ATHLETIC 1. LOKOMOTIV 0

Hurrengoa, Ametsen Antzokian

Athleticek Lokomotiv kanporatu du Muniainek sartutako gol bati esker, eta Europako Ligako final-zortzirenetan ariko daZuri-gorriek Manchester Uniteden aurka jokatuko dute, martxoaren 8an eta 15ean

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Muniainek (62. min.). Epailea: Pawel Gil (Polonia). Txartel horiak: Athleticeko Iturrasperi; eta Lokomotiveko Zapater, Caicedo eta Tarasovi. Txartel gorria: Athleticeko Amorebietari, bi hori ikusi ostean (59. min.). Bestelakoak: 33.000 ikusle inguru San Mamesen. Herenegun gauean, Lokomotiveko zale batzuei eraso zieten, eta atzo, partida hasi aurretik Ertzaintzak hiru lagun atxilotu zituen, eta lau ertzain larri zauritu ziren.

Orain bai. Arnasa lasai hartu eta ametsa egia bihurtu dela esan dezakete Athleticeko jokalari eta jarraitzaileek. Lokomotiv Mosku sufrituta kanporatzeak Europako Ligako final-zortzirenak jokatzeko eskubidea eman dio talde zuri-gorriari. Errusiarrek ezin izan dute aurrez Austria Vienak eta Anderlechtek eten zuten bidea hirugarrenez moztu. San Mamesen eskuratutako garaipenari esker Europako Ligako hamasei onenen artean sartzea lortu du Athleticek. Eta behin onenen multzoan sartuta indartsuenen artean indartsuena gurutzatuko zaio bidean: Alex Fergusonen Manchester United handia —1-2 galdu zuen atzo Ajaxekin, sufrituta—. Iaz Bartzelonak bakarrik itzali ahal izan zuen Ingalaterrako taldea. Historikoa. Eta deabru gorriei lotuta agertzen da Old Trafford. Ametsen Antzokia. Zelai mitikoa. Futbola ikusi, bizi, sentitu eta usaindu egiten den zelaia. Athleticeko zaleek esango luketen moduan, San Mamesen ostean dagoen zelairik ederrenetakoa. Bada, bertan jokatuko du Athleticek martxoaren 8an joanekoa —itzulikoa Bilbon jokatuko da, astebete geroago—.

Old Traffordek historia luze eta bikaina dauka. Harmailetan pilatzen diren lagunen ezaugarri nagusietako bat da ez dutela sekula euren taldea animatzeari lagatzen. Ez dute inoiz kale egiten.

Katedraleko zaleak ere antzekoak dira. Jakinekoa da harmailetatik ezin dela neurketarik irabazi. Onerako zein txarrerako jokalariek dute ardura hori. Baina batzuetan eragin zuzena izaten dute. San Mames ez zen atzo bete. Ordua ez zen egokiena, ezta sarreren salneurria ere. Baina, hala ere, ez hutsune handirik ikusi. Hori gutxi ez eta zaleak ohikoa baino beroago zeuden. Garaipen gosez. Begiak zabalduta amets egiten.

Jarraitzaileak neurketa handietako jarrerarekin zeuden. Eta taldea? Bada, oso ondo ez. Beste batzuetan baino okerrago. Ez da egongo Manchester Uniteden kontra jokatzeko aukera gertu izan eta dena ematen ez duenik. Hori argi dago. Gainera, Athleticeko jokalariek zerbait badute konpromisoa da. Profesionaltasuna. Baina norgehiagokak zuen garrantziagatik, aurrean zuen aurkariagatik, pilatutako nekeagatik edo, besterik gabe, egun onak eta horren onak ez direnak egoten direlako atzokoa ez zen Athleticen egunik onena izan. Itzulikoak ez zuen joanekoak utzitako zalantza argitzen lagundu. Errusian Athletic ona ikusi zen lehen zatian. eta oso txarra bigarrenean. Atzokoan ez bata ez bestea. Hirugarren aurpegi bat erakutsi zuen. Erdipurdiko jokoa egin zuen talde langilearena. Halere, nahikoa sailkatzeko.

Gidoian agertzen zen bezala hasi zen neurketa. Athletic ekimena hartzen ahalegindu zen. Lokomotiv, berriz, txartela bermatuko zion gola sartzera zelairatu zen. Bezperan entrenatzaileak agindu legez, aurrera begira ekin zion. Caicedok areaz kanpotik egindako jaurtiketa da horren adibiderik garbiena. Iraizoz bere lekuan zegoen eta ondo urrundu zuen. Atezain zuri-gorria izan zen gehien nabarmendu zen bat. Atepean seguru eta irteeretan adi egon zen. Horrek argi eta garbi erakusten du zenbat kostatu zitzaion Athletici Lokomotiv kanporatzea. Zuri-gorriek nahi zuten, baina ezin zuten. Zelaiak lagatzen zuen lekuetan baloia azkar mugitzen zuten erdilariek, baina aparteko arriskurik sortu gabe. Lokomotiveko erdiko atzelarien eta Tarasov euskarriaren artean ondo lotuta zeukaten Llorente, eta ingurukoek ez zuten asko eskaintzen. Gauzak horrela, ezina eta ezinarekin batera urduritasuna agertu ziren etxekoen artean. Errusiarrek ere egin zuten euren ekarpena Athleticekoak nahasten laguntzeko. Jokatzen badakitela erakusteaz gain, futboleko beste alorrak ere ondo ezagutzen dituztela erakutsi zuten. Hala, garaipena behar zuen talde bati komeni ez zitzaion norabidea hartu zuen partidak. Hori gutxi ez eta atsedenaldira ailegatu aurretik beste susto bat eman zion Caicedok Iraizozi.

Kanporaketa itxura txarra hartzen hasi zela ikusita aldaketa bi egin zituen Bielsak. San Jose eta Iñigo Perez zelairatu zituen. Javi Martinez eta De Marcos zelai erdira eraman zituzten aldaketak izan ziren. Esperotako emaitza eman zuten. Athletic itxuraldatu egin zen, eta agintzen hasi zen. Baina gehien estutzen ari zenean bigarren txartel horia erakutsi zion epaileak Amorebietari. Athletic hamarrekin eta gola sartu behar. Bada, amets gozoetan gertatzen den legez, hurrengo jokaldian sartu zuen gola Muniainek, korner batean. Ordu erdi luze eusteko. Tarte horretan emaitzak erakusten zuen alde txikiak urduritasun gehiago sortu zuen Lokomotiven ahaleginek baino. Akabo. Garaipena eta txartela. Sariak merezi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.