Iazko lepotik burua

Samuel Sanchez izan da bizkorrena azken mendi kaskoan, eta hark irabazi du Burgosko Itzuliko lehen etapa

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Burgosko Itzulia gustuko du Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi), eta ez du inoiz ezkutatu. Iaz nagusitasunez irabazi zuen itzulia, eta aurtengoari ere indartsu ekin dio. Lehen etapa atzo jokatu zen, eta San Juan del Monteko mendi kaskoan Joaquim Rodriguez (Katuxa) garaitu zuen esprintean. Beste faboritoekiko segundo gutxi batzuk urratu zituzten, gainera, besteak beste, 4 Denis Mentxovi (Geox) eta 12 Igor Antoni (Euskaltel-Euskadi).

Villarcayon hasi zen atzoko etapa, Iñigo Cuestaren jaioterrian, eta lehen kilometroetan tropelak omenaldia egin zion txirrindulari beteranoari. Aurten hartuko du erretiroa, eta herrikideen txaloekin gozatzen utzi zioten. Handik gutxira osatu zen eguneko ihesaldia, baina tropelak helmugarako 20 kilometro falta zirela harrapatu zuen. Lan horretan nabarmendu zen Euskaltel taldea, eta tartean Mikel Astarloza (Euskaltel-Euskadi). Bi urtez lehiatu gabe egon ondoren, morroi lana egokitu zitzaion lehen egunean. Helmugan 88. izan zen, Sanchezengandik 2,29ra.

Tropela bat eginda zegoela, Rodriguezek erasoa jo zuen helmugarako 500 metro falta zirela. Aldapa gora ziren, eta Samuel Sanchezek bakarrik eutsi zion. Azken metroak bien arteko buruz buruko lehia izan ziren, eta azkenean asturiarra izan zen bizkorrena. Gaur bigarren etapa jokatuko dute, Miranda Ebro eta Burgosko gazteluaren artean. 144 kilometro ditu, azken hamalauak hiri barneko zirkuitu bat dira, eta helmuga hirugarren mailako mendate batean dago.

Sagan, etapa eta lidergoa

Peter Saganek (Liquigas) Poloniako Itzuliko laugarren etapa irabazi zuen atzo, Cieszynen, eta probako lider berria da. Helmugarako 600 metro falta zirela jo zuen erasoa, eta Daniel Martinekiko hiru segundoren aldea lortu zuen (Garmin). Gaur 201 kilometroko etapa jokatuko dute Katowice hiriko zirkuitu batean. Lehen eta bigarren mailako mendate bana bost aldiz igoko dituzte. Bigarren sailkatua Marco Marcato (Vacans.) da, bost segundora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.