Hotel sorgindua, seigarren jokalari

Durant eta Westbrookekin, talentua barra-barra du Oklahoma City Thunderrek. Effie mamuarekin, hiriko ostatu ezagunenean geratzen diren taldeak desorekatzen laguntzen dion konplizea ere badu.

Oklahoma Cityko Skirvin Hilton hotelaren aurrealdea, gauez argiztaturik. BERRIA.
Danel Agirre.
2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Timothy McVeigh milizianoak 1995ean eraikin federal baten aurkako atentatua egin zuen arte, bazter ezin anonimoagoa zen Oklahoma City. Egun ere ezer gutxi du bisitariari eskaintzeko; Estatu Batuetako mugagabetasunean, ehun kilometroan hiri bat behar zelako ipini zuten hor.

Antzeko hainbat parajetan bezala, autoarekin doazenentzat motel aukera oparoa dago autobideetako irteeretan. Downtown delakoan, ordea, lau eta bost izarreko ostatu gutxi batzuk baino ez daude. NBAko Oklahoma City Thunderren aurka neurtzera datozen taldeak hartzeko modukoak, pare bat baino ez. Aproposena, Skirvin Hilton, joan den mende hasieran eraikinaren jabearen maitale batek, Effiek, bertan bere buruaz beste egin omen zuenetik sorgindu ospeagatik duen hotela da. Eta fama horrek eragiten duen urduritasunagatik, edo han bizi den mamuaren benetako eraginagatik, ez dira gutxi azkenaldian Chesapeake Energy Arenan pairatu porroten errua Effieri bota dioten jokalariak.

Bi dimentsioko arriskuak

Kondairak dio W.B. Skirvin handikiak, alarguna zenak eta hotelari abizena eman zionak, eta Effie izeneko garbitzaile batek haurra izan zutela 1910ean. Inork jakiterik nahi ez, eta jaioberriarekin garai hartan azkenekoa zen hamargarren solairuko gela batean ezkutuan bizitzeko agindu omen zion jabeak amari. Itxialdia eta erdeinuagatik erotu, eta umetxoa besoan hartuta leihotik salto eginda bere buruaz beste egin zuela dio kondairak. Mende luze batez, logeletan atsedenaldian dauden gizonezkoei ahots batek egindako proposamen sexualei buruzko istorioak zabaldu dira. Baita dutxan haien alboan biluzik azaltzen den emakumearenak ere. Effie korridoreetan orgatxoarekin ikusi duela kontatu duenik ere izan da. Makina bat ikertzaile eta historialari saiatu izan dira 1910ean jazotakoa argitzen. Kontsentsua da Effie izeneko garbitzailerik ez zuela izan hotelak. Ez zela suizidiorik eman ingurumarian. Ez zaio axola. Errealitatea ez da oztopo izan Effierengan sinesteko. NBAko jokalarientzat ere ez.

Eddy Curry New York Knickseko jokalari ohiari (211 zentimetro, 140 kilo) banakako logela tokatu zitzaion hamargarren solairuan. Ateak karraska egiten omen ari zirelako izutu, eta 1,75 neurtzen duen Nate Robinsonekin ohe berean lo egiten amaitu zuen gaua. Phoenix Sunseko beste jokalari batek bainuontzia berak ezer ukitu gabe bete zela zin egin zuen. Taj Gibson Chicago Bullseko hegal-pibotari sinetsi behar bazaio, komuneko atearen danbateko batekin esnatu zen gauaren erdian, leiho guztiak itxiak zituela.

«Liga guztiak ezagutzen du Effie», erantzun zuen Oklahoman ari zen Caron Butler jokalariak, aurkariak ikaratuta lo egiteak kanporaketetan eragina izan ote zezakeen galdegin ziotenean. «Toki hori sorginduta dago. Beldurra eragiten du», izan zen erretiroa hartutako Jared Jeffriesen aitortza. Skirvin Hiltonean oin bat ipini nahi ez eta bere poltsikotik maila apalxeagoko hotela ordaintzen dutenak badaude: Lou Williams Los Angeles Lakerseko beteranoa, kasurako. Frankiziek aurkari paranormalei desafio egiten jarraitzen dute, halere: ez dagoelako Oklahoma Cityn gela eta bilera areto egokiagoak dituen ostaturik, eta Chesapeake Energy Arena, etorbide berean, oso gertu dagoelako.

Skirvin Hiltonaren azken biktima Kyrie Irving Cleveland Cavalierseko antolatzailea izan da. Batere lorik egitea lortu ez, eguna leher eginda hasi eta bederatzi minutuz bakarrik iraun zuen kantxan duela astebete. Erruduna, ordea, bere dimentsio beretik zetorren: gorputza ziztadaz bete zion zimitz kuadrilla bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.