Frantziako Tourreko ibilbideko xehetasunen batuketa egin, eta Cadel Evansen (Omega Pharma-Lotto) izena ageri da beste aldean. Bakarkako lanerako 96,1 kilometro dauzka prestatuta 2012ko lasterketak, aurtengo bikoitza: 6,1 kilometroko aitzin-etapa, eta 38 eta 52 kilometroko bi erlojupeko luze, azkena Tourra amaitu bezperan. Bederatzi etapa lau izango dituzte alde esprinterrek, eta mendiko bost etapa gogor igotzaileek —horietatik bi besterik ez dira amaituko gain batean—. Hitz gutxitan, erlojupekoek min egingo dute, eta mendateak ez dira hain erabakigarriak izango, nahiz eta erdi mailako mendate etzanxeagoak bihur daitezkeen epaile.
Mendate askorekin eta erlojupeko gutxirekin dotore irabazi du Evansek aurtengo Tourra, eta pentsatzekoa da 2012koari ere konfiantzaz gainezka ekingo diola. Presioa uxatu zaleak izaten dira gehienetan kirolariak, baina australiarrak argi hitz egin zuen atzo: «Datorren urteko Tourra egokia da niretzat. Inguruan talde ona baldin badaukat, bai, behintzat. Ordokizaleentzat da egokiagoa hurrengo Tourra». Eta horretan artista handia da Evans. Alberto Contadorrek ere (Saxo Bank) ez zuen zalantzarik izan. «Ibilbidea Evansentzat da egokia». Eta Andy Schleck ere (Leopard-Trek) hasi da larritzen. «Tour hau irabazteko erlojupekoetan hobetu beharra daukat. Baina prest egongo naiz».
Ekainaren 30ean hasiko da 2012ko Tourra, Liejan, Belgikan. 2004an ere han hasi zen Tourra, eta Fabian Cancellarak (Leopard-Trek) irabazi zuen. Lehen maillot horia nork jantziko duen zehaztuko du lehen estutu horrek. Eta espezialisten aukeraren ondoren, Philippe Gilberten (Omega Pharma-Lotto) lehen garaipenaren zain egongo dira denak Seraingo 2,5 kilometroko aldapan.
Etapa luzeak izango dira lehen zazpi horiek, 200 kilometro ingurukoak. Eta, haizeaz gain, Paris-Roubaix klasiko handiko zatitxoek daukate arriskua. «Etapa horiek bertatik bertara ezagutzera joaten ez direnak damutu egingo dira gero, agian». Christian Prudhomme Tourreko zuzendariaren hitzak dira. Zazpigarren etapa da lehen aste horretako gogorrena, La Planche des Belles Filles igoera gogorrean amaituko dena. 6,2 kilometro besterik ez dauzka, baina %20ko batez bestekoa dauka azken zatiak, eta %28ko zati bat ere badauka. Eta hurrengo etapa ere arriskutsua da, Suitzan barrena bost mendate igo beharko dituztelako. Tourraren lehen zatia 38 kilometroko erlojupeko luze eta lauarekin amaituko da.
Alpeak, Pirinioen aurretik
Datorren urtean bi etapa izango dira Alpeetan. 11.a motza da oso, 140 kilometrokoa, baina La Madeleine, Croix de Fer, Mollard eta La Toussuire igo beharko dituzte —azken mendate horretan amaituko da etapa—. Hurrengo egunean, berriz, Gran Cucheron eta Granier igo beharko dituzte. Etaparen luzera da arriskutsuena, 220 kilometro dituelako.
Erdialdeko mendikateko ohiko gogortasunaren atzetik, azken astean sartuta iritsiko dira Pirinioetako bi etapak, Paueko bigarren atseden egunaren ondoren. Aubisque, Tourmalet, Aspin eta Peyresourde igo beharko dituzte Pirinioetako lehen etapan, 16.ean; Bagneres de Luchonen amaituko da etapa. Biharamuneko etapa, berriz, 144 kilometrokoa, Peyraguedes gainean amaituko da, eta Mente, Ares eta Bales igo beharko dituzte aurretik. Uztailaren 22an amaituko da Tourra, Parisen, baina bezperan, 52 kilometroko erlojupekoan estutuko dute azkenekoz gorputza txirrindulariek.
Hori kolorearekin ageri da jada Evans
Erlojuaren aurkako 94 kilometrorekin, eta mendate gutxiagorekin, 2012ko Tourra aproposa da australiarrarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu