KIROL ZUZENDARIA, GILTZARRI
Osasunako zuzendaritza martxotik dago datorren sasoiari begira. Lehentasuna kirol zuzendari egoki bat aurkitzeari eman diote, hura izango baita Bigarren Mailako proiektuaren ardatza. Petar Vasiljevicek oraindik indarrean dauka kontratua, baina, azken hilabeteetan teknikari lanetan aritu ostean, ez da itzuliko kirol zuzendaritzara. Hura arduratu zen, Enrique Martin Monrealekin batera, bukatu berri den denboraldiko taldea osatzeaz, eta emaitzek erakusten dute ez zuela lan onik egin. Gainera, entrenatzaile gisa ere ez du jardun espero zen mailan.
Serbiarrak izan dezake aukera klubean segitzeko, baina ez kirol zuzendari. Zeregin horretan Braulio Vazquez (Pontevedra, Galizia, 1972) ariko da, orain arte Valladoliden ibilia. Osasunaren eskaintza jaso ostean, eten egin zuen kontratua Espainiako taldearekin, eta bi sasoirako sinatu du Iruñeko taldearekin. Agintarien lehen aukera Cesar Palacios Osasunako jokalari ohia zen, baina hark nahiago izan zuen Numantzian jarraitu. Geroztik izen franko atera ziren, baina, azkenean, Braulio Vazquezen aldeko hautua egin du Osasunak.
AULKIAN NOR?
Ardura handia izango du Brauliok. Proiektuaren bide orria findu beharko du, taldearen estiloa zehaztu, eta, horren arabera, teknikari berria aukeratu. Funtsezkoa izango da entrenatzailearekin asmatzea, aurten ederki ikusi baita zer ondorio dakarren hautu txar batek. Kirol zuzendari berriaren zeregina izango da halakorik berriz ere ez gertatzea. Oraindik ez dago hautagai garbirik aulkirako, baina azken asteetan hainbat izen aipatu dira. Esaterako, Oier Sanjurjo kapitainak Gaizka Garitano gustura hartuko lukeela azaldu zuen berriki BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Diego Martinez Sevilla B-ko teknikariaren izena atera da ere.
Hilabeteko epean aukeratuko du Brauliok entrenatzailea, eta behin hori eginda, kirol proiektua erabat zehaztuta egongo da. Soilik taldeari forma ematea faltako da, aurrez ezarritako gidalerroei jarraiki. Horretarako bi hilabete luze izango dituzte. Urrian hauteskundeak egingo dira, baina hautagai batek edo besteak irabazi, orain atondutako proiektuak indarrean segituko du. Bederen, epe laburrean. Sasoi honetako emaitzak oso eskasak izan dira, baina datorren denboraldia ere Luis Sabalzaren zuzendaritzak prestatuko du. Hala deliberatu zen azken batzarrean.
HARROBIAREN GARAIA
Hutsune horiek betetzean, zuhurtziaz jokatu nahi dute agintariek. Iazko udan Osasunak 11 jokalari fitxatu zituen, eta beste hiru neguan, baina kantitateak ez zuen kalitatea ekarri. Izan ere, kanpotik etorritako gehienek ez dute lehendik zegoena hobetu. Fitxaketa politika errotik aldatu nahi du Iruñeko taldeak. Kalitatea kantitatearen aurretik jarri nahi du. Halaber, nahiz eta klubak hasiera batean esan zuen ez duela inor salduko, Brauliok ez du baztertu halakorik. Horrez gain, gutxienez zortzi jokalarik utziko dute taldea.
Baina kanpotik ekarritako jokalariek adina garrantzi izango dute etxekoek. Edo, bederen, intentzio hori erakutsi du zuzendaritzak. Taldea berriz Taxoaren oinarritzea nahi dute, eta hasi dira horretan. Lehen taldean tokia izango dute Aitor Buñuelek, Miguel Olabidek, Kike Barjak, Jhon Stevenek, Miguel Diazek edo Alvaro Fernandezek ere egin dezakete jauzia.