Aritz Laskurain. Aspeko pilotaria

«Iaz bezala, aurten ere gaizki ekin diot txapelketari, eta ez dakit zergatik den»

Goi mailan urte dezente daramatza Soraluzekoak, eta aurtengo binakakoan gailurra ukitzeko gogotsu dago. Hendaian ariko da bihar, Xala lagun duela, Olaizola II.aren eta Beroizen kontra.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Hendaia
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Tenperatura freskoa eta haize fina Hendaiako pilotaleku kanpoan. Barrura sartu, eta berorik ez. Arratsaldeko 15:30 puntuan, eta Aritz Laskurain (Soraluze, Gipuzkoa, 1979) lasterka, alde batetik bestera. Bere baitan bilduta. Luzaketa ariketak egiten, berdin: pentsakor eta serio. Ordu erdiko prestaketaren ondoren, izerditan ekin dio pilota hautaketari. Behar den bezala. Langilea da Aspeko atzelaria. Langilea eta umila. Bada, halaxe hartu zuen atzo BERRIA aldageletarako bidean, umiltasun osoz. Pilotan ongi moldatzen da, baina hizketan ere ez du inoren inbidiarik.

Hori da hori eskuak babestea. Beti hartzen al duzu hainbesteko lana takoak ipintzen?

Esku bakoitza mundu bat da, eta ondo zaindu beharra dago norberaren lan tresna. Nik denetik ipintzen dut: larru moduko bat hatzak elkarri lotzeko, Errioxan egiten duten babes gogor bat... Aspaldian gustura nabil, minik gabe eta, beraz, gozatzen.

Eskuekin gustura zaude, eta biharko aukeratutako materialarekin?

Bai, bai, ez dago inolako aitzakiarik. Xalak eta nik betikoen alde egin dugu, eta Olaizolak eta Beroizek hautatu dituztenak dezente gustatu zaizkit. Sei pilotetatik ez zait bat bera ere gehiegizkoa iruditu. Kontuan izan behar da kantxa azkarra dela Hendaiakoa.

Atzelarien helburua, hortaz, aurrelariei airea kentzea izango da.

Dudarik gabe. Halako pilotalekuetara garaipena defentsan oinarritzera joanez gero, jai dago. Erasokor jokatzea da gakoa, gantzuarekin min handia egin baitaiteke. Ni pilota goiko txaparen alboan jotzen saiatuko naiz, Olaizola II.a jokotik at uzteko. Baina Beroiz ere horretan ahaleginduko da, bi aurrelariak errematatzaileak dira eta.

Zaleak alde izango dituzue, eta ez da gutxi.

Hori eskertzen da, eta mesederako izango dugu, ziur. Ea guk ongi erantzuten dugun.

Txapelketa oker hasi ondoren, ari zarete zuzentzen. Momenturik onenean egingo diezue kontra liderrei.

Galdu ditugun partidetan ere ez gara gaizki aritu, baina emaitzek ez digute lagundu. Azken bi garaipenek konfiantza eman digute, eta aurrera egin dezakegula uste dugu. Guretzat albisterik onena zera da, laugarren sailkatuak guk adina partida irabazi dituela. Beraz, lehia horretan sartuta gaude. Lehen itzulia amaitzeko falta diren bi neurketak irabaziz gero, gustura izango ginateke.

Aurten bezala, iaz ere gaizki hasi zinen, eta ondoren finalerdietan sartu. Zergatik da hori?

Egia esan, ez dakit, baina oso bitxia da. Gonzalezekin osatzen nuen bikotea iaz, eta lehen lau partidak galdu egin genituen. Hori ikusita, aurtengo txapelketarako prestakuntza aurreratzea erabaki nuen, baina bistan da ez didala balio izan. Horren arrazoia jakin nahi nuke, baina ez dakit zein den. Akaso nire errua da, eta ez dakit nola konpondu.

Garrantzitsua ongi bukatzea da.

Inolako zalantzarik gabe. Txapelketa luzea da, eta ongi hastea beti da komenigarria, baina ez erabakigarria. Lau hilabeteetan zaila da momentu onean egotea. Uste dut zortzi garaipen beharko direla finalerdietan sartzeko.

Zure helburua binakako txapelketa izan ohi da, eta nahiko duzu lan ona egin.

Bost hilabete hauek izaten dira niretzat garrantzitsuenak, eta prestaketa lanak horretara bideratzen ditut. Bi finaletara iritsi izan naiz, baina txapelik lortu ez. Ea aurten zorte handiagoa dudan. Udako torneoetan ere saiatzen naiz fresko egoten.

Olaizola II.a eta Beroiz. Sasoi paregabean dagoen bikote bat izango duzue aurkari.

Atzelariak sendotasuna ematen dio bikoteari, eta aurrelariak, kalitatea. Joan den igandean ikusi zenez, ikusgarri ari dira jokatzen. Baina tira, gurea emanez gero, irabaz genezake.

Eta, amaitzeko, zer iritzi duzu hainbeste aipatzen den bikoteen desoreka horren inguruan?

Garbi dago teorian Irujo-Barriola eta gure biharko aurkariak faborito garbi direla. Baina urtero egoten da ezustekoren bat. Txapelketak denetariko pilotariak dauzka, eta oraindik edozer gauza gerta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.