Aritz Alvarez. Zuazoko entrenatzailea

«Hurrengo partidak izan behar du gure motibazioa»

Alvarezek lau aste daramatza Zuazo zuzentzen. «Oso eskertuta» dago eman dioten aukerarekin, baina argi du hiru hilabeterako dela.

ainara arratibel gascon
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Juanjo Alvarez ordezkatu ostean, Zuazoren aulkian hirugarren partida izango du gaur Aritz Alvarezek (Leioa, Bizkaia, 1977). Erronka ez da nolanahikoa, Ro'Casa liderraren aurka jokatuko baituetxean (20:15).

Castelloren aurka irabazi eta gero, lasaiago helduko diozue Ro'Casaren aurkako partidari, ezta?

Bai, taldea konfiantzarik gabe zegoelako. Castelloren aurka ez genuen partida ona egin; baina, behintzat, abagune erabakigarrietan lehiatzen jakin genuen. Lan asko dugu egiteko, baina garaipen horrek kemena eta lasaitasuna eman digu. Orain, Ro'Casaren aurka jokatu behar dugu. Lider dago, eta zaila izango da. Baina ez dugu amore emango.

Hasieratik sumatu zenuen taldearen konfiantza falta?

Haiekin izandako lehen solasaldian, jokalariek beraiek aitortu zidaten blokeatuta zeudela. Aste hauetan batez ere saiatu naiz lan psikologikoa egiten. Jolas pila bat egin ditugu, presioa kendu, konfiantza berreskuratu eta eskubaloiarekin disfrutatu dezaten. Jokatzen ondo pasatu behar dute. Hala egiten badute, eta orain arte bezala lanean jarraituz gero, emaitzak iritsiko dira.

Taldeak zer-nolako jokoa egitea nahi duzu?

Hiru hilabetean ezin ditut gauza asko aldatu. Ñabardura txiki batzuk sartzea da nire asmoa. Erasoan, adibidez, saiatzen ari naiz pase bat gehiago eman dezaten, jaurtitzeko aukera hobeak topatzeko. Defentsan, berriz, zabalduta jokatzea gustatzen zait. Halako defentsa bat lantzeko denbora behar da. Baina saiatu nahi dut pauso bat zabalduago defenda dezaten.

Sasoi hasieran, helburua Europarako sailkatzea zen, baina oso zail dago. Zerk egin du huts?

Niri ez zait gustatzen halako helburu handiak jartzea sasoi hasieran. Nahiago dut partidaz partida joan, eta denboraldia aurrera joan ahala ikusiz joan zein helbururengatik borroka daitekeen. Izan ere, hasieran helburu handiak jarri eta emaitzak onak ez badira, zaila da egoera iraultzea. Agian, hutsegitea hor egon zen. Izan ere, argi dago inoizko talderik onenetakoa duela Zuazok. Baina izenek ez dute talde bat egiten. Bestalde, zortea ere ez dute alde izan. Eskura izandako norgehiagoka batzuk galdu egin zituzten.

Zein izango da zuen helburua sasoia amaitu bitarte ?

Europako postuak urruti ditugu, batez ere etxean oso egutegi gogorra dugulako. Ligako lehen bost sailkatuetatik lauk Lasesarren jokatu behar dute. Hurrengo partida izango da gure motibazioa, eta entrenamendu bakoitza hobetzeko baliatuko dugu. Gero, ikusiko dugu emaitzek zer dioten. Gainontzean, sasoia luzeegia egingo zaigu.

Jokalari gazteei aukera emateko eta horiek aurrerapauso bat emateko garaia al da?

Nik jokalari baten aldeko apustua egiten dudanean, ez diot adinari erreparatzen. Gure taldeko jokalari gazteena Oihane Manrique da. 20 urte ditu, eta dezente jokatzen ari da. Egoera hau ikasgai bat izango da haientzat.

Nola hartu duzu Zuazok eman dizun aukera hau?

Duela hiru denboraldi ere deitu ninduten, baina ezetz esan nien. Askartzan abiatu nuen proiektua amaitu nahi nuen. Ordutik Leioako gazteen artean eskubaloiarekiko zaletasuna bultzatzeko lanean aritu naiz. Oso eskertuta nago eman didaten aukerarekin. Baina, aldi berean, gogorra da niretzat. Familia, lana eta eskubaloia uztartzea ahalegin handia da. Leioako Udalean egiten dut lan, kartoia biltzen. Egunero, goizaldeko lau eta erdietan jaiki, eta lanera joaten naiz. Arratsaldean, seme-alabekin egoten naiz, eta iluntzean, entrenamenduak ditugu.

Gustatuko litzaizuke jarraitzea?

Hasieratik garbi esan nien hiru hilabeterako onartzen nuela proposamena. Exijentzia handia da, eta ezinezkoa da nik denbora luzez horrela jarraitzea. Nahi dudana da esperientzia honetaz disfrutatu, ahalik eta emaitza onenak lortu, eta jokalariei lagundu.

Liga irabazteko borrokan nor ikusten duzu faborito?

Ro'Casa eta Bera Bera ikusten ditut indartsuen. Ro'Casa Europan dago, eta ikusi beharko da nola eutsiko dion. Bera Bera, berriz, fisikoki oso ondo ikusten ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.