Huts egiteko aukerarik gabe

Gudmeren aurka etxean berdindu ondoren, garaipena behar du Portlandek gaur Austrian

edurne elizondo
2007ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Irabazi. Bestelako emaitzarik ez du espero Portlandeko entrenatzaile Javier Cabanasek taldeak gaur Austriako A1 Bregenzen aurka jokatuko duten partidarako. «Hobeak gara», erran du, irmo. Txapeldunen Ligako D multzoko ligaxkako bigarren partida izanen da gaurkoa nafarrentzat.

Hobeak direlako, eta beren helburua multzoko lehen postuan amaitzea delako, garaipenak baino ez dio balio gaur Portlandi. Cabanasek argi du taldeak zer moldatu eta zer hobetu baduela oraindik ere, baina CAI Aragoiren eta Granollersen kontrako Asobal Ligako partidak irabazi ondoren, taldea bide onean dela uste du Iruñeko taldeko entrenatzaileak.

CAI Aragoiri astindua eman zion Portlandek (37-24); Granollersen aurka, ordea, sufritzea egokitu zitzaien nafarrei asteazkenean (28-30). Baina Cabanas pozik da pistan ikusi zuenarekin: «Jokalarien jarrera asko gustatu zitzaidan, agertu zuten konpromisoa. Borrokarako erakutsi zuten grinari esker irabazi genuen».

Gakoa, entrenatzailearen hitzetan, konfiantza izan da. Gudmeren aurka haren falta sumatu zuten jokalariek. «Azken partidek, ordea, bultzada polita eman digutela uste dut; konfiantza horri esker, hobetzen jarraitzeko aukera izanen dugu pistan».

Oraindik ere Portlandek zerbait falta duela aitortu du Cabanasek: «Partida biribil bat behar dugu, konfiantza hori sendotzeko, eta sinesteko». Talde izateko. Partida borobil hori gaur egin nahi du Portlandek, A1 Bregenz taldearen pistan hain zuzen ere. «Aurkariaren pare bat bideo ikusi dut, eta argi dut hobeak garela. Partida hau irabazi egin beharra dugu»

Cabanasek nahi duen garaipenaren giltza hasieratik joko serioa egitea izanen dela azpimarratu du Portlandeko entrenatzaileak. «Zalantzekin hasten bagara, golak sartzeko erraztasunak ematen badizkiegu, asko zailduko zaigu partida».

Aurkaria Portland ezustean harrapatzen saiatuko dela ez du zalantzarik Cabanasek. «Badakite gu baino talde apalagoa direla, gu garela taldeko faborito, eta, ondorioz, nola edo hala saiatuko dira irabazten, edo, gutxienez, emaitza on bat lortzen». Gudmeren kontrako berdinketa ekarri du gogora Cabanasek, danimarkarrek garaipen baten gisara ospatu baitzuten emaitza hori Iruñean joan den astean.



KJELLING GABE, BAINA MALMAGROREKIN.Cabanasek jokalari guztiak izanen ditu A1 Bregenzen aurka jokatzeko prest, Kristian Kjelling izan ezik. Ezker albokoak Granollersen kontrako partidan hartu zuen min. Zuntz haustura du, eta hiru astez egon beharko du jokatu gabe. Herenegun erresonantzia magnetikoa egin zioten, eta haustura bazela berretsi ahal izan zuen Portlandeko sendagile Javier Akerretak.

Kjelling gabe, Adrian Crowley gaztea eramanen du Cabanasek Austriara. Cristian Malmagro, bestalde, Txapeldunen Ligan estreinako partida jokatzeko moduan izanen da. «Osatu da, baina entrenatzeko aukerarik ez du izan azken asteetan, eta oraindik ez da taldearen jokoan sartu, denbora behar du», zehaztu du, dena den, Cabanasek. Hala ere, gaur hainbat minutu jokatzeko aukera izanen duela espero du Portlandeko entrenatzaileak. Granollersen aurka penaltiak jaurtitzeko baino ez zen atera pistara Malmagro, Gudmeren aurkako partida harmailetik ikusi ondoren. «Hagitz ongi botatzen ditu», erran du Cabanasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.