Panathinaikos 95. Laboral Kutxa 74

Ia ezinezkoa zen

Lesio izurriaren eraginez zortzi jokalarirekin jokatuta, Laboral Kutxa Baskoniak astindu handia jaso du Panathinaikosen aurkaHiruko hemezortzi saskiratze lortu dituzte greziarrek; hamazazpi baloi galdu arabarrek

unai zubeldia
2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Panathinaikos. Ukic (6), Diamantidis (9), Gist (8), Maciulis (9), Lasme (9) —hasierako bostekoa—; Bramos (21), Curry (15), Batiste (5), Fotsis (8), Mavrokefalides (2), Giankovits (3) eta Pappas.

Laboral Kutxa. Hodge (15), Causeur (3), Jelinek (17), Nocioni (23), Pleiss (10) —hasierako bostekoa—; Van Oostrum (1), Heurtel (5) eta Diop.

Markagailua. 26-16, 50-35 (atsedenaldian); 77-56 eta 95-74.

Epaileak. Cerebuch, Boltauzer eta Nuran. Bost faltarekin kanporatua: Pleiss Laboral Kutxakoa.

Bestelakoak. 6.200 ikusle Nikosiako Eleftheria pabiloian.

Lehenbailehen etxera itzultzeko helburuarekin joan zen Laboral Kutxa Baskonia Ziprera. Joan den denboraldiko liskarrak tarteko, etxeko partidak Atenastik 300 kilometrora jokatzera zigortuta dago Panathinaikos, baina etxean bezala aritzen da bertan. Atzo ere bai. Talde erdia herrenka zuela aurre egin behar izan zion Sergio Scariolok partidari, eta espero zen astindua jaso zuten gasteiztarrek. Zortzi jokalari bakarrik erabili ahal izan zituen italiarrak, eta guztiak arnasestuka iritsi ziren partidaren hondarrera. Hiruko lerrotik min handia eginda txikitu zuten greziarrek lehia, lehen zatian bertan (50-35), eta jolasean ibili ziren partida amaitu bitartean (95-74). Laboral Kutxak bazekien ia ezinezkoa zela Euroligako bigarren jardunaldian ezer lortzea, eta inork min ez hartu izana nahikoa garaipen izan zen berez.

Irudipen faltsua besterik ez zen izan hasierako 0-2koa. Hiruko lerrotik jarri zuen Maciulisek aurretik Panathinaikos (3-2), eta hortik aurrera 6,75 metrotik erakustaldia eman zuten greziarrek. Hamar sartu zituzten lehen bi laurdenetan; tarte horretan lau lortu zituen Bramosek eta hiru Curryk. Amaierako datuak are harrigarriagoak dira: hemezortzi hiruko: Bramosek zazpi, Curryk eta Diamantidisek hiruna, Ukicek eta Maciulisek bina... Laboral Kutxaren erasoko ezinak erraztu egin zuen, gainera, etxekoen hiruko festa. Gasteiztarrek hamabi baloi galdu zituzten lehen zatian, hamazazpi denera, eta Panathinaikosen saskiratzearekin amaitu ziren jokaldi horietako gehienak. Errebotean bakarrik nagusitu zen Scarioloren taldea: bost gehiago hartu zituen; Panathinaikosek 28 eta Laboral Kutxak 33. Baina Nocionik bakarrik eman zuen benetako neurria; 15 puntu lehen zatian, 23 denera, hamabi errebote, eta 35 puntuko balorazioa.

26-16 lehen laurdenaren amaieran, 50-35 atsedenaldian —Nocioniren hirukoarekin amaitu zen bigarren laurdena—... Bestela ezin-eta, lehen zatiko astinduari jarraipena emanda, Diamantidisen hiruko batekin itzuli zen Panathinaikos aldageletatik. Bramos eta Maciulisen laguntza onarekin, 68-49 ihes egin zuten greziarrek, eta, kanpoko lerrotik adina min egiten jarraitu zuten Gistek eta Batistek uztaipean.

Tentsiorik gabe, gerturatuz

77-56 iritsi ziren hirugarren laurdenaren amaierara. Erabakita zegoen dena, eta, greziarren erlaxazio momentuak baliatuta, hamalau puntura ere gerturatu ziren arabarrak. Ordura arte oso partida txikia jokatzen ari zen arren, Pleissek min pixka bat egin zuen saskipean, eta Jelinek ere asmatzen hasi zen jaurtiketetan (77-63). Baina alde guztietatik hautsita aritu zen atzo Laboral Kutxa. Astindua azkenerako (95-74), garaipen eta porrot bana lehen bi partidak jokatuta, eta ligari begira jarri behar azkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.