MUNDUKO RALLY TXAPELKETAREN HASIERA

Hutsunez betea

Bihar hasiko da Munduko Rally Txapelketa; soilik bi talde ofizial egongo dira, sasiofizial diren beste lau talderekin batera

jon ordonez garmendia
2006ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
2005eko denboraldia amaitu zenetik, muturrekoak besterik ez ditu jaso Munduko Rally Txapelketak. Jakina zen Citroenek eta Peugeotek 2006an ez zutela talde ofizialik aterako, baina, zoritxarrez, ez dira bakarrak izango. Horien ondoren, Skodak eta Mitsubishik iragarri zuten agurra. Kolokan egon da neguan aurtengo Munduko Txapelketa, baina aldaketa eta gorabehera askorekin bada ere, kolpeen zorabioan, bihar hasiko da, Montecarlon, aurtengo denboraldia.

Bi talde ofizial soilik ariko dira aurten: Ford eta Subaru. Iaztik geratzen diren bakarrak dira. 1 Formulak eta Munduko Motoziklismo Txapelketak duten arrakasta eta jarraipena ikusita, FIA Munduko Automobilismo Federazioak geroz eta karrera gehiago sartu nahi ditu rallyen egutegian; aurten 16 izango dira, eta abenduan amaituko da txapelketa. Horietako bost oso urrun dituzte parte-hartzaileek: Argentina, Japonia, Zeelanda Berria, Australia eta Mexiko. Ondorioz aurrekontuak asko igo dira, eta horrek talde ofizialak desagertzea ekarri du denboraldi honetan; bost karrera horiek bezain urrun dute 1 Formulak eta Munduko Motoziklismo Txapelketak duten oihartzuna.

Bi txapelketa, batean: M1 eta M2

Zalantzarik ez dago Citroenen eta Peugeoten agurrak bultzatu dituela Skodarena eta Mitsubishirena. Hutsuneei aurre egin eta txapelketaren erakargarritasunari eusteko, FIAk txapelketa berean bi txapelketa antolatzea erabaki du. Talde ofizialentzat M1 maila sortu du. Hor lehiatzen diren taldeek denboraldi osoa korrituko dute. Homologatu duten azken autoarekin lehiatuko dira, aurtengo araudira egokituta, eta denboraldian zehar pieza eta auto berriak homologatu ahal izango dituzte. Taldeak lehen posturako izendatzen duen gidariak urte osorako izan beharko du lehena; bigarrena nor izango den rally bakoitza baino bost aste lehenago aukeratu beharko dute taldeek.

Denboraldi osoa korritu nahi ez duten taldeentzat, berriz, M2 maila sortu du. Hor aritzen diren taldeek 2005ean homologatutako autoekin lehiatu behar dute, eta gidariek txapelketaren sailkapenean azken bost urteetan seigarren postutik atzera gelditutakoak izan behar dute. Izena ematea merkeagoa da, eta, gutxienez, 10 karrera korritu beharko dituzte.Irtenbide xelebrea aurkitu du FIAk, baina balekoa izango dela dirudi. Araudi berriaren itzalean iaz ofizialak ziren hainbat auto-etxek talde pribatuak bultzatu dituzte: Kronos-Citroen (Sebastien Loeb, Xevi Pons eta Dani Sordo), Red Bull-Skoda (Andreas Aigner, Gille Panizzi eta Mattias Ekstrom), OMV-Peugeot (Mandred Stohl eta Henning Solberg) eta Stobart-Ford (Matthew Wilson, Peter Tsjoen, Kosti Katajamaki eta Jari-Matti Latvala). M2 mailan ariko dira talde pribatu gehienak; guztiak Kronos-Citroen izan ezik. Talde ofizialik atera ez duen arren, Citroenek ez du Sebastien Loeb txapelduna denboraldi osorako talderik gabe utzi nahi izan (Francois Duval iazko taldekideak First-Skoda taldean aurkitu du lekua, gutxienez zazpi karreratako). M1 mailan eman du izena Kronos-Citroenek. Loeb azken bi denboraldietako txapelduna izan da, eta M1 mailan lehiatzera derrigortuta dago.

