina egin eta Iraizozen aurrean maisuki loratu zuen baloia. Astintzeko unean Aurtenetxek oinaren punta jarri eta are gehiago pozoitu zuen jaurtiketa.

Lehen golarekin hasi zen itogina, eta berehala sortu zuen putzua. Athleticek jarrera ona erakutsi zuen, presionatuz, baina ez zuen Real Madril gelditu, eta larriagoa zena, ez zuen atzeko lana sendotu. Sergio Ramosek buruz sartu zuen bigarrena, falta bat errematatuz. Erdiko aurrelaria Aurtenetxeren atzean kokatu zen eta San Jose beranduegi konturatu zen golegilea area barruan bakarrik zegoela (31. min).

Jose Mourinhoren taldea boxeolari onen antzekoa da, eta kolpe on bat jotzen duenean berehala dator hurrengoa. Bi minutu geroago Benzema izan zen area barruan baloia kontrolatu, arazorik gabe buelta eman eta gurpilez jaurtikiz baloia zutoinean itsatsi zuena. Gol bikaina, Ekiza eta San Joseren konplizitatearekin.

Ordu erdi eta partida erabakita zegoen. Atsedenaldiaren aurretik Real Madrilek beste bi sartzeko aukera izan zuen, Benzema eta Callejonen eskutik. Eskandaluzko emaitza izan zitekeena, ordea, Ibai Gomezek atondu zuen (42. min.). Kontraeraso batean ezkerretik sartu zen Real Madrilen arean eta eskuinez bigarren zutoinera trebe jo zuen. Gol ona, baino ilusioa baino ez zen.

Coentraoren penalti garbia

Marcelo Bielsak Fernando Llorente zelairatu zuen atsedenaldian, eta Aritz Adurizekin batera jokatu zuen hogei minutuz. Askok ikusi nahi duten esperimentua da, eta une batzuetan funtziona dezakeela ikusi zen. Beti ere Llorente fin badago. Eztabaida ere bigarren zatian iritsi zen, epaileak ez zuelako adierazi Coentraok eginiko penaltia (55. min). Susaetak iskin egin zion eta atzelariak garbi ukitu zuen eskuarekin. Baina futbola ankerra da, eta 3-2koa izan zitekeena 4-1eko bihurtu zen hurrengo jokaldian, Oezilek, ate aurrean, Benzemaren pase ona baliatu zuelako kontraeraso zehatz batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.