Idatzi gabeko legea hautsi du

Kaikuk Urdaibairi 27 segundo atera zizkion igandean, Espainiako Txapelketan. Sasoi honetan, bien artean egon den alderik handiena da, normalean hamar segundoren bueltakoa izaten ari baita.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Pentsaezina da ondoren datorren hau egia dela sinestea, baina datuei begiratuta, gezurretik urrun dabilela ere pentsa daiteke: Kaiku eta Urdaibai txandaka ari dira banderak irabazten, aldez aurretik adostuta baleukate bezala. Ezinezkoa da bien arteko adostasuna gaur egun, bestelako harremana dagoelako, baina datuak aztertuz, jolas itxurako baieztapen hori egin daiteke. Oraintxe batek irabazten du, hurrengoan besteak. Bien arteko aldeak ere antzeko mugetan ibiltzen dira, segundo batzuk gorabehera.

Baina igandean, idatzirik gabeko lege hori hankaz gora bota zuen Kaikuk, eta ez Espainiako Txapelketa irabazteagatik, hori normaltzat har daitekeelako. Bien arteko aldean dago berritasuna, albistea, ezohiko datua. Orain arteko tarterik handiena egon zen bien artean: 27 segundo. Tarte horretatik gertu dago Euskadiko Txapelketakoa, orduan Urdaibaik 24 segundo atera baitzizkion Kaikuri. Baina uztailaren 25 hartan, itsasoa zakar zegoen, zikin, herenegun Castron (Espainia) ez bezala.

Txikitu egin zuen kronometroa Kaikuk, eta zapaldu egin zituen aurkariak, itsasoa egoera nahiko onean zela. Hori da albistea. Aurkariak ez baitziren edozein: Urdaibai bera, Hondarribia, eta Pedreña(azkenaldian gorantz doa). Kaikuk irabaztea ez da berria, irabazteko moduak harritu du arraun mundua. Bestelako parekotasuna espero zen. Orain arteko estropadetan ez delako halako tarterik egon, hain zuzen. Datuek ez dute gezurrik esaten.

San Miguel ligako lehen estropadan, Camargon (Espainia), Urdaibaik aurrea hartu zion Kaikuri. Bandera astindu zuten Bermeokoek, eta laugarren izan ziren Sestaokoak. Aldea hamar segundokoa izan zen. Hurrengo egunean, aldatu egin ziren gauzak: Bilbon, Kaikuk irabazi zuen bandera, eta Urdaibai seigarren izan zen. 11 segundoko tartea egon zen bien artean. Asteburu horretako joera hurrengoetan errepikatu zen, aldeak gorabehera. Hala, Galiziako bi estropadetako aurrenekoan, uztailaren 9an, Urdaibai izan zen hobea. Kaikuk laugarren egin zuen, 6 segundora. Egun bat geroago, biek bukatu zuten lehen postuetatik urruti: Urdaibaik seigarren egin zuen, eta Kaikuk zazpigarren; hiru segundoko aldea egon zen.

Pedreñan (Espainia) eta Santanderren (Espainia), uztailaren 16an eta 17an, hurrenez hurren, bien artean gehien izan den segundo kopurua azaldu zen berriz. Pedreñan, Kaikuk bandera astindu zuen, eta Urdaibai bigarren izan zen. 12 segundo kendu zizkion garaileak bigarrenari. Hurrengo egunean, Santanderren, irauli egin zen bezperako sailkapena, eta bermeotarrek bederatzi segundo lehenago amaitu zuten Sestaokoek baino. Urdaibaik irabazi zuen, eta Kaiku hirugarren sailkatu zen. Hurrengo estropadan, Pasai San Pedron, Kaikuk hamabi segundoko tartea kendu zion Urdaibairi; bandera Sestaora joan zen, eta Bermeoko trainerua hirugarren sailkatu zen. Portugaleteko estropada etorri zen gero, eta jakina da han zer gertatu zen. Urdaibaik ez zuen lana amaitu ahal izan, bigarren ziabogan Astillero jo zuelako; ondorioz, epaileek momentu hartan bertan kaleratu zuten.

Duela bi asteburu, ligako beste bi estropadetan elkarrekin lehian jarraitu zuten Bizkaiko bi traineru indartsuenek. Getxon, uztailaren 30ean, Kaikuk 11 segundo atera zizkion Urdaibairi. Bandera irabazi zuen, eta aurkari zuzena hirugarren sailkatu zen. Zumaian, hurrengo egunean, txikitu egin zen bien arteko aldea: Urdaibaik 5 segundo kendu zizkion Kaikuri. Bandera beretzat izan zen, eta Sestaokoak bosgarren sailkatu ziren.

Txapelketetan, alde handia

Horiexek dira San Miguel ligan izan diren emaitzak. Txapelketetan ere elkar ikusi dute traineruen denboraldian. Aurreneko lehia Bizkaiko Txapelketan izan zen. Uztailaren 13an jokatu zuten, Lekeition, eta oso itsaso txarra zegoen. Kaiku moldatu zen hobeto. 12 segundo kendu zizkion Urdaibairi. Txapelketa bereganatu zuen, eta Urdaibai bigarren izan zen. Egun hartan, estropadaren aurreko pronostikoetan, aldea txikiagoa izango zela esaten zen, irabazten zuenak irabazten zuela.

Beste horrenbeste espero zen Euskadiko Txapelketan ere, baina egun hartan, Urdaibaik txikitu zuen Kaiku. Bigarren luzean egin zion ospa, parean zirenean. Epaileek Kaiku bere kalera bidali bezain pronto, alde egin zion Urdaibaik, eta Kaiku atera egin zen estropadatik, epailearekin eztabaida izan eta gero. Igandean ez zen epailerik tartean. Itsasoa ere ez zegoen haserre. Baina egundoko aldea egon zen bien artean. Ia minutu erdia ateratzea batak besteari ezohiko kontua da. Denboraldi honetan izan diren aldeak ikusita, bai behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.