Kirola

Hormadi, mugarik gabe

Angeluko izotz hockey taldeak lortu du Espainiako Superligan jokatzeko baimena.

2007ko urriaren 12a
16:21
Entzun
Xan Aire

Eta mugak urtu ziren. Ipar eta Hego Euskal Herriko kirol talde batzuk lehen aldikoz elkartuko dira txapelketa ofizial batean. Hormadi Angeluko (Lapurdi) izotz hockey taldeak Gasteiz eta Donostiakoekin batera jokatuko du aurtengo Superligan. Edo Espainiako Ligan. Erabakia ez da politikoa izan. Gatazka suhar baten ondorioa da. Eta azken hitza kirolak lortu du.

Azken hilabeteetan berri txarrak baizik ez dira entzun Hormadiko eskualdetik. Frantziako Ligako Magnus Elite Mailan aritu dira lapurtarrak orain arte, hots, mailarik gorenean. Emaitza txarrak bildu zituen denboraldian zehar. Aurtengo udan iritsi zen, ordea, berri latzena. Urtero, denboraldia hasi aurretik, klub profesionalen kontuak aztertzen ditu Frantziako Federazioak. Hormadiren osasuna «ahultzat» jo zuen federazioak, eta Elite Mailan, Lehenean eta Bigarrenean jokatzea debekatu zion. Hirugarren Mailan utzi zuen federazioak Angeluko kluba.

Baina Hirugarren Mailak gutxi du eskaintzeko klub profesional bati. Talde gutxi eta amateurrak daude hor. «Hormadiren heriotza, bi hitzetan», laburbildu du Gregoire Delagek, Angeluko klubeko lehendakariak. «Guk Lehen Mailan bederen jokatu nahi genuen, baina Frantses Federazioa tematu, eta gatazka hasi zen». Frantziako Auzitegi Administratibora joateko asmoa zuten Hormadiko arduradunek orduan. «Jurisdikzioak eskaintzen ahal duen azken aukera», dio Delagek. «Gainera, zerga-azterketa baten mehatxupean ginen... Beste aterabide bat lortu behar genuen salbatzeko».

Donostiako Txuri-Urdin klubeko atean jo zuen Delagek. «Gure auzoak dira, eta harreman ona izan dugu beti haiekin. Hormadik Superligan jokatzeko ideiaz zer pentsatzen zuten galdegin, eta bidea zulatzen hasi ziren, Espainiako eta Frantziako Federazioekin hitz eginez, bistan dena». Aterabide hoberena zela adostu zuten denek. Administrazioko legeak errespetatu behar, proiektua burutzeko. «Baina Espainiako Federazioak gauzak mugiarazi ditu, eta Frantziakoari bultzada eman. Aski fite konpondu da afera».

Proiektuaren sustatzaile nagusia Karlos Gordobil izan da, Delageren iduriko. Hormadiko entrenatzaile ohia Espainiako Federazioko zuzendari teknikoa da orain. «Luzaz hitz egin dut Karlosekin, eta berehala adierazi zidan Hormadi salbatu nahi zuela». Gordobilen ustez, «naturalki» egin dira gauzak. «Espainiako eta Frantziako federazioen arteko akordioa izan da, eta Nazioarteko Federazioak baimena eman du». Dena den, Superligako beste klubek ere Angeluko taldea berehala onartu dutela jakin du Delagek. «Hats berri baten bila dabiltza Espainiako Ligan. Izotz hockeyak neketan biltzen du jendea, eta Hormadi bezalako taldeak lehian bizitasuna ekarriko duela ziur daude».

Baldintzapean

Angeluko kluba ere pozik agertu da Superligan aritzeaz. «Beste desafio bat da guretzat. Gainera, bi liga batean jokatuko ditugu aurten», azaldu du Delagek. Baldintza batzuk errespetatu behar baititu Hormadik Superligan izateko. Horien artean, Frantziako Hirugarren Mailan segitzea. «Traba izan ordez, gure mesedetan izan da Frantziako Ligan jarraitzea. Gazteak jarri ditugu hor, eta taldean zerbait pasatu da: beteranoek laguntza eskaini diete gazteei, eta bi belaunaldiek elkarrekin jokatzen dute Hirugarren Mailan. Elkartasun handiagoa sortu da klubean». Eta emaitza bikaina ekarri dute Limoges hiritik joan den larunbatean, 11-1 irabazi baitute han lapurtarrek.

Bestalde, kontuak behar diren bezala jarri nahi ditu Hormadik aurtengo denboraldian. «Espainiako Federazioa ez da Frantziakoa bezain zorrotza diru istorioetan». Baina finantza arazoak konpontzearekin, ez dira Frantziako Elite Mailara itzultzen saiatuko. «Superligako proiektua iraunkorra da. Izotz hockeyaren kultura berria sortu nahi genuke, luzera begira». Eta badirudi Frantziako Federazioarekilako harremanak hotzak direla oraindik. «Eliteko beste taldeak Frantzia iparraldekoak ziren: hurbilena 600 kilometrora genuen. Ikaragarrizko gastuak genituen bidaietan, baina hori ere ez du kontuan hartu federazioak».

Superligan gastu gutxiago izanen ditu Hormadik, Bartzelonarako bidaia duelako luzeena. 600 kilometrokoa. Lehiakide gogorra izateko asmoa dute lapurtarrek. «Txapelketa ona egin behar genuke, Frantziako Lehen Mailako erditsuko joko maila delako Superligan». Gordobilek «aspaldi» ez du ikusi Hormadi jokatzen, «baina Superligan gauza politak egiteko maila dauka». Bihar izanen du lehen proba Angeluk, Puigcerda txapelduna etxean hartuko baitu, 18:30ean. La Barre lerratokira giro beroa ekarriko du horrelako lehia gogorrak. Ikurrinek lagundurik, nola ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.