Lan zaila zuen Red Bullek oporretatik bueltan. Hasi, eta urteko zirkuiturik desegokienak zituzten aurretik: Spa-Francorchamps eta Monza. Lehen azterketa ezin hobeto gainditu dute, urteko bigarren bat-bikoa lortuta. Azken lasterketek urteko Sebastian Vettelik ahulena erakutsi zuten, eta txapelketa oraindik bizirik zen itxaropen bakanak piztu zituen. Berez ilusio hutsa zena guztiz zapuztu zuen alemaniarrak herenegun Belgikako Sari Nagusian, aurkari guztiei aurrea hartuz eta Munduko Txapelketako sailkapenean bigarrenarekiko, Mark Webber taldekidearekiko, aldea ia ehun puntura handituz.
Hala ere, itxura txarra zuen igandeak Red Bullentzat. Pneumatikoekin arazo asko izan zituen, eta larunbatean bertan izan zuen horren berri. Vettelek pole-a lortu ostean taldeak ikusi zuen aurreko pneumatikoek hausturak zituztela. Araudiak finkatzen du gurpil horiek erabili behar dituztela lasterketa hasteko, baina kalte hori ikusita, Red Bullek baimena eskatu zion Nazioarteko Federazioari (FIA) horiek aldatzeko. Ezezkoa jaso zuten, eta, horregatik, lasterketa hasi eta gutxira boxetan sartu ziren pneumatiko berriak jartzera. Ez zen behin betiko konponketa, arazoaren jatorria ez baitziren pneumatikoak.
Pirellik pneumatikoak erabiltzeko argibideak ematen ditu lasterketa bakoitzean, eta Belgikarako aurrealdeko pneumatikoen erorketa angelua lau gradura mugatzeko zioen. Red Bullek gehiago erabili zuen, eta lehorrean ez zutenez errodatu, horren eragin negatiboa ikusi gabeak ziren. Sailkatzeko saioaren amaieran agertu zen hori, baina ordutik aurrera ezin dira autoak ukitu. Hala eginez gero, boxetako zuzengunetik irten beharra zeukaten, pole-aren abantaila galduz. Lasterketan arazo hori berriro izan zuten, eta, horregatik, besteek baino geldialdi gehiago egin behar izan zituzten. Baina horrek ez zien eragotzi garaipena.
Adorez betetako aurreratzeak
Titulua Vettelek eramango du, baina aurreratze batzuk egiteko unean beste gidari batzuk benetako txapeldun izan ziren igandean. Lehenik eta behin, Webberrek Fernando Alonsori Eau Rouge-n egindakoa aipatu behar da, orduko 300 kilometroko abiaduran egindakoa. Biak gidari onak eta esperientziadunak dira, amore ematen ez dutenak. Webberrek ondo laburtu zuen: «Ez diogu elkarri lana erraztu; lehia ona izan da. Poztekoa izan da ondo atera zaidala, baina bi gidariek ahalbidetu behar dute hori. Hori Fernandorekin egin dezakezu; goi mailako gizasemea da, eta badaki non dagoen muga».
Jenson Button izan zen nabarmendu zen beste gidari bat. Gutxitan erakutsi du halako jarrera lehiakorra, baina segurtasun autoaren ondoren ikuskizuna eman zuen. Bere azken lau garaipenak euria tarteko izan denean lortu ditu —iaz Australian eta Txinan, eta aurten Kanadan eta Hungarian—, horregatik badirudi lehorrean ez dela hori egiteko gauza. McLarenen hobekuntza lagun, atzetik aurrerako lasterketa ona egin zuen, pistan aurkariak dotore aurreratuz. Martin Whitmarsh taldeko buruaren arabera, ingelesa izan zen gidaririk onena: «Aurreragotik atera izan balitz, irabazteko lehian legoke. Bikain gidatu du, aurreko aleroia hautsi eta 19. postutik aurrera baita. Eta hori guztia lehorrean». Bi aste barru Italian ariko dira guztiak.
Ia ehun punturen aldea
Sebastian Vettelek oso atzean utzi ditu aurkariak igandean Belgikako Sari Nagusia irabazi ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu