Horrela jotzen da erasoa

Michael Albasinik irabazi du Paris-Nizako laugarren etapa, amaierako eraso festa urdurian burua erabilita

unai zubeldia
Donostia
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jo zuen erasoa Sylvain Chavanelek (Omega) bi aldiz; Jerome Coppelek (Cofidis), Nairo Quintanak (Movistar) eta Robert Gesinkek (Blanco) ere jo zuten; Maxim Monfort eta Markel Irizar (RadioShack) saiatu ziren azken igoeran. Baina Michael Albasinik (Greenedge) erakutsi zien denei erasoak noiz eta nola jo behar diren. Paris-Nizako laugarren etapan 37 txirrindulariko taldetxo bat iritsi zen aurretik Saint Vallierreko helmugara, eta suitzarra izan zen guztietan indartsuena eta argiena. Maxim Iglinskik (Astana) ekin zion ondoen esprintari, baina Albasinik potentziaz gainditu zituen aurkariak. Ordura arte ez zen agertu, baina azken metroetan oso argi ibili zen. Sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan, eta Andrew Talanskyk (Garmin) jarraitzen du lider; bosgarren dago Gorka Izagirre (Euskaltel).

Oso gorabeheratsua eta luzea zen atzoko etapa, zazpi mendate igo behar izan zituztelako Brioude eta Saint Vallier arteko 199,5 kilometroetan. Tropelari erronka botata, etapa hastearekin batera osatu zen ihesaldia. Thomas Voeckler (Europcar), Johann Tschopp (IAM) eta Gianni Meersman (Omega) saiatu ziren lehenengo; Hubert Dupont (Ag2r) eta Romain Sicard (Euskaltel) ondoren; eta Michael Morkov (Saxo) eta Warren Barguil (Argos) azkenik. 43. kilometroan bat egin zuten zazpi txirrindulariek, eta txukun aritu ziren elkarlanean. Baina Garminentzat arriskutsuegia zen Voecklerrek alde handia lortzea. Une oro, hiru minutuko langaren azpitik mantendu zuen aldea liderraren taldeak, eta helmugara iristeko 14 kilometro falta zirenean geratu zen ezerezean zazpi txirrindularien ahalegina. Ordurako erritmo bizi-bizia jarrita zeukan BMCk Sizeranne bigarren mailako mendatean gora, eta erasoari erasoa lotuz egin zuten mendate pankartapetik helmugara arteko bidea.

Mendiko etapa gogorra gaur

Chateauneuf du Pape eta La Montagne de Lure artean, 176 kilometro izango ditu gaurko etapak, itzuliko bosgarrenak. Erabakigarriak izango dira azken hiru etapak, urrutira joan gabe gaurkoa lehen mailako mendatean amaituko delako. 13,8 kilometro dauzka azken igoerak, eta %6,6koa da batez besteko aldapa. Aurretik beste bost mendate igo beharko dituzte; bigarren mailako bi eta hirugarren mailako hiru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.