C4 WRC autoarekin hasi da lanean Citroen, 2007rako

Bizia emango diote Loebek eta Citroenek M1 txapelketari. Dituzten baliabideengatik (taldearen babesa eta 2006ko autoa), hasiera batean Ford eta Subaru dira txapelketa irabazteko faborito. Aurreko denboraldian, ordea, Loeb jaun eta jabe izan zen Xsara autoarekin, Montecarlon bertan hasita. 11 karrera irabazi zituen, eta Petter Solbergek eta Marcus Gronholmek bigarren postuko borrokarekin konformatu behar izan zuten. Gainera, urteko azken probetan Citroen C4 WRC autoarekin ariko da agian Loebek. Frantziako auto-etxeak datorren denboraldian txapelketara itzuliko dela iragarri du; auto berri horrekin egingo du, azken urteetan hainbeste garaipen eman dizkionari (Citroen Xsara) erretiroa emanez.

2007an aurten kale egin duten beste auto-etxeekin zer gertatuko den ikusiko da. Txapelketaren etorkizuna bi aldagaik baldintzatuko dute: oihartzuna eta gastua. Citroen itzultzen bada, litekeena da talde gehiago ere itzultzea; aurten bezala, domino efektua egon daiteke. FIAk,ordea, rally gehiago sartu nahi ditu egutegian, eta agendan ditu jada Irlandakoa eta Norvegiakoa. Aurten sikiera azken urteetan gastua murrizteko hartutako erabakiei eutsi die. Bata bestetik gertu dauden karrerak segidan jarri ditu egutegian, bidai gastuak merkatzeko: Katalunia-Korsika eta Australia eta Zeelanda berria. Gainera, gertu dauden rallyetan pieza berberak erabili beharko dituzte gidariek, nahiz eta segidan ez jokatu, Mexikon eta Argentinan, adibidez, beste batzuen artean.Ohi duen bezala, denboraldia Montecarlon hasiko da, asfalto gainean. Aurten asfaltoko karrera guztiak sasoiaren lehen zatian kokatu dituzte (Montecarlo, Katalunia, Korsika eta Alemania). Ondorioz, denboraldi amaierako karrera erabakigarriak lur gainekoak izango dira. Lurrak ematen duen ikusgarritasunak arrakasta asko lortu du azken urteetan, eta asfaltoa eta lurraren arteko oreka hautsi du. Kataluniako Rallyan iaz lurrera pasatzea aztertu zuten, baina FIAk jada ez du lur gaineko karrera gehiagorik nahi.Denboraldi osoago bat iritsi bitartean, aurtengoa trantsiziokoa izango da. Ez dirudi, hala ere, emozioa faltako duenik. M1 mailan titulurako lehia estua izango dute Solbergek eta Gronholmek, eta, auskalo, agian baita Loebek ere. Hutsunea bete da.

 

 



 

GIDARI BATEN AGURRA



 

 

Markko Martinek ez du gehiago korrituko





Citroen, Peugeot, Skoda eta Mitsubishik utzitako hutsuneak ez dira bakarrak izango denboraldi honetan. Orain dela bi aste Markko Martinek (Estonia, 1975) ez duela gehiago korrituko iragarri zuen, rallyak utzi dituela. «Erabakia iazko udaren aurretik aztertu nuen, Michael joan aurretik. 30 urte korritzen aritu ondoren, ez nuen jarraitzeko asmorik». Martinek iazko Galesko Rallyan korritu zuen azken karrera. Lasterketa horren azken egunean berak eta Michael Park albokoakistripua izan zuten, zuhaitz bat jo zuten. Martin onik atera zen, baina Park hantxe bertan bertan hil zen. Bere erabakiak Parken heriotzarekin zerikusirik ez duela esan arren, ez dago horren garbi. Istripua izan ondoren, denboraldiko azken hiru rallyak korritzeari uko egin zion Martinek, baina aurten Fordekin aritzeko negoziatzen ari omen zen. Martin eta Park 2000. urtetik aritu ziren elkarrekin, eta Toyota, Subaru, Ford eta Peugeoten aritu ziren. Finlandian egin zuen debuta Munduko Txapelketan Martinek, 1997. urtean, eta lehen rallya 2003. urtean irabazi zuen, Akropolikoa. Beste lau garaipen ere lortu zituen: Finlandian 2003an, eta Mexikon, Korsikan eta Katalunian 2004an. Munduko Txapelketa merkatu bat dela esan du bere agurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.